OIHANE LARRETXEA
BILBO

Mariasun Landaren obran pausatuko dira Bilbo Zaharra Forumeko jardunaldiak

Mariasun Landa egilearen obran pausatuko dira Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta, Ibon Egaña eta Marijose Olaziregi. Bilbo Zaharra euskaltegiaren eskutik, eta urteroko irakurketa jarraituaren egunaren atarian, jardunaldiak antolatu ditu hilaren 11, 12 eta 16an nork beretik haur eta gazte literaturari hainbeste eman dion idazleaz aritzeko.

Mariasun Landa idazlearen obran barneratuko dira jardunaldiak eta irakurketa jarraitua (Andoni CANELLADA I FOKU).
Mariasun Landa idazlearen obran barneratuko dira jardunaldiak eta irakurketa jarraitua (Andoni CANELLADA I FOKU).

Bilbo Zaharra euskaltegia beroketa lanetan dabil. Urtero antolatzen du Arriaga Antzokian klasikoen irakurketa jarraitua eta aurten, Mariasun Landa (Errenteria, 1949) idazlearen obra oparoari erreparatuko dio. Ohiko hitzordua ekainean bada ere, aurten, halabeharreaz, agendan hilabete batzuk atzeratu behar izan da eta datorren asteartean, azaroaren 17an, izango da.

Aurretik, baina, haur eta gazte literaturari hainbeste eman dion egileari hurbilketa bat egingo zaio, Bilbo Zaharra euskaltegiko Forum-ak antolatu dituen jardunaldietan. Hiru hitzordu izango dira, azaroaren 11n, 12an, eta azkena 16an, irakurketa bezperan alegia. «Jardunaldiek girotzeko balio dute eta, bide batez, egilearen eta haren obran sakontzeko, begiradak partekatzeko», adierazi dio antolakuntzatik NAIZi Pedro Alberdik.

Lehen egunean Juan Kruz Igerabidek eta Patxi Zubizarretak idazleek hartuko dute parte. Formatu irekia da, eta nor bere begietatik, bere esperientziatik mintzatuko da Mariasun Landaz. «Batak zein besteak haur eta gazte literaturan pila bat idatzi dute, eta sari guztiak irabazita dituzte. Guk libre uzten diegu mintzatzeko garaian, har dezatela nahi duten bidetik Mariasun Landaren obra. Eta esperientziagatik diot, alboan esertzen direnek inoiz ez dute bat egiten, bakoitzak bere begiradatik ikusten duelako bestearen obra», uste du Alberdik.

Bigarren egunean, hilaren 12an, Ibon Egaña eta Marijose Olaziregik hartuko dute parte. Bestelako ikuspuntua izango da «biak akademiatik datozelako. Haur eta gazte literaturaren gainean teorizatu dute, eta haien ikuspuntua hortik joango da». Jardunaldiak azaroaren 16an itxiko ditu Mariasun Landak berak, ‘Txikitasunaren handitasuna literaturan’ izenburupean. «Hau ere beste ikuspuntu bat izango da, egileak berak bere obrari buruz esateko duena ezberdina delako, dudarik gabe». Saio guztiak 19.00etan hasiko dira, Euskaltzaindiako egoitzan ohi bezala, eta edukiera mugatua izango da.

Aitortza

Irakurketa jarraitua antolatzeko garaian, zein egilea hautatu izaten da erronka, Alberdik kontatu duenez. Batzuetan, urteurrenak tarteko, emanda etortzen da, ‘Obabakoak’ edo ‘Harri eta herri’ kasu, aipatzen ditu. «Urteurrenak direnean horrek justifikatzen du nolabait, baina halakorik gertatzen ez denean irizpideak ezartzen ditugu, aukeraketa egiteko. Aurten haur eta gazte literaturaren arloan begiratzea erabaki genuen, eta dudarik ez du inork egiten: Mariasun Landak hor badu espazioa irabazita. Arlo horrek euskal kulturan eta euskal literaturan izan duen eta duen pisua aitortu nahi genion Landari. Zein umek ez du irakurri bere lanik? Hori aitortu behar zitzaion», uste du Alberdik.