Xole Aramendi
Entrevue
Kepa Errasti
Aktorea eta gidoilaria

«Ikusleari barrea eragin eta era berean zer pentsa eman nahi diot»

Euskal Herrian ez dira aktore asko antzerkian, telebistan zein zinemako karteldegian une honetan ikuskizunak dituztenak. ‘Sisiforen paperak’ eta ‘Fadoak entzuten zituen gizona’ antzerkian, ‘Erlauntza’ zineman eta ‘Barre librea’ telebistan.

Argazkia: Jagoba MANTEROLA | FOKU
Argazkia: Jagoba MANTEROLA | FOKU

Karmelo Beramendi Tolosa, ‘Elea’ egunkariaren zuzendaria, da Kepa Errasti ‘Sisiforen paperak’ antzezlanean. Ez du berehalakoan ahaztuko Gasteizen euskarazko bertsioaren estreinaldian jaso zuten berotasuna. «Batetik, Martxelo [Otamendi] eta bertan ziren eta, bestetik, publikoaren aldetik oso erantzun sutsu edo emozionala jaso genuen; oso berezia izan zen».

Historia hurbila izateak laguntzen du horretan. «Jendeak oso presente dauka eta segituan konektatzen du itxi zuten garai harekin, emozionalki baduelako lotura, istorioak berak hunkigarria egiten duena».

‘Egunkaria auzia’-n libreki inspiratutako lana da, baina harago doa. «Auzia da obrari  aurrera eginarazten diona, baina egunkari baten egunerokotasuna, bertan aurki ditzakezun langile mota desberdinak, euskarazko egunkari batek aurrera egiteko dituen zailtasunak... ikus daitezke; kazetaritzari buruzko antzerki lana da». Kazetaritza ikasketak egin arren, apenas ezagutu du erredakziorik. Izan ere, segituan ekin zion bide artistikoari. «Justu nire ikasketetako azkenengo urtean itxi zuten ‘Egunkaria’; fakultatean harrapatu ninduen bete-betean».

Pertsonaia nola prestatu duen galdetuta, honakoa dio: «Edozein imitaziotik aldendu nahi izan dut. Berarengan oinarritutako pertsonaia da, baina ez da Martxelo Otamendi, Karmelo Beramendi da».

Bidean, izan zuen zalantzarik. «Torturak etengabeak dira antzezlanean. Tortura eta tortura artean, epailearekin aurrez aurre dagoen eszenan –berak badaki berriz jipoituko dutela– oso dialektika intelektuala dute biek eta zalantza sortu zitzaidan zenbateraino landu beldurra eta zenbateraino duintasuna».

Interpretazioa jolas erakargarria egin zitzaion umetan, eta halaxe izaten jarraitzen du Kepa Errastirentzat. «Jolasean ari naizela iruditzen zait, oso ondo pasatzen dut. Egoarekin ere zerikusia izango du, publikoaren aurrean jarri eta gustagarria izatea gustuko duzu [barrez]. Gozamena da».

12 urterekin eskolako ikuskizunean Jose Mari Iparragirreren larruan sartu zenean sentitu zuen hura bizirik zegoela bere barruan. «Ordurako banekien aktore izan nahi nuela. Garai hartako irakaslea ere jabetu zen oso ondo pasatzen nuela egiten eta protagonista papera eman zidan», oroitu du.

TAE eta ‘Goenkale’ izan zituen eskola. Guraso, irakasle eta ikaskideak ez zituen harritu aktore ofizioaren alde egin zuenean. «Familian ez dugu aurrekaririk, baina beti babestu izan naute. Lanbide erraza ez zela jakitun, Kazetaritza ikasi nuen. Eta ez dakit zein den lanbide errazagoa!», bota du.

Bertigoa eta intuizioa

‘Bertigoa’ hitza behin eta berriz agertuko da elkarrizketan zehar. Enpresa sortzerakoan, monologoei ekitean... Ez du ezkutatzen. Baina aurrera egiten dutenetakoa da.

