Entrevue
Amaiur Sarriegi
Realeko jokalaria

«Neska gazteen ispilu izatea erantzukizun handia da eta erantzuten jakin behar dugu»

Eraberritutako Realaren kapitaina eta ikurra, Amaiur Sarriegi (Donostia, 2000) Bigarren Mailatik nazioarteko partidak jokatzera urtebeteko epean pasatu zen, golez gol. Realak bezala, sasoi ezin hobean ekin dio Ligari, baina, ez du ahazten «beti» dagoela «hobetzeko aukera».

Amaiur Sarriegi, Athleticen aurkako derbian, San Mamesen. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Amaiur Sarriegi, Athleticen aurkako derbian, San Mamesen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ondo baino, «super ondo». Horra hor Amaiur Sarriegiren erantzuna ohiko «zer moduz» hasierako galderari. Ez da harritzekoa, denboraldia ezin hobeto hasi baita. Bost gol aurrelariarentzat, sei garaipen Realarentzat. «Eskutik doaz. Taldea hain ondo joatearen arrazoi nagusietakoa jokalariak ematen ari garen maila ona da, eta, aldi berean, taldearen maila onak jokalari bakoitza bultzatzen du. Futbola taldea da eta nik ez dut ulertzen bata bestea gabe».

Taldearekin hasiko gara orduan. Hainbeste aldaketa egon ondoren, guztiz ustekabean harrapatu gaitu Realaren hasiera bikainak. 

Kanpoko informazioak ikusita bagenekien jendeak ez zuela gehiegi espero. Baina guk guregan jarri dugu fokua hasieratik. Bagenekien hemen geundenon eta etorri diren jokalarien artean taldeak oso maila ona eman genezakeela denok batera lan eginez gero. Ulertzen dut deigarria izan daitekeela, sei garaipen jarraian lortzea ez baitago edozeinen esku baina dinamikek indar handia dute, onerako eta txarrerako. Gu dinamika onarekin hasi gara, konfiantzarekin gaude, oso giro ona dago...

Udaberria eta uda zailak izan ziren bai zelaian, bai bulegoetan, bai taldearen inguruan. Orbainak desagertu al dira?

Jokalariok gurea egiten saiatu behar gara;egoera dena delarik, guregan zentratu eta gure esku dagoena ahal den hoberen egiten. Horretan saiatu gara eta ondorioak agerian daude. 

Joan den jende garrantzitsuaren lekukoa Nerea Eizagirrek eta zuk hartu duzue. Kapitaina, taldeko ikurra... eta 20 urte besterik ez. 

Bai, ez dago gaizki. Nereak urte gehiago daramatza Lehen Mailan, baina 2000. urtekoak gara biok. Futbolean askotan ahazten zaigu hori kontuan hartzea. 

Zuen adineko beste gazteei eskatzen ez dieguna exijitzen dizuegu kirolariei.

Ez nuke esango horrela denik, gazte guztiok ditugu arazo, baldintza, nahi eta behar propioak. Ni futbolarion kasuaz ari naiz, horixe baita ezagutzen dudana. Eta, nahiz eta egia izan daitekeen futbolak hazkunde prozesua bizkortu edo aurreratu dezakeela, askotan ahazten zaigu 20, 21 eta 22 urteko neskak garela; oso gazteak garela.

«Oso azkar etorri zait azken urteotan gertatutakoa, prozesu azkarra izan da, baina atzetik lan eta sakrifizio handia dago» 

Zorionez, lan psikologikoak garrantzi handia hartu du kirolarien prestakuntzan.

Bai, eta nabaritzen eta eskertzen da, presio asko nabaritzen baitugu gazte-gaztetatik. Tokioko Jokoek eragin handia izan dute eztabaida hori mahai gainean jartzeko orduan, lan horretan bide handia ibili den arren, oraindik askotan ahazten zaigulako kirolaria pertsona dela lehenik eta behin. Alderdi psikologikoak, emozionalak, jokalari baten errendimenduan eragin handia du. Nik ez dut ulertzen futbola, elitezko kirola, laguntza psikologikorik gabe.

