Imanol Alvarez: «Irabazteko lehiatuko gara; ilusioan behintzat ez digute irabaziko»

Bera Berak oso erronka konplikatua gainditu beharko du multzoen faseko atarikoan egon nahi badu. Paris 92 taldearen aurkako kanporaketa pasa beharko du. Igande honetan dauka lehendabiziko proba etxean eta donostiarrek espero dute «ilusioak» eta zaleen bultzadak lagunduta, urrats bat aurrera ematea. 

Imanol Alvarez, Paris 92 taldearen aurkako kanporaketaren atarikoan prentsari adierazpenak eskaintzen. (Jon URBE / FOKU)
Imanol Alvarez, Paris 92 taldearen aurkako kanporaketaren atarikoan prentsari adierazpenak eskaintzen. (Jon URBE / FOKU)

Egutegian gorriz markatutako eguna iristear dago Bera Berarentzat. Europako txapelketa beti izan da berezia, zirraragarria eta aurten ez da gutxiagorako. Paris 92 arerio indartsua egokitu zaie European League txapelketan, lehen kanporaketan ikusi nahi ez zuten horietariko bat baina egoera onartuta, erronka gainditzeko prest daude donostiarrak (igandean, 12.00etan Gascan, joaneko partida). Halaxe azaldu du ostiral honetan Imanol Alvarezek: «Gure bertsiorik onena erakutsi beharko dugu. Oraindik gauza batzuk fintzeko ditugu baina igandea egun ona izan daiteke bertsio onena azaleratzeko». 

Entrenatzaile ermuarraren arabera, Bera Berak «irabazteko aukerak ditu, edozein taldek Bera Bera irabazi diezaiokeen bezala» eta horregatik hain zuzen ere, «irabazteko lehiatuko gara; ilusioan behintzat ez digute irabaziko». 

Talde europarra dela eta, oso indartsua dela nabarmendu du Alvarezek baina, era berean, adierazi du ez daudela hain ohitura defentsa gogor batera. Hala, beraien arma nagusia hori izan daitekeelakoan dago, beti ere, lapurtu eta korrika egiteari utzi gabe. 

Porriñoko neurketan deskonzentrazio uneak izan zituen taldeak eta Imanol Alvarezek ziurtatu du Paris 92 taldearen aurka hori ezinezkoa izango dela, hasieratik jokalariak partidan sartuta egongo direlako eta neurketak ez duelako baimenduko deskonzentrazio unerik. «Hori gertatzen bada, asko sufrituko dugu», abisatu du. 

Iritzi du baita ere, Porriñoko «kolpe» horrek zerbaitetarako balio izango duela: «Entrenamendu on bat izan da partida hau prestatzeko». 

Parisek lehen lerro oso ona daukala nabarmendu du eta beraz, oso adi egon beharko direla azpimarratu du. Bi neurketako kanporaketa izanagatik ere, lehendabizi soilik igandekoan pentsatzen daudela onartu du: «Partida hau irabazteko soilik gaude pentsatzen; gero, partida aurrera doan heinean, agian jarri gintezke bigarrengoan pentsatzen, baina ez oraindik». 

Etxean kanpoan baino hobeto dabiltza –Aula eta Malagaren aurka partida serioa egin zuten– eta igandean zaleen babesa ere probestu nahi dute lehen urratsa emateko. Zaleei ziurtatu die «ikuskizun» aparta eskainiko dutela eta garaipen batekin igandea borobiltzen saiatuko direla. 

Partida honetarako, nahiz eta onartu duen taldea apur bat «ukituta» dagoela neke aldetik –bidaia luzeengatik, batez ere–, soilik Eli Cesareo dago min hartuta. Beste guztiak jokatzeko moduan daude. 

Itzulerako partida hilaren 24ean jokatuko da Parisen.