NAIZ

Euroganberak indarkeria matxista Europa mailako krimena izan dadila eskatu du

Europako Legebiltzarrak proposamena onartu du indarkeria matxista nazioartekoko delituen zerrendan sartzeko. Etorkizunean emakumeen aurkako indarkeria Europako kode penal guztietan krimen gisa tipifikatuko duen zuzentarau baterako lehen pausoa izan daiteke.

Indarkeria matxistaren kontrako mezuak. (Guillaume FAUVEAU)
Indarkeria matxistaren kontrako mezuak. (Guillaume FAUVEAU)

Europako Legebiltzarrak Bruselari eskatu dio proposamen bat egin dezala indarkeria matxista nazioarte mailako delituen zerrendan sartzeko. Urrats hori funtsezkoa izango da etorkizunean emakumeen aurkako indarkeria Europako kode penal guztietan krimen gisa tipifikatuko duen zuzentarau baterako, gutxieneko estandar komun batzuekin.

Proposamena onartu du Euroganberak aldeko 427 botorekin, aurkako 119 botorekin eta 140 abstentziorekin.

Gutxieneko arauak

Europako delituen zerrenda tratatuetako artikulu batean jasota dago. Artikulu horrek aukera ematen du delituen eta haien zehapenen definizioari dagokionez «gutxieneko arau» batzuk finkatzeko, «bereziki larriak diren eta mugaz gaindiko dimentsioa duten delitu esparruetan». Legebiltzarrak iritzi du genero indarkeriari tratamendu hori eman behar zaiola, terrorismoarekin edo gizakien salerosketarekin egiten den bezala.

Horrela, Europako Batzordeak proposamen bat egin dezake indarkeria hori prebenitu eta borrokatzeko.

Europako Parlamentuak uste du zuzentarauak Istanbuleko Hitzarmenaren estandarrak erabili beharko lituzkeela (adibidez, bortxaketaren definizioan adostasunik ezean), eta biktimak babesteko eta laguntzeko neurriak eta delituen eta zehapenen definizioan gutxieneko estandarrak sartu beharko liratekeela.

Diana Riba ERCko diputatuaren aburuz, oso garrantzitsua da, Europar Batasunak estatukideen kode penalei buruzko legerik eman ezin duen arren, zuzentarau batek genero indarkeriaren definizioak bateratzeko aukera ematea, herrialde bakoitzaren lege-tradizio desberdinak kontuan hartuta.

Adingabeak

Era berean, eurodiputatuek eskatu dute adingabeen zaintza eta bisita eskubideen aldeko borroketan, indarkeria matxista tartean den kasuetan, arreta berezia jartzea, eta abortu seguru bat ukatzea ere genero delitutzat har dadila galdegin dute.

Eskaera hori izan da txosten honetan desadostasuna sortu duen puntuetako bat, Legebiltzarreko talde eskuindar batzuk ez baitaude eroso definizio horrekin.

«Ez da berria; Legebiltzar honetan zuzenketak bozkatu eta onartu dira. Erantzukizuna izatea espero dugu. Ziur gaude abortu segururako eskubidea gehiengoa dela», esan du Ribak.

Hain zuzen ere, asteazken honetan, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak jakinarazi zuen urte honen bukaera baino lehen emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako Europako zuzentarau bat proposatuko duela, Europar Batasuneko herrialdeetako arlo horretako legeria kriminala indartzeko.

Pernando Barrena eurodiputatu abertzaleak txalotu egin ditu Riba eta Malin Bjork, ekimena sustatzeagatik.