Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Entrevue
Paul Rios
Aieteko Konferentziaren sustatzaileetakoa

«Eskuzabaltasunez aritu ziren Aieten parte hartu zuten eragile guztiak»

Aieteko konferentzia antolatzeko lanean aritu zen Paul Rios duela hamar urte. Bertan parte hartu zuten eragileen eskuzabaltasuna aipatzen du. Momentu historiko batean izatearen sentsazioa eta etapa berri bat hastea posible zelaren sentsazioa zutela nabarmentzen du.

Zergatik abiatu zenuten Aieteko Konferentziara iristeko lan hura? Aldez aurretik lan mardula egin beharko zen... 

Bai. Urte horiek nahiko trinkoak izan ziren. Dena 2009. urtean hasi zen. Momentu horretan Lokarrik ezker abertzalearen betoa zuen. Horrela erabaki zuten 2005. urte inguruan. Zurrumurruak entzunda geneuzkan eta une horietan, urrian edo irailean, mezu bat jaso genuen Brian Currin-en partetik. Guregana etorri zen laguntza eskatuz eta berriro bake prozesu bat martxan jartzeko aukera zegoela azaldu zigun. Ezker abertzalearen baitan barne eztabaida izan zen. Hortik hasi zen gure parte hartzea prozesu horretan.

Etapa desberdinak izan ziren. Momentu batean ETAren indarkeriarekin amaitzea posible zela eta bake prozesu berri bat martxan jartzeko baldintzak zeudela ikusi genuen. 2011. urteko maiatza inguruan hitz egin genuen Brian Currin-ekin eta lehenengo aldiz entzun nuen nazioarteko konferentzia bat antolatzeko aukera bazegoela, etapa berri bat irekitzeko. Une horietan bagenekien elkarrizketa ezberdinak bazirela agente ezberdinen parte hartzearekin. Suposatu nuen bazegoela aukera bat hori sendotzeko eta horretarako planteatu zuela Brian Currin-ek konferentziaren aukera.

Hortik aurrera dena lantzen hasi ginen. Beti mezu bera jasotzen genuen: itxaron behar dugu, gauza batzuk lotu behar dira. Asteak pasatu ziren eta urduritasuna azaldu zen. Uda heldu zen. Irailean berririk ez, eta bapatean irailaren bukaeran jaso genuen nazioarteko bitartekarien partetik proposamena, beste elkarte batzuekin Aieteko Konferentzia antolatzeko.

Garai horietan, gisa horretako zerbait antolatzeko orduan, eragileak ados jartzea izango zen zailtasunik handiena. Urteak eta urteak ziren taldeen arteko elkarrizketa normalizaturik gabe. Hitz egiteko konpromiso bera hartzea zaila izango zen, orain dugun egoerarekin alderatuta.  

Kontraesan bat dago. Une hauetan eztabaida ezberdinak daude, baina inkomunikazioa ikusten dugu. Eztabaida oso sakonak dira eta ez dira modu onean egiten. Eta orain ETAren indarkeriarik ez da. Lehen su-eten batean ginen eta egoera nahiko konplikatua zen, baina eskuzabaltasunez aritu ziren aktore guztiak momentu horretan. Jaso genuen proposamena eta lehenbailehen hasi ginen dena prestatzen. Gauza logistiko eta teknikoak zeuden baina oso garrantzitsua zen aktore desberdinekin biltzea, konferentziaren helburua zein zen azaltzeko. Guztien partetik ikusi genuen ezinbestekoa zela eskuzabaltasunez aritzea. Ez zen oztoporik izan, kolaboratzeko prestutasuna azaldu zen. Beharbada momentu historiko batean geundela konsziente ginen guztiok. Etapa bat ixteko eta berri bat irekitzeko une garrantzitsua zela ikusten genuen. Zentzu horretan gure partetik laguntza guztia jaso genuen. Ez zen arazorik izan.

Beharbada «ardura» hitza erabili genezake, aurrepausoak emateko historikotzat jotzen zen une batean...

