Estibalitz Ezkerra
Literatur kritikaria

Kontakizunak

‘Stories We Tell’ (Kontatzen ditugun istorioak, 2012) dokumentala filmatzeari ekin zionean, haurra zela minbiziak jota hil zitzaion amaren historian sakondu nahi zuen Sarah Polleyk: haren aktore ibilbidea, senarrarekin (Polleyren aita) zuen harremana, amatasunak harengan izan zuen eragina. Hala azaltzen digu zuzendariak filmaren hasieran. Senideei egindako elkarrizketak benetako etxeko film zatiak izatearen itxura ematen duten Super 8 formatuko hartzeekin tartekatzen dituen dokumentala osatzen joan ahala, ordea, proiektua bere begien aurrean itxuraldatzen antzeman zuen.

Bere jaiotzarekin zerikusia zuen datu baten harira bestelako norabidea hartu zuen Polleyren dokumentalak: jada ez zen amaren historiaren gainekoa, baizik eta familia barruan gordetzen diren sekretuen ingurukoa eta sekretu horiek familiari buruz osatzen dugun irudian duten eraginari buruzkoa. Hots, geure buruari kontatzen dizkiogun istorioak, gauzak diren modukoak zergatik diren azaltzeko. Dokumentalean azaltzen den bezala, istorio horiek sinkronikoki (belaunaldi kideen artean) zein diakronikoki (belaunalditik belaunaldira) transmititzen dira, harik eta gertaera batek (kasu honetan Polleyren jakin-minak) kontakizuna dudan jartzen duen arte eta orduan bestelako kontakizun bati egiten zaio bide.

Neurri batean, memoria kolektiboaren dinamikak deskribatzen ditu Polleyren dokumentalak: zenbait testuingurutan gogoratzen denak taldeak bere buruari kontatzen dizkion istorioekin zerikusi handiagoa du, egiaz gertatu zenarekin baino.