NAIZ

Beste 13 bertsolarik lortu dute Nafarroako Txapelketarako txartela

Asteburuan jokatu dira 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketarako hiru aurrekanporaketak eta 13 bertsolari sailkatu dira urrian abiatuko den txapelketarako. Beste 11 bertsolarirekin elkartuko dira han, dagoeneko sailkatuta daudenak.

Xabier Silveira, Iruritako saioko irabazlea, Aitor Almandozekin kantuan, atzo. (Bertsozale elkartea)
Xabier Silveira, Iruritako saioko irabazlea, Aitor Almandozekin kantuan, atzo. (Bertsozale elkartea)

Heldu den urriaren 2an abiatuko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta azaroaren 27an bukatuko da, finalarekin. Aurretik, ordea, aurrekanporaketa fasea jokatu da, txapelketan parte hartuko dutenen zerrenda osatzeko.

Hiru saio izan dira igaro berri den asteburuan, ostiralean Igantzin, larunbatean Garesen, eta atzo, igandearekin, Iruritan. 18 bertsolarik parte hartu dute guztira –2019ko txapelketan parte hartu gabekoak eta azken txapelketa horretako azken lau sailkatuak–, eta horietatik hamahiruk eskuratu dute txapelketan parte hartzeko eskubidea. Haiekin batera, beste hamaika bertsolari ere arituko dira txapelketan, dagoeneko sailkatuta daudenak, 2019koan parte hartu izanagatik.

Hiru aurrekanporaketa saio bakoitzeko irabazleak eta sailkapenaren araberako beste hamar bertsolari izan dira txapelketarako sarbidea eskuratu dutenak.

Endika Legarra, Aitor Irastorza Idoia Granizo, Urko Gartzia, Sahats Aleman, Patxi Castillo, Erika Lagoma, Mikel Lasarte, Xabier Silveira, Ekhiñe Zapiain, Ekain Alegre, Egoitz Gorosterrazu eta Oier Lakuntza bertsolariek lortu dute txapelketara igarotzea.

Etxahun Azkarragak, Ainara Ieregi, Mintxo Astiz, Jabi Lezaun eta Aitor Almandoz bertsolariek, berriz, ez dute txapelketarako txartela lortu.