NAIZ

AHTren lanek Argantzon ur hornidurarik gabe utz dezaketela ohartarazi du Udalak

Ur horniduran egon daitezkeen arazoak ekiditeko «neurri zehatzak» eskatu ditu Argantzongo Udalak eta, era berean, 2018an aurkeztutako alegazioei «entzungor» egin izana leporatu dio espainiar Gobernuari.

Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanak Atxondon, artxiboko irudi batean. (Endika PORTILLO/FOKU)
Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanak Atxondon, artxiboko irudi batean. (Endika PORTILLO/FOKU)

Ohar baten bidez, Argantzongo Udalak ohartarazi du Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanek «eraginaizan dezaketela Lapuebla eta Villanueva de Ocako ur horniduran» eta gaineratzen du hala jaso dela «argitaratuberri den Ingurumeneko Inpaktuaren Adierazpenean, Pancorbo eta Gasteiz arteko tartean bigarren aukera ontzat ematen duena». Udalaren esanetan, txosten horrek adierazten du «ia ibilbide osoak» zeharkatzen duela «etorkizuneko hornikuntzetarako eremu babestua». «Are gehiago –jarraitzen du–, onartzen du akuifero hori Argantzon hornitzeko ustiatzen dela».

Hala ere, horri buruz honakoa besterik esaten ez dela nabarmendu dute: «Jarraipen hidrologikoa egingo da, hurbilen dauden Lapuebla eta Villanueva de Ocako hornidurei kalterik ez egiteko».

Azkenik, Udalak dioenez, testuak onartzen du «zenbait ur-puntu identifikatu egin beharko direla, eta, trazadura hurbil dagoenean, suntsitu egingo direla».

«Ez dugu onartuko jarraipen hutsa egitea»

Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkateak aldarrikatu du adierazpen horren ondorioak «erabat onartezinak» direla. Gogorarazi duenez, 2018ko Udalak aurkeztutako alegazioetan jasota zegoen obra horrek eragin larriak izango zituela inguruko ur eta akuiferoetan.

«Ez dugu ulertzen nola onartzen diren afekzio larri horiek, eta ez da neurririk hartzen horiek arintzeko. Ez dugu onartuko jarraipen hutsa egitea eta gure udalerrian ur-hornidura arriskuan egonda», gaineratu du.

«Beste alde batera begira» 

Argantzonek 2018ko otsailaren 7an aurkeztutako alegazioetan jaso zenez, proiektuak berak ohartarazi zuen, besteak beste, aurreikusitako 2,7 kilometroko tunelak inpaktu larria izango zuela, kritikoa izatera irits zitekeena. Orduan, hartuneetako inpaktu «konponezinaz» hitz egiten zen, eta inguruko ur-puntuen inbentarioa eguneratzea gomendatzen zen. Uretan duen eragina mendigune osora zabaltzen da. Gainera, bost erreka zeharkatzen ditu.

«Horretarako, irtenbideak eskatzen ziren, baina Trantsizio Ekologikoko Ministerioak beste alde batera begiratu du, eta argi berdea eman dio gure udalerriari ondorio larriak ekarriko dizkion proiektu guztiz jasanezinari», nabarmendu du Ortiz de Latierrok.