NAIZ

EAEko eraikin eta lokaletako garbiketa langileak kalean, soldata arrakala ezabatzeko

ELA sindikatuak nabarmendu duenez, «kale garbiketako sektore maskulinizatuarekiko duten soldata arrakala ezabatzea eskatzeko», eraikin eta lokaletako garbiketa azpisektore guztiak kalera atera dira gaur Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Eraikin eta lokalen garbiketa langileak Bilbo, Gasteiz eta Donostian mobilizatu dira. Azken hau, irudian. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Eraikin eta lokalen garbiketa langileak Bilbo, Gasteiz eta Donostian mobilizatu dira. Azken hau, irudian. (Andoni CANELLADA / FOKU)

ELAk eraikin eta lokalen garbiketan deitutako grebak jarraipen «zabala» izan du, «Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoak gorabehera», sindikatuak berak ziurtatu duenez. ELAren arabera, «Azpisektore guztiak kalera atera dira kale garbiketako sektore maskulinizatuarekiko duten soldata arrakala ezabatzea eskatzeko; izan ere, sektore horretan, lan bera egiteagatik jasotzen diren soldatak %33 handiagoak dira, kalean garbitzeagatik kobratzen den plusa kontuan hartu gabe».

Eraikinak eta lokalak garbitzen dituzten emakumeek gutxiago kobratzen dutela eta azpisektore «prekarizatu eta feminizatu» bat hartzen dutela salatu dute, «patriarkatuak ulertu duelako emakumeek etxean egiten dituzten lanen parekoa dela», hau da, «doan».

Era berean, sindikatuak deitoratu egin du kale garbiketa gehienbat azpikontratatutako sektorea izatea, eta gauza bera gertatzen da eraikin eta lokalen garbiketarekin. «Azken kasu horretan, gainera, azpikontratazioa publikoa zein pribatua da», nabarmendu du sindikatuak. Egoera horren aurrean, administrazioaren azpikontraten arteko aldea ezabatzea borondate politikoaren kontua dela iritzi du ELAk. «Kontratazio publikorako politika behar dugu, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorraren helburua erdigunean jarriko duena. Soldata arrakala ezabatzea, posible izateaz gain, erantzukizun politikoa ere bada».

Eremu pribatuari dagokionez, ELAk gogorarazi du berdintasun printzipioa EAEko enpresa pribatuek «formalki» babesten duten printzipioa dela. «Berdintasun materiala lortzea falta da, ordea, eta, horretarako, neurri zehatzak hartu behar dira negoziazio kolektiboaren bidez».

Bestetik, ELAk salatu duenez, Lakuak «emakume askori grebarako eskubidea ukatu die, Osakidetzan, egoitzetan eta Hezkuntzan %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituelako».

Honako hauek egin dute bat grebarekin: Ballonti Merkataritza Zentroa, Primark Portugalete, Petronor, Gueñes, Muskiz, Santurtzi, Ermua, Bermeo, Durango, Gorliz, Eibar, Soraluze, Tolosa eta Lasarteko udalak, Maier, Industria Artetxe, Guggenheim Museoa, Bilboko Justizia Jauregia, Oñatiko kiroldegia, Polmetasa, Orkly, Okin, Once, Salto, System, EITB, Kutxa eta espainiar Poliziaren hainbat komisaldegi.

Bestalde, gutxieneko zerbitzuen ondorioz grebarako eskubiderik ez zuten kolektiboek kontzentrazioak egin dituzte lantokien aurrean atsedenaldian. Bilbo, Donostia eta Gasteizen ere manifestazioak egin dituzte.