Asier Aiestaran

Urrezko dominak Kaiarriba eta Santurtzirentzat Espainiako Trainerilla Txapelketan

Donostiarrek lehia estua izan dute Deusturekin emakumezkoen finalean eta aldea lau segundu baino gutxiagokoa izan da gipuzkoarren alde. Santurtziarrek zazpi sartu dizkiote Zierbenari gizonezkoen proban. Bosgarren domina Isuntzak jubeniletan lortu duen brontzea izan da.

Santurtziko trainerilla Castroko uretan bandera jasotzen (ITSASOKO AMA)
Santurtziko trainerilla Castroko uretan bandera jasotzen (ITSASOKO AMA)

Kaiarribak emakumezkoetan eta Santurtzik gizonezkoetan urrezko dominak lortu dituzte gaur Castro Urdialesen jokatu diren Espainiako Trainerilla Txapelketaren finaletan. Donostiarrek zein santurtziarrek aurreko asteburuan Euskadiko Txapelketan erakutsitako nagusitasunari jarraipena eman diote.

Emakumezkoen probarekin hasita, Kaiarribak 15:27.76ko markarekin lortu du garaipena, ziaboga guztietan denborarik onena egin ondoren. Hori bai, Deusturekin, parte hartu duen beste euskal ontziarekin, lehia estua izan dute gipuzkoarrek eta azkenean lau segundo baino gutxiagokoa izan da aldea helmugan. Bizkaitarrek 15:31.26an bete dute ibilbidea. Urrea eta zilarra, beraz, euskaldunentzat, eta brontzezko domina Cabo galiziarrarentzat izan da, 15:37.31ko denborarekin.

Donostiarren trainerilla osatu dutenak June Aranbarri, Ane Pescador, Oihana Cereijo, Irati Larrañaga, Ioana Altuna eta Andrea Oubiña izan dira, Nerea Perez patroi zutela. Deustun arraun egin dutenak Marina Cosci, Jone Oliban, Ana Perez de Nanclares, Jaione Lopez, Ane Hernandez eta Irati Perez de Nanclares izan dira, Haizea Palomino patroi hartuta.

Gizonezkoen senior mailan, berriz, Santurtzi izan da azkarrena 13:33.22ko denborarekin. Hauek ere ziaboga guztietan lortu dute denbora onena, eta amaieran zazpi segundoko aldea atera diote bigarren izan den Zierbenari (10:40.72). Brontzezko domina Caborentzat izan da maila honetan ere, eta Isuntzak bosgarren amaitu du finala (13:58.01).

Santurtziko eskifaia hauxe izan da: David Duran, David Iglesias, Fernando Rua, Ander Zabala, Oscar Andres Medina eta Mikel Azkarate, Gorka Aranberri patroi zutela. Zierbenan arraun egin dutenak Ismael Montes, Iker Pascual, Adrian Gonzalez, Eladio Sanchez, Juan Zunzunegui eta Francisco Montes izan dira, Borja Gomez patroi hartuta. Isuntzakoak ere aipatuko ditugu: Ibai Capanaga, Josu Badiola, Xabier Gutierrez, Osertz Alday, Jurgi Gorostiza eta Jon Lizarraga, Iñaki Goikoetxea “Xagua” beteranoa patroi lanetan zela.

Isuntzari dagokionez, aipatu behar da jubenil mailan brontzezko domina lortu duela, garaipenetik oso hurbil ibili ondoren. Bueu izan da irabazle (14:52.55), Cabo izan da bigarren (14:55.99) eta lekeitiarrak irabazlearengandik lau segundora sartu dira (14:56.41). Taldea hauxe izan da: Ibon Mandiola, Ander Sarriugarte, Igor Zabala, Aritz Murphy, Asel Serrano eta Aimar Zatika, Xabier Saenz patroi zutela.

A finalean sartzerik lortu ez zuten Pasai Donibane eta Santurtzi bigarren eta hirugarren izan dira, hurrenez hurren B finalean.