NAIZ

Euskal futbolaren aldeko aldarria Arrasaten

Athleticek eta Realak gertu dute garaikur bat baina Arrasateko eraikin batek ederki gogoratu digu hortik harago ere badaudela euskal taldeak, gorengo mailan gainera, beste helburu garrantzitsuengatik borrokan. 

Arrasateko Erdiko kaleko eraikina. (@guerebai)
Arrasateko Erdiko kaleko eraikina. (@guerebai)

Larunbat honetako Kopako finalean izango dira batzuk Athleticen alde daudenak, beste batzuk Realaren alde egingo duten legez. Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko lehia probintzianismo zikinean ere erortzeko zorian ere egon ohi dira zenbait eztabaida. Bada, Arrasateko Erdiko kalen kokatzen den eraikin bateko balkoiek euskal futbola bere osotasunean babestea nolakoa den erakutsi digute Kopako finalaren atarian; hala, gogorarazi digute Athletic eta Realaz harago ere badaudela euskal taldeak, lehenengo mailan, gainera, guztiak herri egiten gaituen ikurrinaren bueltan. 

Izan ere, Athletic eta Reala Kopako finalarekin pentsatzen dauden bitartean, Osasuna, Eibar eta Alaves lehen mailan jarraitzeko funtsezko dituzten hiru puntuekin pentsatzen egongo dira, talde hauek ere beraien “final” propioak jokatuko baitituzte asteburu honetan eta hurrengo 9 jardunaldietan. 

Euskal futbolaren zaletasuna Athletic eta Realera mugatzearen itsutasunetik salbatu gaitu eraikin honek. Izan ere, aurtengoa kontuan hartuta, soilik bost denboralditan gozatu ahal izan dugu gizonezkoen futboleko gorengo mailan bost euskal taldeetaz eta beste urte batez disfrutatzeko aukera hori ezbaian dago hamar jardunaldiren faltan. 

Eibarrek, esaterako, Real Madrilen aurka neurtuko ditu indarrak larunbat honetan 16.15etatik aurrera. Armaginak jaitsiera postuetan aurkitzen dira, salbaziotik bi puntura. Valdebebasen jokatu beharreko norgehiagoka oso zaila irudikatzen da hiru puntuak lortzeko baina sentsazio onak berreskuratzea funtsezko izango du Mendilibarren taldeak. 

Sentsazioak berreskuratu beharrean eta baita ere jaitsiera postuetan aurkitzen da Alaves -Eibarren puntu kopuru berarekin–. Igandean, Kopako finalaren biharamunean, jokatu beharko dute babazorroek Celtaren aurka. Hiru puntuak hil ala bizikoak dira Abelardoren taldearentzat. 

Egoera hobeagoan baina erlaxatzeko paradarik gabe dago Osasuna. Larunbatean 18.30etan Getafe jasoko du Sadarrek eta hiru puntu gehiagorekin hamar puntura utziko lituzke jaitsiera postuak. 

Historiako hitzordurik garrantzitsuenaren aurrean aurkitzen dira Athletic eta Reala baina Osasuna, Alaves eta Eibarrek aurrean dauzkaten erronkak ere ez dira makalak eta ez dira gutxietsi behar. Arrasateko balkoiek ederki erakutsi digute bidea, euskal futbola bere osotasunean babesteko bidea, alegia.