NAIZ

Eguraldia lagun badu, Txikon Manasluko 2. kanpamenturako bidea ekipatzen saiatuko da

Asteazken honetan Manasluko 1. kanpamentura igoko dira bizkaitarra eta bere taldea, gaua bertan igarotzeko. Igotzeko ibilbidea eta baldintza meteorologikoak aztertu ondoren, 2. kanpamenturako bidea ekipatzen saiatuko dira.

Alex Txikon, gauzak prestatzen Manasluko 1. kanpamentura igo aurretik. (Phelipe EIZAGIRRE)
Alex Txikon, gauzak prestatzen Manasluko 1. kanpamentura igo aurretik. (Phelipe EIZAGIRRE)

Alex Txikon eta bere taldea martxan jarri dira berriro. Badirudi eguraldiak arnas pixka bat emango diela eta asteazken honetan Manasluko (8.156 metro) 1. kanpamentura itzuliko dira. Bertan, igotzeko ibilbidea aztertuko dute eta 2. kanpamenturako bidea ekipatzen saiatuko dira. Gaur bertan, Kalden eta Namja sherpek 1. kanpamentura igotzea lortu dute eta bertan egingo dute lo, Alex Txikonek, Simone Morok, Iñaki Alvarezek eta Cheppal Sherpak eurekin bat egin arte.

Azken astean ekaitz batek haizea, hotza eta elurra ekarri dizkiela ikusi dute, eta horrela 2. kanpamentua ahalik eta lasterren hornitzeko helburua zapuztu egin zaie. Hala ere, azken orduetan, parte meteorologikoak aztertu ondoren, euren motibazioa handitu egin da eta mendia nola dagoen probatzea erabaki dute.

Haizea ez dela azken egunetan bezain gogorra eta ez dela elur larregi pilatu aztertu beharko dute. Hala, 1. kanpamentura igoko dira, eta han erabakiko dute zer egin, baina asmoa da 2. kanpamentua lehenbailehen ekipatzea, gailurra ahal bezain laster erasotzeko.

Alex Txikon eta Simone Moro baikorrak dira horri dagokionez. «Eguraldiak ez digu azken egunotan larregi mugitzen utzi. Hala ere, oinarrizko kanpamentuan hainbat lan egiteko aprobetxatu dugu. Klimatologia egiaztatu ondoren, eguraldi oneko leiho txiki bat izan daitekeena ikusi dugu, eta purka-apurka altuera hartzen joan gaitezkeen ala ez ikusi behar dugu. Pixka bat gorago egon arte ezin izango dugu jakin ibilbidea zein egoeratan dagoen, baina eguraldi oneko leiho hau aprobetxatu behar dugu, hemen dena egun batetik bestera aldatzen delako. Garrantzitsua izango da haizea zakarra ez izatea eta elur asko bota ez izana. Ikusiko dugu zelan dagoen dena», adierazi du Alex Txikonek motxila prestatzen ari zela.