Imanol Carrillo

Lider bezala amaituko du Bera Berak Ligako lehen itzulia Valladolidi irabazi ostean (35-25)

Super Amara Bera Berak garaipen erraza lortu du lehen itzuliko azken partidan. Aurkariek denbora gehiago geldirik zeramatela aprobetxatu dute donostiarrek norgehiagokari erritmo handia sartzeko eta lehen zatian erabakita uzteko.

Nekane Teresek oso minutu onak jokatu ditu bigarren zatian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Nekane Teresek oso minutu onak jokatu ditu bigarren zatian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Zazpi partida eta 13 puntu. Datu bikain horiekin amaituko du Super Amara Bera Berak Ligako lehen itzulia. Hau da, lider bezala ekingo dio bigarren itzuliari Donostiako taldeak Gasca kiroldegi huts batean Aula Alimentos de Valladolid taldeari 35-25 irabazi ostean.

Valladolideko jokalariak denbora gehiago geldirik zeramatela ikusita, lehenengo minutuetatik utzi nahi izan du erabakita partida Bera Berak. Amen batean 5-1 jarri dira aurretik donostiarrak, kontraerasoan, Cardosoren penaltiez edota Renata Arruda atezainaren geldialdi erakustaldiari esker.

Imanol Alvarezen jokalariek beste martxa bat ipintzen zuten bakoitzean, Valladolidek sufritzen zuen. Gainera, etxekoei berdin zaie zein emaitza duten markagailuan, baina beti edo gehienetan jokatzen dute berdin, eta askotan harri eta zur uzten dituzte aurkariak. Adibidez, Manuela Pizzoren kanporatzearekin batera -Bera Bera jokalari bat gutxiagorekin gelditu da bi minutuz–, entrenatzaileak Arruda pistatik atera eta pistako sei jokalarirekin jokatu du.

Horrek Valladoliden gola ekarri du (6-2), kanpoko atezainak bere atetik sartutako gol bati esker. Baina horrek ez du donostiarren jokoa gelditu.

Arruda bikain aritu da baita ere lehehengo zatian –merituzko bederatzi geldialdi egin ditu brasildarrak–, baina kanpoko taldeak partida orekatzea lortu du Gonzalez de Garibayren bi goli esker (6-4). Ez da nahikoa izan, hortik aurrera etxekoek bere erritmoa finkatu baitute.

Sara Gilek askotan egiten duen beste jokaldi bat egin du tartean: hegaletik alde egin, barrura sartu, taldekide bati laguntza eskatu eta gola sartu du. Hortik aurrera oso ondo maneiatu dute markagailua atsedenaldira 18-11 aurretik iristeko.

Bigarren zatian indartsuago atera da Bera Bera. Egia da kanpokoen zenbait esklusio aprobetxatu dutela, baina 24-13 jarri dira ziztu bizian.

Nekane Teres atea ikusten hasi da eta Fernandesek oso minutu onak egin ditu -asistentziak egiten eta golak sartzen–, baina kanpokoek gauzak zertxobait orekatzea lortu dute (26-17, 26-18 edo 29-21).

Azkenean, hamar goleko aldearekin irabazi dute donostiarrek (35-25).