NAIZ

Baigorriar eta baztandarrak Izpegin mobilizatuko dira mugaren itxiera salatzeko

Izpegiko pasabidearen hestearekin kezkaturik, erabaki horrekiko desadostasuna adierazi eta Euskal Herriko barne mugak idekitzea galdegiteko deialdia egin du larunbaterako Baigorri eta Baztango herritar talde batek.

Iazko maiatzaren hondarrean Izpegiko lepo hetsian hainbat herritarrek egin ekimena. (Bob EDME)
Iazko maiatzaren hondarrean Izpegiko lepo hetsian hainbat herritarrek egin ekimena. (Bob EDME)

«Herri bat gira, mugarik ez. Indar okupatzaileak kanporat!» lelopean elkarretaratzea eginen dute urtarrilaren 23an, larunbatarekin, Izpegiko lepoan. Hitzordua arratsaldeko 15.00etan emana da eta Baigorri zein Baztango herritar multzo batek antolatu du.

Joan zen larunbatean Nafarroa Behereko herrian berrogei bat biztanle elkartu ziren pasabidearen hestearekin eta militar nahiz polizien presentziarekin arranguraturik.

Egun berean bertze hainbat mobilizazio egin zituzten bai Irun eta Hendaia lotzen duen Santiago zubian baita Saran ere. EH Baik eta EH Bilduk deiturik 200 bat lagunek salatu zuten mugen itxieraren bidez «estatuek inposatu nahi duten eredu uniformizatzailea».

Polizia eta militarren presentzia itogarria

Iragan urtarrilaren 14an zortzi pasabide txiki hesteko Pirinio Atlantikoetako Prefekturak hartu zuen  erabakia «berriz ere, herritarrak abisatu gabe, gutariko anitzen bizitza soziala, familiarra eta profesionala egun batetik bestera azkarki inpaktatuz» hartua izan dela deitoratu du Izpegin mobilizatzera dei egin duen aipatu taldeak prentsa agiri baten bidez. Era berean, frantziar eta espainiar Gobernuek euskal herritarren bizia eta egunerokoa ez dutela kontuan hartzen gaineratu dute.

Polizia eta militarren presentziari buruz, aipaturiko taldeak oroitarazi duenez iazko udaberriko konfinamenduan Baigorri aldean jadaneko azkarra izan zen, «militarren aireko entrenamendu eremu bilakaraziz».

Oraingo honetan jendarme gehiago daudela salatu dute, duela hilabete bat herrian bertan 60 bat militar instalatu direla berri emanez.

Egoera horrekin eta Izpegiko pasabidearen hestearekin kezkaturik, erabaki horiekiko desadostasuna adierazi eta mugak idekitzea galdegiteko deialdia egin du Baigorri eta Baztango herritarren taldeak.

Erakundetako ordezkarien kexak

Azken egunetan emendatzen ari dira frantziar Estatuak harturiko erabakien kontrako ahotsak. Joan zen larunbatean eginiko mobilizazioen gehigarriz hainbat auzapezek eta baita Euskal Elkargoko delegatu den Joseba Erremundegik ere mugaz gaindiko langile eta herritarrei aterabideak atzematea galdegin dute.

Finean Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria euroeskualdeko txandakako presidente den Iñigo Urkullu lehendakariak Jean Castex frantses lehen ministrioari eta espainiar presidente den Pedro Sanchezi mugen itxierak inguruko herrietan bizi diren biztanlengan dituen eraginei buruz ohar eginez eskutitza igortzeko asmoa azaldu zuen joan den asteartean