Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Getxophoto: oinezko ibilbide bat planetaren aktualitatean barna

Mexikon desagertuen bila ari diren senideak, Moirako kanpalekuan bizi direnek mugikorrarekin ateratako irudiak, AEBetako trans komunitate interkulturala... Getxon, bi kilometroan, mila istorio, mila irudi. Getxophotoren 15. edizioan gaude.

Ereaga hondartzan, Leonard Suryjayaren ‘False idol’ ikusgarria. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Ereaga hondartzan, Leonard Suryjayaren ‘False idol’ ikusgarria. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Tai Txi, yoga edo dantzan –ez dugu batere argi zertan ari diren– egiteko elkartu ohi den emakume taldeak erlaxatuta dirudi. Belardi umela zapaltzen ari dira, itsasoaren urdinak enkoadratuta bezala daude eta ez dirudi gibelean dituzten argazkiei erreparatu dietenik. Irudiak abstraktu samarrak dira, aitor dezagun, eta, ondo begiratuta, ez dugu edertasunik aurkituko. Bai, ordea, ikara, basakeria, gizakiok eragindako izugarrikerien salaketa gordina. Satelite bidez behien gizenketa-etxaldeei ateratako erretratuak dira.

Algortako Ereaga hondartzako ibilbidean gaude, dagoeneko Getxophoto jaialdiari esker «klasikoa»” bihurtu den gune batean: pasealekuan ezarritako modulu handi batzuk ditugu aurrez aurre, kale-galeria bat izango balira bezala prestatuta. Izaera kaletarra baitu jaialdi honek; are gehiago, argazkilaritzak kaleak «hartzen» ditu irailean eta, aukeratutako proiektuak ezagutze aldera, oinez egin daitezkeen ibilbide atsegin desberdinak egiteko gonbidapena zabaltzen zaie bisitariei.

Hastapenean ikusi dugun talde «dantzari-yogazale edo dena delakoa», Mishka Henner-en ‘Feedlots’ argazki proiektua erakusten duten moduluen alde batean dago. Haiek inguratu, gero parkean crossfit edo antzeko zerbaitetan ari diren kirol zaleak albo batera utzi –hau muskuluen ibilbidea al da?– eta, aurrealdean, itsasoari begira, beste ikuspuntu batekin egin dugu topo: Jon Uriarte, Getxophotoko zuzendari artistikoa, kazetariei ostegunean bertan hasiko den edizioaren xehetasunak ematen ari da argazki bitxi, koloretsu, nabar eta erabat ezohiko batzuen aurrean.

Leonard Suryajayaren ‘False idol’ proiektuko argazkiak dira. Familiarekin eta lagunekin egindako irudi hauek antzeztutako eszenak izango balira bezala prestatu ditu argazkilariak. Gaia: queer nortasuna duten migratzaileei ezartzen zaizkien mugak, argazkilariak berak bere azalean bizi izan dituenak, Indonesian jatorri txinatarreko gutxiengo bateko kidea baita. .  

Estereotipoetatik eta ibilbidetik at

Liset Chavez argazkilari perutarra Getxophoto jaialdirako lanean ari da. Kamera utzi une batean, jaialdian ikusgai daudenen artean egile bat aukeratzeko eskatu diogu: «Hauxe bera esango nizuke, Suyajayarena, ikusgarria baita oso –esan du–. Argazkilari honek trans eta queer jendea islatzen du eta egiten dituen irudietan, hain zuzen ere, imajinario hori erakusten du. Oso koloretsua da. Guri atentzioa ematen egiten digu, baina etorkizuneko belaunaldientzat normala izango den zerbait normal bihurtzen ahalegintzen da. Modak dagoeneko ez du generorik; gizonezkoek, esaterako, gona arrosak eraman ditzakete... Era berean, niri argazki hauek zera transmititzen didate: gizonen eta emakumeen sexualitatea estereotipoetatik at».

Leonard Suryajayaren irudiek denbora behar dute, xehetasunei erreparatu behar zaie. Baina aurrera joan behar dugu, Portu Zaharrerantz, han baitago gure hurrengo hitzordua. Argitu beharko genuke, dena den, Getxophotoren 15. edizioak prestaturiko ibilbidea ez dela «teknikoki» hemen hasten, Ereaga hondartzan, alegia. Egia esan, guk atzekoz aurrera egin dugu, baina hori bakoitzaren hautua da. .

Egokiena Amezti kaleko Puntu Info gunean informazioa jaso eta, bertan dauden erakusketa txikiak ikusi ondoren –horietako bat, Agirregabiria getxotar familiaren iragana biltzen duen artxibo digitala–, Algortan kokatutako hamalau erakusketa-guneak ikustea da. Hamabosgarren erakusketa Itzubaltzetako kultur etxean dago, dena den.