Bai, baina nik ardura baino eskuzabaltasuna aipatuko nuke. Ate guztiak ireki zizkiguten. Adibidez, momentu horretan Eusko Jaurlaritzarekin dena lotzea oso garrantzitsua zen. Teknikoki ere, protokoloa eta segurtasunari dagokionez. Gure harremana Rodolfo Ares sailburuarekin ez zen oso ona. Politikoki esan nahi dut, ez pertsonalki. Eta erraztasunak baino ez ziren izan bere partetik. Ilusio puntu bat bazegoen eta horri esker zailtasunak gainditzea nahiko erraza izan zen.

Ezusteko polita izan zen eragileen artean jarrera positibo hori topatzea?

Bai. Eta ez bakarrik hemen, Erkidegoan. Nafarroan ere horrela izan zen eta Iparraldean zer esanik ez. Konplikatua zen. Eta momentu horietan konplikazioak izan genituen, noski. Baina joera horrekin lan egitea ez dut esango oso erraza denik, baina nahiko erraza izan zen dena gainditzea. Hamar egunetan antolatu genuen guztia eta posible izan zen. Horri esker. Bestela oztopoak badituzu oso konplikatua da horrelako zerbait antolatzea.

Daten inguruan premia bazen ere. Estatu espainolean hauteskundeak izango ziren hortik gutxira eta gai honetan jarrera zurrunagoa zuen PP Gobernura helduko zela aurreikusten zen.

Bai. Horregatik gure urduritasuna. Maiatzean planteatu zen ideia lehenengo aldiz eta hilabeteak pasatzen ziren. Uztaila, abuztua… eta berririk ez. Astero bizpahiru aldiz hitz egiten nuen Brian Currin-ekin eta berririk ez. Oporretan Cadizen nintzen eta kabina batetik deitzen nion. «Paul, lasai, ez dago berririk», erantzuten zidan. Gauzak ondo lotu behar ziren, baina egunak eta asteak pasatzen ziren eta irailean ginen. Oso urduri ginen. Bagenekien Gobernu aldaketa bat egongo zela. Edozein kasutan, bake prozesu bat aurrera eramateko gobernu batekin edo bestearekin egin behar duzu. Bagenekien ere guzti hori PPren Gobernuarekin kudeatu beharko zela. Baina hauteskunde aurrekanpaina edo kanpaina batean ezin duzu horrelako zerbait antolatu eta prestatu. Azkenean, epe bat izatea lortu zen baina aldi berean hamar egun genituen soilik guzti hori antolatzeko.

Antolakuntza horretan ere presoen gaia konplikatua zen? Aurreikusten zen PPren jarrera zurrunagoa izango zela...

Elkarrizketa prozesu ezberdinak egon ziren. Bagenekien Gobernua eta ETAren arteko elkarrizketa edo sondeo bat izan zela. Orain dela gutxi Zapatero presidenteak baieztatu du hori. Eta nazioarteko bitartekariek ere horretan lagundu zuten. Hori bazela bagenekien baina ez genuen zehaztasunik edukien inguruan. Gure papera, Lokarriren papera, beste eremu batean elkarrizketa aurrera eramatea zen. Alderdi politikoekin, gobernuekin, … Nire informazioa momentu horretan zen armagabetze prozesu bat martxan jartzeko aukera desberdinak jarri zituztela mahai gainean eta posible zela horrelako zerbait aurrera eramatea. Baina konplikatuena presoen egoera zen, beste gobernu bat izango zela gaiari heldu behar zitzaiona jakinda. Baina hortik aparte nik ez dut beste zehaztasunik.

Nola baloratzen duzu PSOEk izan zuen jarrera? Zuentzako ere gauzak aurrera atera ahal izateko PSOEren konpromisoa garrantzizkoa zen.

