NAIZ

Emakumeak eta gazteak izango dira BBK Aretoaren egitarauko protagonista

Musika eta antzerkia dabiltzan emakumeak eta Bizkaiko artista gazteak nabarmenduko ditu BBK Aretoaren 2021eko egitarauak. Aretoak bere lehen ekoizpen propioa ere estreinatuko du, maskulinontasunaz hausnartzen duen ‘Yerma’.

Ana Curra izango da BBK Aretoan izango den artistetako bat. (NAIZ)
Ana Curra izango da BBK Aretoan izango den artistetako bat. (NAIZ)

Emakumeak arte eszenikoetan duen eginkizunaren balioa nabarmendu eta Bizkaiko talentu gazteen garapena aitortu eta hari aukera emateko xedez osatu du BBK Aretoak 2021. urterako egitaraua. Aretotik azaldu dutenez, proposamen «apurtzaileenetako bat» antzerkiaren eskutik iritsiko da: berariaz emakumea ardatz duen programazioa izango da eta emakumeek zuzendutako eta idatzitako ikuskizunek osatuko dute egitaraua.

Aretoak euskararen normalizazioaren aldeko apustua egiten jarraituko duela ere zehaztu dute, «BBKren kultur ikurra euskal kulturarentzako gune handi gisa sendotzeko asmoz, gure sortzaileen ahots guztiei irekia». Horrela, memoria, maskulinotasun berriak, feminismoa edo identitatea dira, besteak beste, antzerki denboraldirako proposatutako gaiak, eta lehen aldiz ekoizpen propio bat eskainiko da: ‘Yerma’. Horren bidez, «ekoizpen lerro propio eta independente bat» ireki du Bilboko aretoak. Goiricelayak zuzenduko du Federico Garcia Lorcaren klasikoan inspiratutako bertsio librea  eta lehen aldiz euskaraz taularatuko du Granadako poeta eta antzerkigilearen lanaren bertsio bat. Ane Pikaza aktore eta ilustratzailea izango da obraren protagonista, eta euskarazko bertsioa Patxo Telleriak egingo du.

Denboraldi berrian ikusi ahalko dira ‘A.K.A’, El Patio Teatro-ren ‘Conservando memoria’, Xake Produkzioak-en ‘Fadoak entzuten zituen gizona’ eta Anita Maravillas txotxongilo taldearen ‘Kottondarrak’ antzezlanak. Dantzaren atalean, bi proposamen izango dira: Doos Kolektiboaren ‘Gorpuztu’ eta Adriana Bilbaoren ‘Eclat’.

Musikan ekimen berriak

Musikak «tarte itzela» izaten jarraituko du BBK Aretoko programazioan. Apirilean ‘BBK On Stage!’ ziklo berria hasiko da, egungo artisten kontzertuekin, publiko berriak erakartzeko asmoz. Euskal Herriko eta nazioarteko artistak izango dira, pop, rock edo folk estilokoak edota kantautoreak, eta oraingoz baieztatutakoen artean daude Gatibu (akustikoan) eta Maika Makovski. Zerrenda horretara beste hiru artista gehituko dira.

‘Music Legends’ zikloak hamargarren urteurrena egingo du aurten eta baieztatuta daudenen artean The Jayhawks eta Wilko Johnson daude; hain zuzen, Johnsonek hasi zuen zikloa 2011ko urtarrilaren 24an.

Emakumeek egindako musikak ere leku propioa izango du egitarauan. Martxoan hasiko da ‘Rabba Rabba Girl!’, emakumea protagonista duen bost kontzertuko zikloa, eta pop rock musika izango da genero gidaria, bere aldaera guztietan. Helburua da, azaldu dutenez, emakumeen protagonismoa duten banden mugimendua ikusaraztea. Zikloan dagoeneko baieztatuta dago Ana Curra pianista eta konpositorearen kontzertua: punkaren «erregina eztabaidaezina»-k Alaska y Los Pegamoides-en lehen taldean parte hartu zuen, Paralisis Permanente eta Los Seres Vacíos taldeetan sartu aurretik.

Ziklo berean, ‘Rabba Rabba Girl Jam Band’ ekimena egingo da. Bizkaiko edo lurraldean ibilbidea garatu duten belaunaldi ezberdinetako emakumezko 20 musikari inguru elkartuko dira BBK Aretoko oholtzan, punk rockaren abesti mitikoak interpretatzeko, bertokoak zein nazioartekoak.

Gainera, musika programazioa formatu akustikoekin osatuko duten euskal artistak aukeratu ditu BBK Aretoak, horien erdia euskarazko lanekin eta emakumeen «presentzia handiarekin». ‘BBK Akustikoak’ zikloan ariko dira, aurreratu dutenez, Mikel Erentxun eta Natalia Lacunza. Bi hitzordu horiei beste lau kontzertu gehituko zaizkie.