Berdin ‘intuizioa’. Maiz dator hitza Kepa Errastiren ezpainetara. Haren eskutik egin du bidea eta ezin esan momentuz huts egin dionik.

Barre errazekoa da Errasti, eta horixe du helburu, publikoa umoretik kateatzea. Berak gozatzea eta besteei gozaraztea.

Baina hausnarketaren eskutik helduta dator irria. «Ikusleari barre eragitea eta, era berean, hari zer pentsa eman nahi diot», nabarmendu du.

Zuzendari bati zer eskatzen diozu? «Bidelagun izatea eta berak gauzak garbi izatea. Askatasuna ematea, baina era berean eskua luzatzea askatasun horretatik berak joan nahi duen leku jakin horretara iristeko».

Taldelana. «Denok gara instrumentuak istorioa kontatzeko. Hasi idazlearengandik, pasa aktoreongandik eta teknikariarenganaino. Horretaz oso kontziente izan behar du aktoreak. Batek bakarrik ondo funtzionatzeak ez du balio guztiak ondo funtziona dezan».
Aktore ez ezik, idazlea ere bada Errasti. Ego kontuez ari garela, dramaturgo gisa ikasitako lezioa nabarmendu du. «Zuk idatzitakoak moldagarria izan behar du taldekideen aportazioak jasotzeko unean. Horrek aberasten du lana. Eta aktore lanarekin  gauza bera gertatzen da. Zuk jokatu dezakezu protagonista papera, baina paper txikia duen beste aktore baten lana ezinbestekoa da zureak funtzionatu dezan». Katebegiak. Horretaz oso kontziente izan zen bereziki ekoizle lanetan hasi zenean. Xabier Ormazabalekin batera Xake Produkzioak sortu zuen “Mami Lebrun” lana agertoki gainera eramateko. «Halabeharrez sortu zen. Dirulaguntza eskatu nuen antzezlana idazteko. Ondoren, muntaia guk geuk egitearen ideia etorri zen eta enpresa sortu genuen», esan du.

Erraza egin zaio bidea. «Eroso eta babestuta sentitu ginen, eta aurrera egin genuen. Satisfazio handia ematen du, nahiz eta lan handia den. Ze zaila den lan bat aurrera ateratzea, batez ere apustu ekonomikoa egin duzunean! Nik ez daukat dirua egiteko aspirazio handirik. Egia esan, helburu hori daukanak jai du [barrez]. Zure poltsikotik jarritako dirua berreskuratu nahi duzu, horretarako emanaldi kopuru bat behar duzu, bestela dirua galduko duzu. Guk zortea izan dugu orain arte, baina horrek beste ataka batean jartzen zaitu».

‘Lur’ izan zen bigarren lana, ‘Fadoak entzuten zituen gizona’, hirugarrena. «Estilo aldetik saltoa eman nahi izan genuen, baina gure izpiritua mantenduta. Aldaketak beti dakar beldurra, baina guk oso ondo pasatzen dugu egiten eta hori oso inportantea da».
Idatzi, ekoitzi, interpretatu... ofizioaren ikuspegi zabala dauka Errastik.

Ordenagailuaren aurrean jartzeak nagikeria handia ematen dit, baina behin jartzen naizenean apasionatu egiten naiz. Barruan dudan ezinegona kontatzea oso ederra da. Lan egitea ere ahalbidetu dit, gehienetan aktore bezala ere aritu naizelako muntaietan. Aktore bezala lan egitea da benetan gustatzen zaidana, oso gutxitan eman dit pereza».
Betidanik sentitu da aktore, baina beti ez da erraza nork bere buruari aitortzea, besteen aurrean esatea. «Ez dakit zergatik, baina batzuetan erreparo modukoa sentitzen dut aktorea naizela esatean. Zeure burua erreafirmatu egin behar duzu».

