NAIZ

AEB-etako ezkerra lasai Trumpen porrotarekin, asegaitz Bidenekin

Donald Trumpen porrotak lasaitu eta erabat poztu egin ditu demokraten artean sektore ezkertiarrak, baina Joe Bidenen garaipenak ez ditu inolaz ere asetu. Presidente berriak statu quo-a ordezkatuko duenaren beldur dira eta sakoneko aldaketen alde lan egingo dute.

Ilhan Omar ordezkariaren hitzaldia entzuten Alexandria Ocasio Cortez. (Brendan SMIALOWSKI/ AFP)
Ilhan Omar ordezkariaren hitzaldia entzuten Alexandria Ocasio Cortez. (Brendan SMIALOWSKI/ AFP)

«Inpernuko amildegira ziztu batean erortzea ekidin dugu, baina kontua da hortik zeozer irabaziko dugun», laburbildu du Joe Biden demokrataren garaipena Alexandria Ocasio Cortez (AOC) Kongresuko eledun eta AEBetako sektore ezkertiarraren bozeramale ezagunak ‘New York Times’ egunkarian

Ocasio Cortezek eta oro har demokraten artean korronte ezkertiarrak Bernie Sanders Vermonteko senataria babestu zuen primarioetan. Barne hauteskundeak bigarren aldiz galdu eta gero, senatari sozialista, 2016an ez bezala, Bidenen eta Kamala Harrisen alde irmo agertu zen.

Baina kanpaina amaitu da, Donald Trumpek Etxe Zuritik aldegingo du –teorian behintzat– eta primarioetan agerian zeuden desadostasunak piztu dira.

Jende ororentzat osasun aseguru eta eskubidea, doako hezkuntza izateko aukera, lehen hezkuntzatik unibertsitatera; larrialdi klimatikoari eta berdintasun ezari aurre egingo dien New Deal Berdea…, ezkerraren aldarrikapenek hor jarraitzen dute, inoiz baino biziago.  

«Bidenek, azkenean, statu quo-aren jarraipena ordezkatzen du», dio Chi Anunwak, Sozialista Demokraten alderdiko New Yorkeko bozeramaleak.

«Noski, Trump garaitua izanak lasaitu egin gaitu, baina konturatu behar gara bera Amerika hondoratzen ari diren arazo sistemikoen sintoma dela, muturrekoa eta aspaldikoa», gaineratzen du.

«Obsoleszentzia»

Alderdi Demokrataren «baroien» eta errepublikano moderatuen artean asko izan dira hauteskundeetan Bideni ezkerrak mesede baino kalte gehiago egin diola salatu dutenak.

Ordezkarien Ganberan eleduna den James Clyburn-ek  argi du Poliziaren aurrekontuak gutxitzeko Black Lives Matter mugimenduaren aldarrikapena ezkerrak bere egin izanak demokratek Kongresuan izan duten emaitza kaskarretan eragina izan duela.

Anunwak, ordea, AOC berak hauteskundeak aise irabazi dituela gogora ekarri du. Eta ez da bakarra izan: Cori Bush Missourin, Ilhan Omar Minnesotan, Rashida Tlaib Michiganen… «hauteslegoak eskertzen ditu ideia erradikalagoak».

Ocasio-Cortez bera bat dator. Bideni eta Harrisi irabazi izanagatik zorion laburra bidali ondoren, hauteskundeetako garaipen batzuen atzean oinarrizko mugimendu progresistak daudela aldarrikatu zuen.

AOCren ustez, etorkinen aldeko mugimenduek Arizonan, beltzen aldeko oinarrizko taldeak Georgian eta Michiganen, eta arestian aipatutako Rashida Tlaiben (Michigan) eta Ilhan Omarren (Minnesota) kanpainek eraman dute Biden zalantzan zeuden estatuetan irabaztera eta presidentzia lortzera.

Are gehiago, Ordezkarien Ganberarako hauteskundeetan demokraten alde izan diren aldaketa guztiak osasun publiko eta unibertsalaren alde dauden hautagaiei esker izan direla gogora ekarri du Bronx eta Queens auzoetatik aukeratu duten kongresistak.

Bernie Sandersek berak keinu interesgarriak ikusi ditu hauteskundeen haritik deitu diren hainbat erreferendumen emaitzatan. Floridan, esaterako, orduko 15 dolarreko soldata minimoaren alde bozkatu dute, ezkerraren programako proposamenaren alde. Gainera, cannabisaren kontsumoa legeztatzearen alde azaldu dira hainbat estatu erepublikarretan, Coloradon aitatasun baimena luzatu dute eta Arizonan hezkuntza publikoa finantzatu ahal izateko errenta altuenei aitorpen-zerga igotzea erabaki dute.

Ikusten denez, ez dira proposamen komunistak, gizalegezkoak baizik. Ocasio Cortezek azaldu duen moduan. «Gure alderdikideek jakin behar dute ez garela etsaiak, (…) gure aldarrikapena ez dela erasokorra».

Aitzitik, estatubatuarrak estutzen dituzten arazoak alde batera uzten dituztenean, demokrata moderatuak «obsoleszentzian erortzeko arriskura garamatzate».

Frustrazioak landu

Ezkerraren estrategiari buruz hausnartzean, filosofiako irakaslea den Ben Burgisen ustez gezurra da haien ideiek hauteslegoa beldurtzen dutenik. Trumpen jarraitzaile sutsuenek ere ez dituzte, bere aburuz, eskuinaren iritzi «koherenteak» eta «elite demokrata dirudunaren aurkakoak dira».

Horrela, bada, «demokratek boz gehiago irabaziko lituzkete gutxienezko behar materialetan arreta egingo balute».

Anunwak onartzen du Trumpen jarraitzaile guztiek ez lioketela ezkerrari jarraituko, batzuk arrazakeriak bultzatzen dituelako. Baina argi du demokratek saiatu egin behar dutela lo dagoen hauteslegoa esnarazten, eta ez soilik «hirietako hauteslego moderatuari» begira egoten.

Florida da adibidea. Trumpen alde bozkatu du eta bide batez 15 dolarreko soldata onartu du, Bidenek bere kanpainan guztiz albo batera utzi duen gaia.

«Ezkerraren lana egungo statu quo ekonomikoaren eta politikoak sortzen dituen frustrazioak bideratzea da. Nora? Gizarte justuago bat aurrikusten duen ikuspegi positibo batera», azaltzen du.

New Yorkeko sozialisten ordezkariak onartzen du ezkerrak zail izango duela Senatuak errepublikarren esku jarraitzen badu. «Dena den, aukerak daude, baldin eta gai bagara jendea mugiarazten Bidenen Gobernuari presio egiteko. Berak irabazi izanak ez du inolaz ere esan nahi lasai geratu gaitekeenik. Lan asko dago egiteko» amaitu du Anunwak.