Ez da bakarrik errendimendua. Pertsona kirolariaren aurretik dago. Baliteke aldaketa hori izatea eman beharreko urratsa.

Bai, hori da. Lehentasuna pertsonaren ongizatea izan behar da, horren ondorioak arlo guztietara zabalduz, errendimendura, bestak beste. Biek elkarrekin joan behar dute.

Ez da hobetu beharreko arlo bakarra. Azken aldian heltzen ari zaizkigun berriak negargarriak dira: abusuak, tratu txarrak, mehatxuak, irainak...

Sinestezina da, ez zait buruan sartzen gauden urtean egonik horrelako gauzak gertatzea. Baina ezin gara konformatu horiek ikusaraztearekin; zigorrak ere beharrezkoak dira, ondorioak izan behar dira. Futbolean, bizitzan, beti agertuko dira sagar ustelak, baina guztion esku dago horrelako bat agertzen denean zer egin. Ezin da isilarazi edo ezkutatu; salatu eta zigortu egin behar da. Hezi, noski, baina ez beste aldera begiratu eta ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitu, bestela ez baitugu ezer konponduko. 

Haria berreskuratu behar dut, leku barik geratuko baikara bestela. Kapitaina izateari buruz ari ginen. Aurreko kapitainen eta ikurren Reala bera da edo izenen aldaketarekin zer edo zer aldatu da baita ere, zelaian zein aldagelan?

Nik uste dut berdina dela, klubaren nortasunak markatzen duelako. Pertsona bakoitza desberdina da eta agian desberdin jokatuko du egoera jakin baten aurrean. Baina erantzunkizuna, transmititu behar diren baloreak… hori ez da aldatzen.

Ez da izan besokoak jokalari garrantzitsua bilakatu zaituela, baizik eta jokalari garrantzitsua izatearen ondorioa da besokoa eramatea. 

Besokoa eramatea anekdotikoa da. Garrantzitsua da, harro egoteko modukoa, baina benetan garrantzitsua horren azpian dago; kapitaina izateko beharra zelai barruan eta kanpoan. Neska gazteek gero eta gehiago begiratzen gaituztela ikusten dugu, gero eta ispilu handiagoa garela beraientzat. Hori erantzukizun handia da eta erantzuten jakin behar dugu. Zelaian eta zelaitik kanpo eredugarri izaten saiatu behar gara. 

«Urtebete bakarrik daramat Lehen Mailan. Esperientziak, partidak jokatzeak egoera desberdinei aurrera egiteak... ematen dizun horren faltan nago oraindik» 

Zelaian ematen duzun eredua jarraitzen badute, Euskal Herria golegilez beteko da! Harrigarria da egiten ari zarena.

Pozik nago eta, egia esan, oso azkar etorri zait azken urteotan gertatutakoa. Orain dela urtebete Espainiako selekzioarekin debutatu nuen eta urtebete lehenago Bigarren Mailan nengoen. Aldaketa handia da, baina gauzak ez dira kasualitatez gertatzen. Prozesua nahiko azkarra izan da nire kasuan, baina atzetik lan eta sakrifizio handia daude;egunero prestatzen naiz. 

Ibilbide horrek Espainiako selekzioaren ateak zabaldu dizkizu. Jorge Vildaren zerrendan berriro ikusi zaitugu.

Pozik egoteko modukoa da hori ere. Baina argi daukat hau ez dela gelditzen. Futbola memoria motzekoa da eta ondo ez bazaude gaur, bihar ez zoaz. Egia da une on batean nagoela eta hori arlo guztietan nabaritzen dela baina badakit une txarrak ere etorri daitezkeela eta horretarako prest egon behar naiz. Disfrutatzen ari naiz, denarekin eta asko, baina ahaztu gabe garrantzitsuena ez dela maila honetara iristea, baizik eta mantentzea.

