NAIZ

Zinema aretoetan euskararen presentzia bermatuko duen legearen aldeko ekimena abiatu dute

Hainbat herritarrek ‘Zinemak Euskaraz’ ekimena jarri dute abian, sinadurak bilduz eta Euskal Herri guztiko alderdi eta erakundeak interpelatuz euskararen presentzia legez bermatuko duen zinemaren lege propio bat adostu dezaten.

Zinemetan euskara bermatzeko kanpaina martxan jarri dute. (Zinemak Euskaraz)
Zinemetan euskara bermatzeko kanpaina martxan jarri dute. (Zinemak Euskaraz)

Euskaltzale talde batek 'Zinemak Euskaraz' ekimena jarri du abian, zinema aretoetan euskararen presentzia legez bermatuko duen zinemaren lege propioaren alde, eta horretarako, sinadurak biltzen ari dira Avaaz plataforman.

Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoei zuzenduta dago ekimena, eta eskatzen zaie «errespetarazi dezatela euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea», eta zinema aretoetan ere, euskararen presentzia legez bermatuko duen zinemaren legea adostu dezatela.

Ekimenaren arduradunek jakinarazi dutenez, atxikimendua eman nahi duen edonork  esteka honen bitartez egin dezake. Horretaz gain, ekimeneko kideek jakinarazi dute jada hasiak direla Disney Euskaraz eta Netflix Euskaraz ekimenekin harremanetan ere.

«Gure herrietako zinemetan euskaraz eskaintzen diren filmek ez dute inolaz ere bermatzen euskaldunok zinea gure hizkuntzan ikusteko dugun eskubidea. Izan ere, nahiz eta euskal hiztunok, kulturako beste hainbat esparrutan, euskaratik eta euskaraz aritzeko eta gozatzeko aukera zabala dugun, liburuak, musika, arte eszenikoak, egunkariak, aldizkariak edo komunikabideak direla, zine pantailetan euskarak ez du dagokion lekurik», ziurtatu dute.

Horrela, zinema aretoetan jatorriz euskaraz ekoitzitako filmak eta euskarara bikoiztutako eta azpidatzitako produkzioak nahi dituztela nabarmendu dute, eta horretarako, «zinemetan euskararen presentzia legez bermatuko duen Zinemaren Lege propioa» behar dela, hau da, «euskara, zinemetan ere, gaztelera eta frantsesaren pare egongo dela ziurtatuko duen legea, gure zinemetan emititzen den film bakoitzaren emanaldien erdia euskarazko bertsioan izango dela bermatuko duena (katalanek Kataluniako 10/2020 Zinearen Legea duten eran)».