Jon Garaño, Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga

Etxean eta munduan

‘La trinchera infinita’-ko zuzendariak, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi. (Jon URBE / FOKU)
‘La trinchera infinita’-ko zuzendariak, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi. (Jon URBE / FOKU)

2020. urtean ez gara minutu bakar batean ere kamera atzean egon. Ez dugu ezer filmatu. Pasatu berri den urte ilun honetan, nagusiki bi izan dira gure lan nagusiak: “La trinchera infinita” filmaren promozioa eta proiektu berrien garapena.

2019ko Donostiako Zinemaldian, irailean, estreinatu zen Andaluzian girotutako “sator”-aren inguruko filma eta estreinaldi komertziala, berriz, hilabete beranduago izan zen, urriaren 31n, hain justu. Baina 2020. urtean, zorionez, sasoiko jarraitu du filmak eta zine-emanaldi eta jaialdietan aurkezten, ikusleekin hartu-emanak izaten, sari banaketa ekitaldietara joaten eta komunikabideetan elkarrizketak ematen nahiko lan izan dugu. Pelikula Oscarretarako lehian sartu denez, 2021ean ere antzeko lanak egin behar izango ditugu, otsaila arte bederen (otsailaren 9an erabakiko da zein hamar ekoizpenek ematen duten izendapena lortzeko hurrengo pausoa).

Dena den, gure buruan behintzat, “La trinchera infinita” iragana da. Etorkizunari begira, film luze eta telesail proiektu berriak garatzen aritu gara azkenaldi honetan; genero eta mota desberdinetakoak, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo filmatu beharrekoak, euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan. Hots, forma, izaera eta izate desberdinekoak.

Horien artean egingo dugun hurrena zein izango den ez dakigun arren, egia da gaur egun plataformek orain dela urte batzuk pentsaezinak ziren aukerak ematen dituztela genero, formatu eta produkzio hizkuntzei dagokienez. Inoiz baino ikus-entzunezko gehiago kontsumitzen denez, inoiz baino gehiago ekoizten da. Eta egoera horretan formatu ez estandar eta hizkuntza ez hegemonikoetan produzitutako pelikula eta serieak indarra hartzen joan dira. Horren adibide dira islandieraz eginiko filmak, telesail daniarrak edo zuri-beltzean ekoiztutako “Mank” edo “Roma” moduko superprodukzioak.

Testuinguru berri honi etekina ateratzen asmatu behar dugu euskal zinemagileok. Euskal Herrian Basque Films-ek ekoiztu eta Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendu duen “El hoyo” filmak argi erakutsi duen moduan, ondo kontaturiko istorio unibertsalak mundu mailako arrakasta izatera irits daitezkeelako, tekla egokiak jotzen asmatuz gero. Hemen egina eta mundu osoan ikusia izatera irits daitekeena.