NAIZ

Basauriko espetxeko zuzendariak «aldaketa bortitzik ez dela izango» adierazi du

EAEk espetxeak kudeatzeko eskumena hartu ostean, Vicenta Alonso Basauriko  zuzendariak «aldaketa bortitzik ez dela izango» adierazi du eta Lakuak espetxeetan ezarri nahi duen eredua ez dela «hutsetik abiatzen».

Alonso zuzendaria eta Artolazabal sailburua, ostiralean Basaurin. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Alonso zuzendaria eta Artolazabal sailburua, ostiralean Basaurin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Vicenta Alonso Basauriko Espetxeko zuzendariak igande honetan azpimarratu duenez, Lakuako Gobernuak espetxeetan ezarri nahi duen eredua ez da «hutsetik abiatzen». Era berean, «aldaketa bortitzik ez dela izango» nabarmendu nahi izan du.

Beatriz Artolazabal sailburuarekin batera, ostiraleko eskumen-hartzearen ekitaldiaren protagonista izan zen Alonso, Basaurin bertan irudikatu baitzen.

Basauriko espetxeko zuzendaria horrela mintzatu da ‘Ser’ irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean, joan den ostiralean EAEk euskal espetxeak kudeatzeko eskumena hartu ostean.

«Adituak gara, eta Eusko Jaurlaritzaren esku jartzen dugu gure lanaren zorroztasun, profesionaltasun eta duintasun guztia», adierazi du.

Zentzu horretan, euskal administrazioak aipatutako kudeaketa ildoaren helburua gizarteratzearen eta laneratzearen, justizia leheneratzailearen eta erregimen irekiaren inguruko lana «areagotzea» dela esan du. «Euskal espetxeetan duela urte batzuetatik egiten ari dena», gehitu du.

«Atsegin dugu Eusko Jaurlaritzak jarduera ildo hauek modu esanguratsuan sustatu nahi izatea, eta ziur gaude kudeaketa horrek aukera berriak ekarriko dizkiela zentroan lan egiten duten profesional guztiei eta preso daudenei», adierazi du Alonsok, euskal kartzeletako beste bi zuzendariek bezala Urkullu Gobernuak bere postuan berretsia izan ostean.

Era berean, «aldaketa bortitzak ez egitea zuhurra eta zentzuduna» dela aipatu du.

Presoak eta biktimen arteko topaketez galdetuta, «oso tresna indartsuak eta erabilgarriak» direla uste du Alonsok. «Preso dauden pertsonekin lan egiten dugunean, ezin ditugu biktimak bistatik galdu, haien alde lan egin behar dugu, delitu guztien alde», adierazi du.