Ibilbide osoak, Itzubaltzetakoa kenduta, bi kilometro ditu (batez beste, hiru ordu). Algortako erdigunetik doana kilometro batekoa da (kalkula ezazue bi ordu inguru) eta hondartzako paseoa 500 metrokoa da.

Berezitasun propio batzuk baditu argazkilaritzari eskainitako jaialdi honek: esan dugun bezala, kalekoa da oso –«hodeian» ere, hau da, sareetan, sen «kaletar» eta parte hartzaile hori mantentzen du– eta malgutasuna du xede... eta ez soilik ibilbideari dagokionez. Begihandi elkarteak bultzatutako Getxophotok ez baitu zuzendari artistiko finko bat, aldatuz joaten delako. Ikuspuntu berri eta aberasgarrien bila, akaso.

The Photographers’ Galleryko (Londres) komisario digitala da Jon Uriarte hondarribiarra, eta aurtengoa bigarren urtea du Getxophotoren buru. Iaz, pandemiak bete-betean harrapatu zuen; aurten, Londresetik lanean osatu eta josi ahal izan dute hamabosgarren edizioa. Pandemiaren mendeko bigarren urtean «partekatze» kontzeptua edizioa josteko «hari» gisa hautatu dute.

«Partekatzeak izan ditzakeen esanahi anitzak aztertu nahi ditugu –zioen Uriartek–. Esaterako, identitate kulturalak nola parteka daitezkeen, Suryajayaren lanean bezala, baina era berean beste ikuspuntu asko daude kontzeptu horren inguruan. Hala nola zer partekatzen dugu gure familiarekin? Haiek baitira, seguru asko, gure eguneroko bizitzan ditugun pertsonarik hurbilenak. Bestalde, teknologia digitalak partekatzeko modua nola aldatu duen ere aztertuko dugu; izan ere, sare sozialetan ez dugu guk nahi duguna soilik partekatzen; aitzitik, informazioa inkontzienteki partekatzen ari gara ezagutzen ez ditugun konpainiekin eta gobernuekin. Bestalde, aurten, egoera traumatikoak partekatzeko ideiaren inguruko lan batzuk ere baditugu. Argazkigintza lagungarri izan daitekeelako, nolabait, elkarlanaren bidez egoera horiek gainditzeko».

Beste gomendio batzuk

Zuzendari artistikoak aipatutako azkenak azokan ikusgai dagoen ‘Recetario para la memoria’ mexikarra (Zahara Gomez eta Las Rastreadoras del Fuerte) eta geltoki plazako ‘Now You See Me Moira’ (Amir, Noemi, Qutaiba, Ali, Mustafa &Raoul) lanak dira. Lehenak errezeta-liburuaren itxura xumea du, baina azken hamabost urteotan Mexikon narkotrafikoari eta krimen antolatuari lotutako 80.0000 desagertzeren argitze lanean ari diren Las Rastreadoras del Fuerte emakumeen kolektiboaren lana erakusten du. Bigarrenak, Mourako (Lesbos uhartea, Grezia) errefuxiatu-esparruko bizitzari buruzko irudiak eta lekukotasunak argitaratzen dituen Instagrameko @now_you_see_me_ moria kontuari buruzkoa da.

Uribe Kostako ‘Hiruka’ aldizkariko Hodei Torres argazkilaria lanean ari da, gune batetik bestera. Zer gomendatuko lukeen galdetuta, ondorengoa esan du: «Ez da normalean argazkilaritza munduan ikusten den edo jende normalak kontsumitzen duen argazkilaritza, eta horregatik jaialdia oso ondo dago beste egitasmo eta kontzeptu batzuk ezagutzeko». Hori bai, ahal baldin bada bisita gidatuak gomendatzen dizkigu, «askotan proiektu batzuk, kontzeptualagoak diren proiektuak alegia, ulertzea ez baita erraza».

Eta berari pertsonalki zeintzuek sortu diote interes handiena? Hiru aipatu dizkigu: Portu Zaharreko kontainerretako batean dagoen Lebohang Kganye hegoafrikarraren ‘Ke Lefa Laka’ (bere irudia eta ama zenduarena gainjartzen ditu, amaren presentzia bizirik mantentzeko), San Nikolasen ikus daiteekeen River Claure perutarraren ‘Wanawar wawa’ (aimara kultura eta ‘Printze txikia’-ren arteko nahasketa) eta ‘Recetario para la memoria’. «Irudiak ez dira oso indartsuak, baina gauza oso sinple batetik desagertuen arazoa kontatzeko hautua hartu du». Aurtengo Getxophoto irailaren 26ra arte egongo da zabalik.