Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Zulo eta lubakietan filmatu da batailarik gogorrena

Batzuentzat, zerua; beste batzuentzat, infernua. Urrezko garaia «streaming» plataformentzat; krisi gorria zinema aretoentzat. Muturreko egoeretan ohikoak diren kontraesanak. Euskal ikus-entzunezkoa hor ari da, pandemiaren harian, orekaren bila, dantzan.

Itziar Ituño.
Itziar Ituño.

Zuen baimenarekin, ezin izan diogu tentaldiari eutsi eta 2020an nabarmendu diren bi lanen izenburuak erabili ditugu euskal ikus-entzunezkoaren sektorearen inguruko erradiografia azkar honen titulua osatzeko. Gure hitz-jokoa tranpatia suerta daitekeela? Ados, baina aitortuko diguzue pandemia garai nahasiok definitzeko orduan primeran datozkigula “The Platform/El hoyo” eta “La trinchera infinita” filmen izenburuak.

Lehenengoarekin, Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarrak euskal zinemak inoiz zeharkatu ez dituen mugak gainditu ditu, film itogarri, iragarle eta zirraragarri horren bidez Netflix plataformaren ibilbidean egondako hamar titulu ikusienen rankingean sartu baita. Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren Gerra Zibileko “satorren” erretratu bikaina, berriz, apirilean jakitera emango diren Oscar sarietarako bidean dago, Estatu espainiarreko ordezkaria izango baita Hollywoodeko sariketan Nazioarteko Film Onenaren atalean.

Ez diguzue ukatuko egoeraren ironia: sektorea berebiziko krisiaren aurka borrokan dabilen unean, euskal ikus-entzunezkoen sektoreak azken urteetan hasitako onespenaren ibilbideari jarraipena eman dio. Are gehiago, nazioarteko ospea ere lortu dute zenbait lanek, eta nolakoa. “The Platform” horren adibide, eta ez dezagun ahaztu... Itziar Ituño. Zeren, ohartu al gara zer neurriko izarra den Basauriko aktorea?

Euskal sena, Netflix plataforman

Madrilgo Kultura ministerioak jakitera eman berri dituen datuek ez dute inor ezustean harrapatu. Hilabeteetako itxialdiaren eta edukiera murrizketen eraginez, 2020. urtea negargarria izan da Estatuko zinemarentzat: 42 milioi euro batu dira leihatiletan, iazko erdia (94,1 milio euro 2019an). Gauzak argitze aldera, azken datua: 2014an, 125,7 milioirekin, Estatuan sekula izandako leihatilako errekor handiena lortu zen, “Ocho apellidos vascos” filmaren eraginak bultzaturik. Borja Cobeagaren komediak, berak bakarrik, 56 milioi euro batu zituen zinema aretoetan urte hartan.

Txanponaren beste aldean, Interneteko ordainpeko plataformak. Ikus-entzunezko sektorea ziztu bizian ari da aldatzen. Esaterako, aurreko urteetan filmatzen ziren 38 bat telesailetatik, urte gutxian, 60 inguru sortzera iritsi ziren itxialdiaren aurretik Estatu espainolean. Horietatik asko euskal zuzendari, ekoizle, aktore eta teknikoen partaidetzarekin. Izan ere, streaming-aren urrezko garaian bete-betean sartuta gauden honetan, plataformek inoiz baino erabiltzaile gehiago dituzte –Netflix, Amazon Prime Video, HBO, Disney+, Filmin... zerrenda luzea da–. Hori bai, sekula baino datu ekonomiko gutxiago ditugu eskuragarri erabiltzaileok eta komunikabideek. Opakutasuna izan baita, betidanik, mota honetako enpresen ezaugarria. Hori bai, jakin badakigu Netflix dela ikus-entzunezkoen online edukien merkatuaren buru mundu mailan. 167 miloi harpidedun omen ditu. Horregatik, harrigarria da plataformak bere historian gehien ikusi diren hamar tituluen zerrenda eman eta estatubatuarra ez den bakarra Bilbon eginda dagoela jakitea. 2019an aretoetan estreinatu zenean ez zuen arrakasta handirik izan Galder Gaztelu-Urrutiaren lanak. Goya saria lortu zuen, hori bai, eta Netflixek bere baitan hartu zuenean, errekor guztiak hautsi zituen. Pentsa, Netflixeko bederatzigarren film ikusiena bihurtu zen (56,2 milioi lagun lehen lau asteetan). Carlos Juarez ekoizlearen arabera, gainera, “The Platform”-en jarraipena lotzen ari dira uneotan Netflixekin.

2021ean datozenak

Plataforma berean estreinatuko da 2021ean “La casa de papel”-en bosgarren eta, antza, azken denboraldia. Errekorrak hautsi ditu honek ere, ingelesez ez den plataformako telesail ikusiena baita. Eta bertan gorpuztu duen Lisboa pertsonaiagatik, izar planetario bihurtu da Itziar Ituño. Munduko txoko guztietako jarraitzaileak ditu basauriarrak, eta, horren adibide, 2020an ETB-1ean estreinatu zuen “Alardea” lana: euskaraz soilik eman arren, sekulako oihartzuna izan zuen sare sozialetan. 5 milioi jarraitzaile ditu Instagram sare sozialean soilik Ituñok, hori ere kontuan hartu behar da. Indiako “Republic World” web orrialdeak, esaterako, 2020ko hamar emakume aktore onenen zerrendan sartu du, Gillian Anderson, Olivia Colman, Cate Blanchett eta Viola Davis bezalako izarrekin batera.

Datorren otsailaren 19an iritsiko da zinema aretoetara bere azken lana: “Ilargi guztiak”, konfinamenduaren aurretik grabatzen hasi zen fabula fantastikoa. Igor Legarreta arrasatearraren bigarren lana Gipuzkoan, Bizkaian eta batez ere Nafarroan filmatu da. Eta euskaraz, “Hil kanpaiak” (Imanol Rayo) thriller bikaina bezala. Joan den udazkenean, estreinaldiak aretoetara kostata iristen zirenean, sarrera salmenten datu ezin hobeagoak lortu zituen film horrek. Protagonisten artean dago Eneko Sagardoy. Bere ibilbidea gero eta arrakastatsuagoa da, zalantzarik gabe. Agian gaur egungo euskal aktore gazteen artean proiekzio gehien duena da. HBO plataformako “Patria” telesailean egindako lan onagatik, hainbat sari eskuratzeko hautagaia da durangarra.

Ander Sagardoy anaiarekin sortu duen Sumendi Filmak ekoiztetxearekin, beste lan batzuetan sartuta ere ikusi dugu durangarra. Maider Oleagaren “Kinka” film laburra ekoitzi baitute “Itxitik” proiektuaren barnean, Lakuako Gobernuak bideratutako 236.000 euroko laguntzaren bidez gauzatu dena. Asmoa, konfinamendua islatzea eta, era berean, sektoreari arnas pixka bat eskaintzea. Zazpi egilek egindako beste horrenbeste lan motzekin film luze bat osatuko da. 2021ean, Zinemaldian eta Zinebi jaialdian ikusi ahal izango da.

Aipatu bezala, krisian, sormena martxan jarri du sektoreak. Esaterako, lerroon gainaldean idazten duen zinemagile “hirukoteak”, Irusoinekin eta La Claqueta sevillarrekin (“La trinchera infinita” elkarlanean egin zuten) beste proiektu bat du eskuartean: Txani Rodriguezen “Los últimos románticos” eleberria film bihurtuko dute.