NAIZ

Zverev-ek markagailua irauli eta Djokovic brontzeagatik borrokatzera behartu du

Novak Djokovicen Golden Slam balentria zapuztu du Zverev alemanak. Olinpiar txapelketako finalerdietan serbiarrari gailendu zaio eta Khachanov errusiarraren aurka jokatuko du finala. Djokovicek, bestalde, Carreño izango du aurkari brontzezko dominagatiko lehian. 

Djokovic, finalerdietan galdu ostean. (Tiziana FABI / AFP)
Djokovic, finalerdietan galdu ostean. (Tiziana FABI / AFP)

Guztien ahotan zegoen Djokovic Tokiora iritsi aurretik. Wimbledon irabazi ostean, Golden Slam balentria lortzeko aukera asko zituela iragarri zen –lau Ireki handiak eta Olinpiar Jokoetako urrea–. Australiako Irekia, Roland Garros eta Wimbledon esku artean izanda, Tokion parte-hartzen zuen tenislari loriatsu bakarrenetarikoa izanda, begi guztiak Djokovic-en neurketetara zuzendu dira txapelketa osoan. 

Ostiral honetan, baina, deskonektatu egin du tenislari serbiarrak. Zverev alemanak markagailua iraultzea lortu du Djokovic-ek lehen seta eroso antzean irabazi ostean (1-6). 

Alemaniarrak hortzak estutu ditu bigarren setean eta nahiz eta Djokovic-ek sake bat apurtu dion, berak bi sake apurtzea lortu du, seta 6-3 irabaziz. Eta hor iritsi da serbiarraren deskonexioa. Ezin izan dio buelta eman egoerari eta hala, ohartzerako, hirugarren seta 4-0ekoarekin alemanaren aldekoa zen. 

Zverev-ek sakea defendatzea besterik ez zeukan neurketa irabazteko, jada set erabakigarria ondo bideratuta baitzeukan. Nolanahi ere, azken sake bat hautsi dio Djokovic-i eta 6-1eko markagailuarekin bukatu da azken jokoa.

Serbiarra lur jota geratu da eta orain, brontzezko dominagatik borrokatu beharko du Carreño espainiarraren aurka. Urrezko domina, Zverev eta Khachanov errusiarraren artean erabakiko da.

Djokovic: «Presioa pribilegioa da»

Final-laurdenak irabazi berritan eta finalerdiak lehiatu aurretik, serbiarrak mezu polemiko bat utzi zuen, Simone Bilesek bakarkako finala jokatzeari uko egin zion egunean bertan. «Osasun mentalean zentratzeko» erretiratu zen Biles eta mezu indartsu bat utzi zuen, osasun mentalari lehentasuna eman behar zitzaiola argi eta garbi adierazi baitzuen. 

Horren ostean, baina, Djokovic-ek zalantzan jarri zuen Bilesen gaitasuna honako mezu honekin: «Presioa pribilegio bat da, presio gabe ez bailitzateke egongo goi-mailako kirolik». 

«Kirolaren gorenean egon nahi baduzu, onena presioa kudeatzen ikastea eta horri aurre egitea da», gehitu zuen. 

Nolanahi ere, presioaz gain, serbiarrari ahaztu egin zitzaion aipatzea Simone Biles eta bere taldekideek urteetan jasan izan dituzten abusu sexualak, federazioko medikuaren aldetik. Salaketa horien ondotik, Larry Nassar medikua kargugabetu zuen AEBko Gimnasiako Federakuntzak.