NAIZ
BILBO

Guggenheimek %73 bisitari gutxiago izan zuen 2020an pandemiaren ondorioz

2020. urtea zorigaiztokoa izan da guztiontzat, baita museoentzat ere. Europako museo handietako bisitari-kopurua, oro har, %70 inguru jaitsi da, Bilboko Guggenheimen kasu. Artium ere ildo horretatik doa, baina Gasteizko museoak presentzia birtualean indarra hartu du.

Museoa maiatzaren 18an, Museoen Egunean. Ateak itxita zituen arren, «online» eskaintza zegoen. (Aritz LOIOLA/ FOKU)
Museoa maiatzaren 18an, Museoen Egunean. Ateak itxita zituen arren, «online» eskaintza zegoen. (Aritz LOIOLA/ FOKU)

Bilboko Guggenheim Museoak 315.908 bisitari izan ditu 2020an. Aurreko urtean, berriz, 1.170.669 bisitari izan zituen. Horrek esan nahi du jaitsiera %73koa dela. Latza benetan, baina espero zitezkeen datuok, izan ere, osasun-pandemia dela-eta, museoa itxita egon da ia hiru hilabetez eta, ondotik, museora etorri ohi den bisitari kopuruak behera egin du mugikortasunari dagokionean indarrean izan diren neurri murriztaileen ondorioz.

Joera berdina da museo handi guztietan. Adibidez, Bartzelonan, MNACek eta Macbak 210.465 eta 86.000 bisita izan zituzten iaz, aurreko urtean baino %75 gutxiago. Gaur bertan emandako datuen arabera, Madrilgo hiru pinakoteka handiek, Pradok, Reina Sofiak eta Thyssenek, inoiz izan den beherakadarik handiena izan dute: El Prado-k %73 galdu du, Reina Sofiak %71,8 eta Thyssenek %67, 2019ren aldean.

Bisitarien beherakada hiru faktoreren ondorio da: bisitari atzerritarren eza (Estatuko museo handien kasuan, 4 bisitaritik 3 inguru dira kanpotik etorritakoak), martxotik ekainera bitarteko konfinamenduaren itxiera osoa, eta itxialdiaren osteko edukiera-murrizketak.

Guggenheim: bisitari gazteagoak



Hala ere, Bilboko Guggenheimeko arduradunek urteaz irakurketa positiboa egin dute, ohar batean adierazi dutenez, «online eskainitako bideo, tailer, hitzaldi eta bisitaldien bidez garatutako jarduera digitalek jarraipen eta harrera itzela izan dutelako eta, baita ere, egoerak hala egiteko aukera eman duenean, publikoa museora bertaratu delako».

Bisitarien jatorri geografikoari erreparatuz gero, orain arteko joera irauli egin da, hau da, 2020an gehiengoa atzerrikoa beharrean Estatukoa izan da (%61); gainerako bisitariak (%39) besteak beste Estatu frantsesetik (%18), Ingalaterratik (%3), Alemaniatik (%3), Italiatik (%2), Portugaletik (%1) eta Ameriketako Estatu Batuetatik (%1) etorritakoak izan dira.

Euskal Herriko bisitariak %30 izan dira, eta gainerako tokietatik etorritakoen artean Kataluniakoak eta Madrilgoak gailendu dira  (guztirako bisitarien %8 eta %7, hurrenez hurren). Bereziki garrantzitsua da bizkaitarren kopurua, aurreko urtean baino %50 gehiago izan baitira.
Beste modu batera esanda, guztira 69.861 bizkaitarrek bisitatu dituzte erakusketak, 2019an baino 23.191 gehiagok. Aurten nabarmentzekoa da, baita ere, museora bertaratutako publikoa gazteagoa izan dela: gazte, nerabe eta familia asko etorri dira, bereziki Olafur Eliassonen erakusketa ikustera.

Nabarmen areagotu da, era berean, museoaren presentzia digitala. Esaterako, udaberriko itxialdian zehar eta museoa itxita egon zen bitartean, #GuggenheimBilbaoLive ekimen digitalak 2,3 milioi bistaratze izan zituen sare sozialetan, eta erabiltzaileen 90.000 interakzio zeharo positibo ekarri dituzte.

Artium: %30 gutxiago

Artiumi dagokionez, Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak 27.560 bisitarirekin itxi zuen 2020. urtea; hau da, %30 aurreko urteko guztizkoaren aldean.

Jarduera ugarirekin hasi zuen 2020. urtea museoak: urtarrilean eta otsailean hiru erakusketa berri jarri ziren abian, horien artean Museoaren Bildumaren erakusketa berria. Hala ere, aste gutxira, museoak bere jarduera guztiak atzeratu behar izan zituen, erakusketa batzuen irekiera geroratu eta programa batzuk 2021era aldatu zituen. Hala gertatu zen, esaterako, Juncal Ballestini eskainitakoarekin (urtarrilaren 29an inauguratuko da, azkenik) eta Begirada feminista ikastaroarekin (datorren udaberrian egingo da).



Egoera orokor horretan, estatistikek adierazten dutenez, Euskal Herritik etorritako bisitarien ehunekoa handiagoa izan da, %1 handiagoa 2019ko %44koaren aldean; ehuneko horren barruan, halaber, nabarmentzekoa da erabiltzaileen %44 Arabatik bertaratutakoak izan direla.

Beste herrialde batzuetako eta atzerriko pertsonen bisitak %28 (2019an baino 2 puntu gutxiago) eta %11 (2019an baino 15 puntu gutxiago) izan dira, hurrenez hurren. Gehienbat Madriletik eta Estatu frantsesetik etorriak izan dira kanpoko bisitariak. 

Adina eta generoa kontuan hartuz gero, Artiumeko bisitari gehienak emakumeak (%55 emakumezkoak eta %45 gizonezkoak) eta 44 urtetik beherako pertsonak (%59 adin tarte horretakoak, %41 adin horretatik gorakoak) izan dira. Bisitari gehienak 25 eta 65 urte bitarteko helduen segmentukoak dira, guztizkoaren %70, hain zuzen ere.



Interneti dagokionez, Artiumen webguneek 472.733 bisitari izan zituzten 2020an, hau da, 2019an baino %10 gehiago (945.000 web orrialde ikusi dira guztira). Aipatzekoa da, halaber, museoak Youtuben eta Vimeon argitaratutako bideoek 47.916 erreprodukzio baino gehiago izan dituztela 2020an, 2019an baino %50 gehiago.