Telebista eta zinema

Badira ikusleak Errasti antzokietan ez baizik telebistan ezagutu dutenak. ETB1eko ‘Barre librea’ saioak urtarrilaren 7an ekingo dio denboraldi berriari. Oparia. «Oso eroso sentitu naiz. Landu nahi genuen umore mota bat egiteko aukera izan eta gainera jendeak gustukoa izatea opari eta pribilegio handia da. Aspaldi ikusten ez zen umorea ikusteko aukera eman du, eta publikoak eskertu du, lortu du ikusle gaztearengana iristea».
Monologorik sekula egin gabea zen. «Baina aurrera egin nuen. Hori bai, gai berriak pentsatzea zaila da, hainbeste egin ditugu...». Euskalkien monologoarekin jo zuen goia. Oihartzun handia lortu zuen sare sozialetan. «Asko gustatu izan zait euskalkien gaia. Udan otu zitzaidan Euskal Herrian zehar bidaia prestatzea. Uztailean idatzi eta ezagutzen nituen kontaktuei pasa, haiek grabatu eta ondoren nik entzunez egin nuen. Aste batzuk eman nituen prestatzen. Oso garbi neukan horrela izan behar zuela, egitekotan ondo egin behar nuela; erdibidekoak ez zuen balio», azaldu du.

Zineman ‘Erlauntza’ filma du ikusgai, Mireia Gabilondorekin batera idatzia. Bide arrakastatsua egin du, agertoki gainean hasieran. «‘Donostia 2016’-n dramaturgia laborategia jarri zuten martxan. Aurkeztu eta, espero gabean, aukeratu egin zuten».
Pantaila handian orain. 12.000 pertsona baino gehiagok ikusi dute zinema aretoetan. «Sekulako arrakasta izan du, oso pozik nago. Ikusleak identifikatuta sentitu dira eta horrek egiten du gustagarria».

Inguruan ikusten duenaren ispilu dira paperera eramaten dituen kontuak. «‘Erlauntza’ ere berdin. Egoerak muturrera eramanda daude, baina hor esaten direnak nik entzun izan ditut. Nik inguruan ditudan lagunak emakumezkoak dira; beraz, ez dut ahalegin berezirik egin behar nigandik urrun dagoen zerbait ekartzeko», adierazi du.
Behin eta berriz bide berriak jorratzen, orain arte ireki gabeko langak zabaltzen, ari den kontzientzia ba ote duen galdetu diogu. «Bai, oso kontziente naiz orain arte ez dugula fikzioan horrelakorik ikusi. Oso garbi neukan sei emakumeren despedida kontatu nahi nuela, normalean fikzioan ikusi ez ditugun egoeretan –oso desmadratuta, drogatuta eta edanda, gauzak oso modu zakarrean esaten–. Normalean gizonak ikusten ditugulako gehiago. Orain arte ez da erakutsi eta agian ordua da».

Izurriak lanean harrapatu du. «Nork esango zidan joan den martxoan horrelako urtea izango nuenik. ‘Barre librea’-k  aurrera jarraituko du, ‘Fadoak entzuten zituen gizona’-k ere bai, hil honen bukaeran Donostian eta gero apirilean hilabetez Madrilen egongo gara ‘Sisiforen paperak’ lanarekin...», kontatu du.

Zorteko da. «Oso gutxitan egon naiz denbora luzean lanik gabe», esan du. «Epe luzera zer gertatuko den ez jakitearekin ere bizitzen ikasi behar duzu. 25 urterekin hasi nintzen eta beti ibili naiz horrela. Baina lanbidea hainbeste gustatzen zaizunean horrek ez du hainbesteko garrantzia hartzen».

Ametsik? «Oso eroso eta oso gustura sentitzen naiz aktore lanean. Pribilegioa da zure ogia ateratzea gustatzen zaizun zerbaitetatik. Eta bizitza guztian honetatik bizi ahal izatea, horixe nire ametsa».