Iritsi, indarrez iritsi zara hara ere. Nazioarte mailan golak sartu dituzu eta FIFAk erreportaje bat ere eskaini zizun... Lehen psikologiaz ari ginenez, burua hotza mantentzeko ahaleginak ere egin beharko dituzu...

Arriskutsua da, bai, baina nik, oraingoz behintzat, ez dut inoren «e, Amaiur, kontuz» entzun behar izan. Etxean, gurasoek eta familiak txikitatik erakutsi didate edozer lortzeko lana eta umiltasuna behar direla. Eta, gainera, ondo zaudenean burua hotza mantentzen badakizu, une txarrak datozenean, etorriko direla, errazagoa izango da lasaitasuna mantendu eta aurrera egitea.

Edozein kasutan, ez duzu une txarra nazioarteko mailara jauzia egiteko. Datorren udan Europako Txapelketa, hurrengoan Mundukoa...

Ez da batere txarra, ez. Eta argi dago izugarri gustatuko litzaidakeela bertan egotea. Baina horrek ezin nau itsutu, egunerokoan zentratuta egotea nahi dut. Azkenean, hor egotea, zure klubean ematen duzun errendimenduaren ondorioa da eta beraz, edozein helburura heltzeko, formula berbera da, orain artekoa: lana egunero, entrenamenduetan eta partidetan. Eta helduko da heldu beharrekoa.

Seinale ona da talde batek jokalari asko edukitzea nazioarteko hitzorduetan. Arriskutsua ere, erakuslehioa handiagoa baita. Kontutan hartuta futbolean gola dela gehien kozitatzen dena, telefono zenbakia aldatu behar izan al duzu jada?

Kar-kar, ez dut uste oraindik horretaz hitz egiteko unea denik. Oso pozik nago, oso ondo, kontratua daukat 2023ra arte eta oso lasai nago. Futbolean gauza asko pentsatu behar izaten dugu, erabaki asko hartu... baina ni lasai eta gustura nago. 

Gainera, ez da derrigorrezkoa kanpora alde egitea ametsak betetzeko. Duela gutxi, adibidez, Nerea Eizagirrek esan zuen bere ametsa Championsa Realarekin jokatzea zela. Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina aukera hori atzo baino gertuago dago gaur. 

Asko falta da, bai, baina garrantzitsua da dinamika honetan egotea. Ez genuke beste agertoki hoberik irudikatuko Ligari hasiera emateko. Zaila izango dela asko luzatzea? Bai, noski, baina orain arte egindakoa hor dago, indarra ematen digu aurrera jarraitzeko. Eta, gainera, gai garela erakusten digu. 

Emaitzetatik harago, hain talde gaztea izanik partidetan erakusten duzuen heldutasuna azpimarratzekoa dela uste dut. 

Baita nik ere. Kalitatearekin batera, lehiatzen jakitea izan daitekeen bertute handiena da. Partidetako une desberdinetan zer egin jakitea, zure gustuko jokoa egin ezin duzunean, alternatibak izatea eta eroso sentitzea... Azken batean, lehiakorrak izatea. Eta hori taldeak badauka. 

Eta zer ez dauka? Talde luzeagoa, adibidez?

Ez dugu oso talde luzea, ez, horrela da, eta, gainera, zorte txarra izan dugu lesioekin. Horrek baldintza lezake errendimendua, baina aurre egin beharko diogu. Gure aldetik, atsedena, entrenamendua, elikadura... zaindu beharko dugu ezin hobe egoteko. Eta, noski, egunero lan egin gero eta hobe konpetitzeko, beti baitago hobetzeko aukera. 

Baita zure kasuan ere? Ez dakit ba zer hobetu dezakezun... 

Bai, kar-kar, gauza asko. Urtebete bakarrik daramat Lehen Mailan. Esperientziak, partidak jokatzeak, egoera desberdinei aurrera egiteak... ematen dizun horren faltan nago oraindik, esaterako. Eta horrekin batera nire gabeziak zuzentzeko eta dohainak hobetzeko lanean jarraitu behar dut, gauzak ondo egiteko formula bakarra hori baita:lana, lana eta lana.