NAIZ

.EUS domeinuaren erabilera %18 hazi da aurten eta 12.000 domeinu-izenetara hurbildu da

Euskarazko .EUS domeinua %18 hazi da 2020an, eta PuntuEUS Fundazioak covid-19aren pandemiaren eraginez izan den digitalizazioari egozten dio bilakaera hori. Uneko proiekzioaren arabera, .EUS domeinuak 12.000 domeinu-izenetatik gertu amaituko luke urtea.

Euskarazko .EUS domeinuaren erabilera %18 igo da; aurreikuspenak gainditu eta iaz baino 8 puntu gehiago hazi da, PuntuEUS Fundazioak jakinarazi duenez. Uneko proiekzioaren arabera, 12.000 domeinu-izenetatik gertu amaituko luke urtea .EUS domeinuak.

«Covid-19ak eragindako osasun krisiaren eraginez enpresa txiki eta ertainek haien digitalizazio prozesua azkartu dute aurten. Testuinguru berrian, presentzia digitalik ez zuten merkatari, profesional eta abarren sarera jauzi egiteko beharra nabarmen areagotu da», azaldu du Fundazioak.

Bizi dugun garaiko lekukotza gisa, azken hilabeteetako digitalizazio prozesu erraldoia irudikatzen duen umorezko spota sortu du PuntuEUSek. Spotaren protagonistak Mari Domingi milleniala (Amaia Irazabal) eta teknologiaz ulertzen ez duen Bizarzuri (Iñaki Beraetxe) dira.

Spotak .EUS domeinuaren balioak –segurtasuna eta arreta– nabarmentzen ditu eta abenduko eskaintzari egiten dio erreferentzia: domeinu-izena 2 urterako 15 euroren truke. Abenduaren 31 arte baldintza berezietan erregistratu daiteke domeinu-izena.

 

Segurtasuna indargune

.EUSen apustua ahalik eta zerbitzurik onena ematea da. Hori horrela, domeinuen zibersegurtasunean egiten den lanean sakontzeko Cybasque zibersegurtasuneko euskal enpresen elkarteko kide egin berri da PuntuEUS Fundazioa. PuntuEUSek bezala, Cybasquek bere egiten du zibersegurtasunaren garapena lurraldeko esparru pribatu guztietan bultzatzeko erronka, beste sektore batzuekiko lankidetza sustatuta eta produktu/zerbitzu, teknologia edo merkatu berrien garapena bultzatuta.

Zentzu honetan eta pandemiaren aurrean komunitatea zaitzeko ahalegin berezia egin du PuntuEUS Fundazioak. Itxialdi betean haien negozioeen ateak itxi behar izan zituzten ostalari, merkatari, artistei... digitalizazioa errazteko «Zabaldu ate berri bat» laguntza-programa abiatu zuen PuntuEUS Fundazioak pandemia hasieran.

Horrela, jarduerak edo proiektuak digitalizatzeko beharrezko baliabideak eskaini dizkie kosturik gabe webgunerik ez zuten eta eskaria gauzatu zuten ehundik gora negozio eta profesionalei.