Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Realak zazpigarrena nahi du; Eibar, Alaves eta Athleticek garaipenaren bidera itzuli nahi dute

Realak arerio zuzen baten bisita jasoko du igande honetan Zubietan. Levante izango du aurrez aurre, iazko denboraldian hirugarren bukatu zuen taldea. Txuri-urdinek zazpigarren garaipena nahi dute. Eibarrek Betis jasoko du, Athleticek Vila-real eta Alavesek Madril CFF-ren etxean jokatuko du. 

Nerea Eizagirre Vila-realen aurka sartutako gola ospatzen. (Gorka RUBIO / FOKU)
Nerea Eizagirre Vila-realen aurka sartutako gola ospatzen. (Gorka RUBIO / FOKU)

Levante arerio zuzenaren bisitako jasoko du igande honetan Realak (16.00etan, ETB1). Sei garaipen segidan erdietsi ostean, txuri-urdinek zazpigarrena nahi dute. Benetan erronka serioa izango da, pasa den urtean talde gorri-urdina Championseko atarikoa jokatzeko sailkatu baitzen. Gainera, Villacamparen taldeak aurpegia eman zuen Olympique Lyonnais bezalako talde indartsuaren aurka, nahiz eta azkenean, kanporatua izan zen. 

Maria Pryk eginiko lanari segida ona ematen saiatzen ari da Angel Villacampa Athleticeko entrenatzaile ohia. Lehen jardunaldian jipoi galanta eman zion Real Madrili (4-0) baina horren ostean, Sevilla eta Betisen aurka lortutako berdinketek lurrera ekarri zuten. Erregulartasuna falta zaio, Eibarri bost gol sartu bazizkion ere, Granadillaren etxean huts egin zuen (2-0) eta horren ondotik, bosgarren sailkatua da 11 punturekin, Madril CFF bezainbeste eta Alavesek baino bat gehiagorekin. 

Valentziaren aurkako derbia irabaztetik datoz –Valentziak ez du partidarik irabazi– eta beraz, lehia bizia aurreikusten da Zubietan. Gainera, Reala oso ongi ezagutzen duten Nuria Mendoza eta Leire Baños itzuliko dira «etxera», norgehiagokari beste osagai berezi bat emanaz. 

Natalia Arroyoren taldearen benetako proba dela esan daiteke, nahiz eta gogoratu behar den Real Madrilen aurkako partida eta Athleticen aurkako derbia ere irabazi zituela, hala nola arerio xumeen aurka ere ez dela inoiz erlaxatu –pasa den astean Rayoren aurka, kasu–. Nolanahi ere, egutegia orain hasiko zaio gogortzen. Levanteren ostean, Bartzelona ahalguztiduna bisitatu beharko duelako hurrengo jardunaldian –hilaren 30 edo 31n–. 

Behin Iraia Iparragirre osatu dela, Cecilia Marcos eta Allegra Poljak –luzerako min hartuta– dira baieztatutako baja bakarrak. Maddi Torre, bestalde, deialditik kanpo geratu da. 

Alaves, kanpoan jokatzen duen bakarra

Igande honetan euskal talde guztiek etxean jokatzen dute Alavesek izan ezik. Babazorroek husna berdindu zuten Huelvako Sporting-en aurka eta Lehen Mailan estreinakoz ari diren honetan, denboraldi hasiera txukuna egiten ari dela erakusten ari dira jardunaldiz-jardunaldi. Andaluziarren aurkako norgehiagokan, ezin izan zuten garaipenaren bideari jarraipena eman baina oraindik ere esan dezakete, ligako talde indartsuen aurka soilik galdu dutela: Atletico Madril eta Bartzelonaren kontra, alegia.

Igande honetan beste arerio indartsu bat edukiko dute aurrean, Madril CFF, sailkapenean arabarrak baino postu bat gorago dagoen taldea, alegia. Hamaika puntu batu dituzte madrildarrek, hamar Alavesek. Hala, sei jardunaldi jokatu diren honetan, esan daiteke arerio zuzenen aurkako lehia jokatuko dela Estatu espainoleko hiriburuan (12.00etan). 

Eibarrek eta Athleticek ere garaipenaren bidera itzuli nahi dute. Armaginak Real Madril ezustean hartzeko zorian egon ziren pasa den asteburuan. Partidako lehen gola egin zuen Kukik baina ondoren, madrildarrek markagailua irauli zuten (2-1), beraien denboraldiko lehen garaipena erdietsiz.

Bederatzigarren postuan dago Ana Junyent-en taldea, bi garaipen eskuratuta sei puntu batu dituela. Hirugarren garaipena lortzeko borrokatuko dute Betisen aurka Unben (11.30etan). Andaluziarrek armaginek baino puntu bat gutxiago daukate (bost) eta eskuratutako garaipen bakarra etxetik kanpo izan da (0-1, Huelvan). Pasa den astean, porrot mingarria jaso zuen Madril CFFren aurka (4-5). 

Athleticek ere, Alavesek legez, bere bolada ona nolabait etenda ikusi zuen pasa den astean Sevillan. Husna berdindu zuen hiru garaipen erreskadan eskuratu ostean. Hala, asteburu honetan Vila-realen aurka irabazten saiatuko da hirugarren postura igo asmoz. 13 punturekin dago Iraia Iturregiren taldea, Atletico Madrilek bezainbeste. 

Entrenatzaile bizkaitarrak Irene Oguizaren baja izango du. Durangoko jokalariak larunbat goizeko lan-saioan eskuin hankako adduktorean min hartu du.