NAIZ

Bilboko Arte Ederren Museoa handitzearen aurkako elkarretaratzea egin dute

Hamarnaka pertsona inguru bildu dira Bilboko Arte Ederren Museoaren aurrean igande honetan, egungo arkitektura-konfigurazioa errespetatzeko eta Norman Foster arkitekto britainiarrak diseinatutako handitze-proiektua gaitzesteko.

Bilboko Arte Ederretako Museoaren handitzearen aurkako elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Bilboko Arte Ederretako Museoaren handitzearen aurkako elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Bilboko Arte Ederren Museoko Defentsa Zibikoa izeneko mugimenduak deituta, hamarnaka lagun elkarretaratzea egin dute igande honetan museoaren handitzearen aurka. ‘Defenda dezagun Bilboko Museoa, bere osotasuna eta paisaia’ zioen pankarta baten inguruan bildu dira.

Kolektibo horrek bere webgunean adierazi duenez, mugimendu hau gizarte zibilak Museoaren inguruko «balio urbanoak, arkitektonikoak, paisajistikoak eta espazio publikoa» defendatzeko ematen duen erantzuna da, «deformazio arrisku larrian» dagoelako.

Manifestariek berretsi dutenez, proiektuak ez ditu betetzen Euskal Kultura Ondarearen Legea eta Ondare Historikoaren Legea. Gainera handitzeko lehiaketa deitu zenean indarrean zegoen Bilboko Hiri Antolamendurako Plana urratzen duela salatu dute.

Aukeratutako Foster-en proiektuak lehiaketaren oinarriak «argi eta garbi» urratzen dituela uste dute, «babestua den berdegune bat inbaditzean», gertuko Casilda parkeari erreferentzia eginez. Fernando Perez Rodriguez-Urrutia kolektiboko ordezkariak elkarretaratzean adierazi duenez.

«Hemen Foster oker dabil, garaiz eta lekuz kanpo dagoen proiektu batekin», adierazi du Fernando Perez Rodriguez-Urrutia arkitektoa plataformaren izenean.

Hirurehun pertsona inguruk, arkitektoak asko, manifestu bat sinatu dute «espoliazioaren» aurka. «Ondarean kalteak daudenean, espoliazioa da», azaldu du Perezek.

Plataformaren kide den Iñaki Uriarterentzat, «beharrezkoa ez den proiektua da». «Ez du inolako premiarik konpontzen, arazo bat sortzen du, espazio publikoen inbasioa baita, eta ez du ezagutza publikorik izan. «Guggenheimekin lehiatzen den ikono erakargarri eta deigarria sortu nahi dute, beharrik ez dagoenean», adierazi du.

Plataformak proiektua Ingurumen eta Hirigintza Fiskaltzaren aurrean salatu dezakeela esan du.