Gaizka Izagirre Brosa

Vince Gilligan eta «Breaking Bad» unibertsoa

Azken hamarkadako gidoilariek motibazio eta jokabide ilunez eraikitako pertsonaiak sortzeko erakutsi diguten grina kontuan izanik, Vince Gilliganek nortasun amoralena duen pertsonaia sortu du: Walter White (Brian Cranston), merezimendu osoz, ikono kategoria irabazi duen pertsonaia berdingabea.

«El camino»
«El camino»

Vince Gilligan

George Vincent Gilligan (1967, Richmond, AEB). XXI. mendeko estatubatuar telebistaren izen berezietako bat da. “Breaking Bad” amaitu zenetik telebistaren mundua eta batez ere hau kontsumitzeko era asko aldatu den arren, David Chase (“The Sopranos”) edo Matthew Weiner (“Mad Men”) bezala, Gilligan pantaila txikia irauli duten showrunner talde berri horietako kidea dela esan daiteke, eta medioaren urrezko aro berri bati buruz hitz egiteko aukera eman zigun orain urte batzuk. Beste telesail mitiko baten ekoizle eta gidoilaria ere izan zen, eta sarritan onartzen du funtsezkoa izan zela telesailen munduari buruz behar zuen guztia jakiteko: “X-Files”.

«Breaking Bad»

Walter White izeneko pertsonaia ikaragarri hori “Breaking Bad” telesailaren muinetatik jaio zen, eta berarekin batera pertsonaia ahaztezinez eraikitako istorio berdingabea sortu zuen Gilliganek. Telesail osoan zehar, metamorfosi-koral baten testigu bilakatzen gaituzten aktore zoragarriz osaturiko lan honetan. Garai bat markatu duen telesaila dela nabaria da, urteak igaro arren eta ikus-entzunezkoen ekoizpena esponentzialki hazi bada ere, telebistaren historian arrasto ezabaezina utzi baitu. Erritmo narratiboak, koloreen erabilerak, sinbolismoz beteriko planoek (“Ozymandias” atal ikaragarria adibidez), maisulan mailara igoarazi dute telesaila zalantza izpirik gabe.

Arazo ekonomikoak dituen kimika arloko irakaslea kokatzen da tramaren erdigunean, Walter White. Biriketako minbizia duela esaten diotenean, bere tratamendua ordaintzeko eta bere familiaren etorkizun ekonomikoa ziurtatzeko helburuz, kimikarekiko duen ezagutza zabala erabiliz metanfetamina sortzen eta saltzen hasten da. Bere alboan, Jesse Pinkman (Aaron Paul) izango du. Hortik aurrera sortuko den tsunami geldiezina zeuk deskubritu beharko duzu.

Bost denboraldi irauten ditu eta oso-osorik topa dezakezu Netflix plataforman, baina lasai, Gilliganek sorturiko telesail honen unibertsoa ez baita hor amaitzen.

«Better Call Saul»

Etengabe aipatzen ari naizen telesaila baino sei urte lehenago kokatzen da honen spin off-a, Saul Goodman abokatu xelebrea oinarri duen harribitxia. Telesail originalari erreferentziaz eta loturaz josia, drama eta umore beltzaren nahasketa perfektua osatzea lortu du sortzaileak, betiere gidoi bikain baten babespean. Ekoizpen honen bikaintasun maila ia lotsagabekoa iruditzen zait, bere gidoitik hasi eta metafora bisualetara pasaz, argazki zuzendaritza zaindutik jarraituz, beti pazientzian eta zehaztasunean oinarritutako muntaia ia perfektu horretara iritsi arte. Aipamen berezia jakina, pertsonaiei oro har, eta protagonistari bereziki, Bob Odenkirk-ek Walter Whiteren mailara igoarazi duen pertsonaia eraikitzea lortuko duela uste baitut.

Ez nuke esango derrigorrezkoa denik, baina bai garrantzitsua, lehenago “Breaking Bad” ikusi izana, telesail honen atzealde eta zentzu guztia hobeto ulertzeko, pertsonaiekiko enpatia maila altuagoa izateko eta oro har askoz ere gehiago gozatu ahal izateko. Letra larriz idatzitako maisulana.

«El camino»

«Breaking Bad» telesaila amaitu eta hurrengo egunean kokatzen den filma ekoitzi zuen Netflixek 2019an. Albuquerqueren usaina duen lana. Esentziak hor jarraitzen du filmak irauten dituen 122 minutuetan, badirudi ezer ez dela aldatu. Vince Gilliganek, espero zitekeen bezala, beti bezain ona izaten jarraitzen du, oso plano zainduak eskainiz eta xehetasun txiki bakoitzari arreta jarriz. Argazkia ikusgarria da, kolorezko paleta nahasezin horri eutsiz eta argiztapena modu adierazkorrean erabiliz, beste pertsonaia bat balitz bezala. Protagonista nagusia oraingoan Jesse Pinkman dugu. Osagarri moduan oso ongi funtzionatzen duen filma da pertsonaiaren arku emozionala modu bikainean ixten duelako. Telesaileko pertsonaiarik gizatiarrena izan dela gogorarazten digun filma da, orbain eta zauri horien atzean Jesse dagoela erakusten diguna, heltzen ikusi genuen mutila, mafiaburua zela uste izan genuena, ondoren, hartu zituen erabakiek atsekabetuta erabat suntsituta ikusi genuen arte. Argi dago, bestalde, “Breaking Bad” mundua eusten duten zutabeetatik ahulena eta ez nahitaezkoena dela, baina aurrekoen zalea bazara ikusi beharko zenukeena.

Los Pollos Hermanos

Ekoizpeneko janari lasterreko lokalik mitikoena. Nork ez du oilasko frijitua dastatu nahi Gus Fringek gidatutako katea ikusi ondoren? Zalaparta handia sortu zuen zaleen artean, eta markaren inguruan mota guztietako merchandising produktuak topatu daitezke: kamisetak, katiluak, giltzatakoak, jostailuak...Los Pollos Hermanos hain bihurtu ziren biralak, ezen Austingo (Texas) jatetxe fisiko propioa ireki zuten.

«The Broken and the Bad»

Droga negozioan parte hartzen duten narkotrafikatzaile, iruzurgile eta hiltzaileen psikologia aztertzen du iaz estreinatu zen dokumental sorta honek. Gainera, Vince Gilliganek bi telesailak sortzeko izan zuen eragina ere azaltzen du.

Hori gutxi ez eta, Giancarlo Esposito, bi ekoizpenetan Gus Fring-i bizia eman zion aktorea da atalen narratzailea.

Webguneak

Minbizia, telesaileko gairik garrantzitsuenetako bat da, eta askotan gaixotasunarekin bizitzeko zailtasunaz ere badihardu. Fikzioan, aitari diruz laguntzeko asmoz, Juniorrek “SAVE Walter White” webgunea sortzen du.

Ikuslearen harridurarako, webgunea benetan existitzen da eta minbiziaren aurkako dirua biltzeko erabili zen. [https://labur.eus/Walter]

Oraindik erabilgarri dago, baina klik egitean AMCren orrira bidaltzen gaitu. Denboran zehar luzatuko zen ekimen polita izan zitekeena katearen promozio soil batean geratu da.

Bestalde, Saul Goodman abokatua bere webgunean ere kontrata dezakegu [https://labur.eus/Saulp].