NAIZ

Europak oniritzia eman dio euskal bultzadaz Eskozian garatzen den energia proiektuari

Olatuen energia oinarri duen egitasmoa ari dira bultzatzen Lakuako Gobernua eta Eskoziako agintariak, batera. Europako Batzordearen oniritzia lortu du, ostiral honetan jakin denez.

Itsas energia sustatzen du elkarlan honek. (Irekia)
Itsas energia sustatzen du elkarlan honek. (Irekia)

EAEk eta Eskoziak garatuko duten EuropeWave proiektuak Europako Batzordearen oniritzia jaso du, datorren urtean, olatuen energia hartzaileen ikerketa eta garapena gidatzeko ekimena martxan jartzeko. 22,7 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta hiru gailu hautatzeko aukera emango dute, ondoren itsasoan probatuko direnak.

Lakuako iturriek adierazi dutenez, itsas energia berriztagarriek «jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa» izango dute olatuetatik abiatuta energia elektrikoa sortzeko gai izango diren teknologien garapenean.

Horretarako, EAEk eta Eskoziak, Europan itsas energien entseguetarako eremu garrantzitsuenak dauzkaten eskualdeak izaki, asmo handiko deialdia egingo dute merkaturatu aurreko erosketa publikoa egiteko, hainbat teknologia ebaluatzea ahalbidetuko duena.

Hiru kanporaketa faseetan barrena, proiektuaren ondorioz olatuen energiaren hiru teknologia hartzaile probatuko dira, bat Eskoziako EMEC entsegu eremuan, eta bi Euskal Herrian, BiMEPek Armintzako kostaren aurrean dauzkan instalazioetan.

EAEk eta Eskoziak garatuko dute proiektua, ebaluazioaren eta erosketa teknologikoaren ardura hartuko duten Energiaren Euskal Erakundearen eta Wave Energy Scotland-en (WES) bitartez. OEE energia ozeanikoen Europako elkartea izango da hirugarren bazkidea, zabalkundearekin lotutako lanen ardura hartuta.

Aurreikuspenen arabera, proiektuak 22,7 milioi euroko aurrekontua izango du; Europako Batzordeak %50 jarriko du, eta Energiaren Euskal Erakundeak (7,5 milioi) eta WESek (3,7 milioi) gainerako % 0a.