Edozein kasuan, alde batetik politika publikoa dago eta bestetik azpipolitika. Aieteko bilkura izan zen egunean gauza oso hunkigarriak gertatu ziren, niretzat gutxienez. Horietako bat PPko hemengo idazkari nagusiaren deia jasotzea. Ez dut esango zer esan zidan, baina dei hori izan genuen. Gure partetik, hasieratik oso garrantzitsua zen aniztasun irudi bat plazaratzea. Ez bakarrik aniztasuna zegoela erakusteko, baizik eta adierazteko denoi esker lortu genuela. PPren presentzia izatea oso oso konplikatua zen, nahiz eta Elizaren eta enpresariena lortu genuen. Baina PSOE ezinbestekoa zen. Eusko Jaurlaritzan zegoen, Espainiako Gobernuan zegoen, Frantzian ere PSk bazuen zer esateko... Oso garrantzitsua eta ezinbestekoa zen. Zorionez lortu genuen. Azken unerarte zurrumurru batzuk izan ziren baina ondo amaitu zen. Adibidez, Jesus Egigurenek izugarrizko esfortzua egin zuen horretarako. Guztiz konbentzituta zegoen PSOE Aieten egon behar zela. Oso gutxitan lortu dugu hori gure herrian. Horrela lortu genuen Aiete denon altxorra izatea.


Zurrumurruen artean, Tony Blair etorriko zela bota zen. Azkenean ez zen etorri. Kontatu daiteke zergatik?

Gai hori beste bide batetik zihoan. Aurreko egunean dei bat jaso nuen bere partetik Aieten egotea zergatik ez zen posible azaltzen. Besterik ez.

Kofi Annan etorri zen. Nazio Batuen arduradun ohi bat Aieten izatea garrantzitsua zen nazioarteari begira.

Nazioartetik etorriko zirenen izenak larunbatean aurkeztu genituen eta Konferentzia astelehenean zen. Guztiak lotzeko lana oso konplikatua izan zen. Beste erakunde batek egin zuen lan hori. Baina izen esanguratsu bat izatea oso garrantzitsua zen, ez bakarrik momentu horretan. Etorkizunera begira Aiete zer zen azaltzeko Kofi Annan egon zen konferentzia dela esatea garrantzitsua izan zela erakusteko balio du. Haien partetik ere eskuzabaltasuna izan zen nagusi. Kofi Annan-en idazkaria espainiarra zen. Berarekin hitz egin genuen aurreko igandean eta oso urduri zegoen, zalantza askorekin. Normala da. Momentu garrantzitsua zela ulertu zen, etapa berri bat irekitzeko aukera zegoela.

Bilkura hauetan protokoloak garrantzi handia dauka. Jendea non kokatu, argazkiak, eskua ematea…

Bai. Asko. Erabat neurtua zegoen guztia. Hori guztia antolatzeko Hutsune Mendiburu eta Parlamentuko protokolo arduradunaren laguntza izan genuen. Hutsune Mendiburuk Zinemaldia antolatzen zuen. Oso neurtua zegoen dena. Gainera, gela oso txikia zen. Ekitaldia nola izango zen minuturo antolatua zegoen.

Adierazpen bera ere oso neurtua izango zen.

Nik ez nuen horretan parte hartu. Nazioarteko bitartekariek egin zuten. Bertan atsenalditxo bat egin genuen eta Kofi Annan eta besteek aprobetxatu zuten momentua PSOE, ezker abertzalea eta EAJrekin biltzeko. Momentu horretan hitz bat edo hitz batzuk aldatu behar zituztela esan zuten. Orduan, korrika berriro ingelesera, frantsera, euskara eta gaztelerara itzultzera eta maketatzera. Baina deklarazioa egina zetorren.

Deklarazioan ETAri eskaera egiten zion eta nahiko azkar erantzun zuen. Horrela izatea espero zenuten?

Bai. Baina hain azkar, ez. Nire zalantzak nituen. Kofi Annan batek edo Jonathan Powell batek zerbait eskatzen bazien, erantzuna egongo zela argi zegoen. Baina hiru egunetan izatea ez genuen espero. Izan ere, Bruselako adierazpena ere oso lagun garrantzitsuek sinatu zuten, Nobel saridunak artean. Eta ETAren erantzuna bederatzi hilabete beranduago etorri zen. Kasu honetan hiru egunetan izan zen.