Joseba Salbador Goikoetxea
Entrevue
Josu Sueskun Cabases
Lizarra Ikastolako zuzendaria (2015-2021)

«Aurtengo Nafarroa Oinez ez dago diseinatuta egoera normal baterako»

Urtebeteko atzerapenarekin, iritsi da Nafarroa Oinez ospatzeko unea. Hori bai, ez da aurreko urteetan ezagutu dugun bezalakoa izango, osasun neurri berriak indarrean jarri baino lehen diseinatutako jaia delako. Formatu txikiagoan bada ere, hemen da berriro euskarari bultzada emateko hitzordua.

Josu Sueskun. (Iñigo URIZ/FOKU)
Josu Sueskun. (Iñigo URIZ/FOKU)

Pasa de udan utzi zuen Josu Sueskunek Lizarra Ikastolako zuzendaritza, baina berarengana jo nahi izan dugu ardura hori izan duen sei urteetako bizipenak ezagutzeko. Batez ere azken bi urteetakoak, pandemia egoerak bete-betean harrapatu baititu Nafarroako ikastolen aldeko jai honen antolakuntza lanak.

Azkenean iritsi da Nafarroa Oinez ospatzeko momentua, baina orain ere osasun neurriek erabat baldintzatu dute jaiaren antolakuntza, duela 15 egun pasatxo indargabetu baitziren murrizketa gehienak. Aldaketa hori lehenago jakin izan bazenute, beste modu bateko Nafarroa Oinez antolatuko zenukete?
Horrelako antolakuntza batek hilabete askotako lana eskatzen du. Egia da uda partean jakin izan bagenu murrizketak bertan behera geratuko zirela, posible izango litzatekeela beste modu bateko edo «ohiko Nafarroa Oinez» antolatzea. Baina horretarako askoz lehenago jakin beharko genuke hori, ze aurtengo festa formatu txikian antolatu dugu, auzolanean, Lizarra Ikastolako jendearekin bakarrik: gurasoak, irakasleak, ikasleak, irakasle eta ikasle ohiak… Ideia bat egin dezazun, aurtengo formatuan 500 txanda inguru osatu ditugu, eta ohiko formatuan bi milatik gora behar izaten dira. Horrek esan nahi du Nafarroako beste ikastolei laguntza eskatu behar diezula, eta horrek denbora asko eskatzen du, ezin da egun batetik bestera egin. Egoera pandemiko lasaiagoa izan balitz, adibidez ekainetik, posible genuke Nafarroa Oinez handi bat antolatzea, baina prebisio hori ez genuenez, horretan geratu gara.

Zer ezaugarri izango ditu aurtengo Nafarroa Oinez jaiak?
Alde batetik, jardunaldi bakarrean izan ordez, bi egunetan zehar gauzatuko da, aurreikusitako ekintzak larunbata eta igandea bitartean banatuz. Gainera, aurten ez da gune guztiak zeharkatuko dituen ohiko ibilbiderik egongo. Hortaz, Nafarroa Oinezera hurbiltzen direnak hiriko puntu desberdinetan libreki mugitu ahalko dira. Hori guztia, jendetza ekiditeko xedearekin.

2019an Tuterako Argia ikastolak lekukoa eman zizuenetik, bi urte daramazue Nafarroa Oinez antolatzeko lanetan. Gorabeheraz betetako urteak izan dira. Nola laburbilduko zenituzke denbora horretako bizipenak eta sentsazioak?
Etapa desberdinak izan dira. Alde batetik, 2020ko martxora arte bizi izan genuena oso-oso polita izan zen. Nafarroa Oinez urte osoan ospatzen den festa bat denez, antolakuntza guztia diseinatuta zegoen: lantalde guztiak osatuta genituen, ia berrehun pertsona ari ziren parte hartzen batzorde horietan, eta dena oso ondo zihoan. Gainera, gure ikastolak 50 urte bete behar zituen eta dena oso borobila zen. Baina martxoaren 14an kolpe ikaragarria jaso genuen eta blokeo momentu bat ere izan genuen. Kolpea irentsi ondoren, bigarren fase guztiz desberdin batean sartu ginen, non bertan behera utzi behar izan genituen urtean zehar antolatutako ekintza guztiak. Hori bai, momentu hartan argi genuen urtebete beranduago posible izango zela, eta horregatik txanda-pasarik ez egitea erabaki genuen, esanez: Lizarra Ikastolak lekukoari eutsiko dio eta aurrera egingo dugu.

Baina 2021. urtea iritsi zen eta zalantzak desagertu ez ezik, areagotu egin ziren...
Bai, pandemiaren kontu hau guk uste genuena baino askoz ere mantsoago joan da eta zalantzaz betetako hirugarren fase bat bizi izan dugu. Izan ere, duela bi hilabete ez genuen argi Nafarroa Oinez egingo zen ala ez, duela hilabete bat orduko osasun egoerara moldatuta egitea erabaki genuen eta bat-batean, orain dela egun batzuk, irekiera hau suertatu da eta dagoeneko ez dugu denborarik izan jaiaren diseinua aldatzeko.

Asteburu honetako jaia antolatzea lortu duzue, baina baita urtean zehar beste hainbat ekitaldi ere.
Bai, hala da, mota guztietako ekitaldiak izan dira, kirol arlokoak, hizkuntza gutxituen aldekoak, ingurumenaren aldekoak, Artea Oinez erakusketa… Eta nola ez, ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko abuztuan antolatu genituenak baita ere. Ekimen guztiek helburu berbera izan dute: euskara bultzatu, ikastolaren lana gizarteratu eta guztia, auzolanaren bitartez.

Zure ustetan, beraz, garrantzitsua da Nafarroa Oinez bezalako jaiak antolatzen jarraitzea.
Bai, noski. Azken finean ezinbestekoa da gure hizkuntzak, hizkuntza gutxitu guztiak bezala, talde sentimendu hori sortzea. Bestela, egoera diglosikoan gaudenean, eta gainetik beste hizkuntza bat dagoenean, arrisku handia dago galtzeko. Lizarran, adibidez, euskara egoera diglosiko batean bizi da, eta erabilpen mailari dagokionez, bigarren mailako hizkuntza da, nahiz eta gero eta jende gehiagok dakien. Horrela, Lizarran bizi zaitezke euskaraz, eta hori gauza handia da, baina horri eutsi behar zaio eta jarraitu behar dugu lanean. Zentzu horretan, ikastola ikastetxe bat baino zerbait gehiago da, eta guk badugu gizarterako bokazio hori. Eta bokazio horretan euskara eta euskal kultura dira helburu nagusienak. Horregatik uste dugu ekimen hauek beharrezkoak direla.

Aurtengo egoera berezia ikusirik, zein da euskaltzaleei egin nahi diezuen deia?
Argi utzi nahi duguna da osasun murrizketak kendu badira ere, aurtengo jaia ez dagoela diseinatuta egoera normal baterako, ohiko Oinez baterako. Hori argi geratu behar zaio jendeari. Horregatik, hurbilduko direnei dei berezia egin diegu arduraz joka dezaten. Horrekin batera, jaiaren parte izateko eta laguntzeko beste bide batzuk ere badirela nabarmendu nahi dugu, adibidez, Nafarroa Oinez webgunearen bitartez ekarpen ekonomikoa eginez.