
Atzo astelehena egindako proba medikoen arabera, Iñaki Artolak zuntz haustura du eskuin izterreko bizeps femoralean. Hala adierazi du bere enpresak, Baikok, prentsa ohar baten bidez.
Alegiarra Urrutikoetxea eta Imazen aurkako partidan lesionatu zen iragan igandean. Lehia hamaseina zela, partida guztiko lehen berdinketan, Urrutikoetxeak txokoan utzitako pilota baten bila abiatzerik ere ez zuen izan aurrelari gipuzkoarrak iskiotibialetan mina sentitu ostean.
Aldageletan Iñigo Simon medikuak gunea berotu eta kantxara itzuli zen Iñaki Artola, baina beste tanto bat baino ez zuen jokatzerik izan, mina handia zelako eta lesioa larriagoa egiteko aukera handia zelako.
Gauzak hala, zuntz haustura sendatzeko eta pilotalekuetara lehenbailehen itzultzeko, fisioterapia tratamendua hasiko du aurrelariak.
Ostiralean Zornotzan jokatu beharreko partidarako bere ordezkoa ere iragarri du Baikok: Oinatz Bengoetxea.
Gogoratu behar da Oinatz Bengoetxea –eta Iker Irribarria–, buruz buru txapeldun izandako bi pilotari, txapelketatik kanpo geratu zirela. Leitzarraren kasuan, gainera, oso deigarria izan zen, bere azken txapelketa izan zitekeela kontuan izanda.
Binakakoaren aurkezpenean gaiaz galdetuta, Unai Iglesias, Baikoko ordezkariak esan zuenez, «erabakian kirol ikuspegia hartu dugu bakarrik kontuan. Erabaki zaila izan da, azken unera arte zalantzak izan ditugu, baina arinago edo beranduago gazteei aukera eman behar zaie».

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción
