Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
Entrevue
Unai Oñederra
Manu Robles-Arangiz Fundazioko zuzendaria

«Digitalizazioa guztiok hobeto bizitzeko erabil daiteke, eta hori ez da mahai gainean jartzen»

Euskal Herria Digitala plataformako kideak joan den ekainean aurkeztu zuten manifestuaz dihardu. Halaber, digitalizazioaren eraginaz eztabaidatzeko deiaren nondik norakoen berri eman du.

Manu Oñederra. (Jon URBE I FOKU)
Manu Oñederra. (Jon URBE I FOKU)

Azken hamarkadetan hainbat fenomeno azkartu dira : globalizazioa, lanaren prekarizazioa, prekarizazio globala, demokraziaren pribatizazioa, erregai fosilen agortzea, klima aldaketa, zaintzaren krisia... Horren guztiaren erdian teknologiaren garapen izugarriak jauzi kualitatibo bat egin du azken mendean», dio Euskal Herria Digitala plataformak joan den ekainaren 16an argitara eman zuen manifestuak. Haren sinatzaileek beren kezka eta digitalizazioaren gaineko eztabaidaren beharra agertu zuten, «bilakaera hori soilik elite finantzarioaren alde egon ordez, jendartearen zerbitzura jar dadin». Garapen teknologiko horrek demokrazian, lan munduan, hezkuntzan eta humanitatean izan dezakeen eraginari buruz hausnartzeko “Euskal Herria Digitala, Ziberburujabetzara bidean” jardunaldia antolatu zuten Ipes, OlatuKoop, Teks, Ipar-Hegoa, Manu Robles-Arangiz eta Iratzar fundazioek, atzo Errenterian izan zena.

Manu Robles-Arangiz Fundazioko zuzendari Unai Oñederrak azaldu ditu manifestuaren eta hausnarketa horren nondik norakoak.

Manifestu bat zabaldu eta hausnarketa kolektibora deitu duzue. Izan ere, manifestua lehenengo pauso bat baino ez dela esan zenuten.

Bai. Guk, ELA sindikatuan, kezka hori aspaldi geneukan. Pandemia aurretik jardunaldi bat egin nahi genuen digitalizazioaren inguruan, Industria 4.0 eta abarrez, digitalizazioak lan munduan izango zuen eta izaten ari zen eraginaz… eta, adibidez, argitalpen bat egiteko Manu Robles-Arangiz fundazioko kideak OlatuKoopeko Talaioseko jendearekin harremanetan jarri ginen, Joseba Permachek artikulu bat idatzi zuen “El Salton”… Guk genuen kezka beste batzuek ere bazuten, eta ez dakit nondik atera zen, Iratzarren eta OlatuKoopen artetik edo, hainbat eragile kezka berarekin eta zein bere aldetik ibili beharrean, zergatik ez genuen elkarrekin hitz egiten denen artean erronkei hobeto erantzuteko.

Pandemia aurretik Errenterian elkartu ginen zenbait eragile, 30 bat pertsona, halako saio bat egiteko, bakoitzak esateko digitalizazioaz zer ulertzen duen, zerk kezkatzen duen… Atera zen guztia arbel batean jaso genuen eta konturatu ginen batez ere lau eremutan banatzen zela gure kezka. Lau eremu horiek dira manifestuan agertzen diren lau ardatzak. Hortik abiatu zen. Eta zerk batzen gaitu? Kapitalismo digitalaren ikuspegi kritiko batek. Ez dugu onartzen inposatu nahi zaigun digitalizazio eredu hau, kapitalak gehiago irabazteko herritar xumeak are gehiago kaltetzen baititu.

Manifestuan ikusiko zenuenez, batez ere kezkak eta galderak dira, erronkak… ez dugu erantzun finkorik, horregatik dugu helburu eztabaida mahai gainean jartzea, bestela, ematen du gainera datorkigun zerbait dela, dagoeneko emanda eta irentsi beharrekoa, digitalizazioa hau soilik posible dela onartuta; hau da, multinazional nagusien kontu bat eta beste ezer ez. Eta gai honekin kezkatuta dagoen jende gehiago erakarri nahi dugu. Hortik etorri zen jardunaldiaren ideia.

Burura datorkit, esate baterako, duela zenbait urte maiz entzuten zela Internetek informazioaren demokratizazioa ekarriko zuela.

Bai, edozeinek edozer irakur dezake. Pentsa dezakezu lehen informazioa boteredunen esku zegoela, hedabide nagusiek zabaltzen zutena irentsi besterik ez zegoela, ikuspegi kritikoak ezin zuela bere ahotsa zabaldu, eta edozeinek nahi duena edonon idazteko aukera eman zuela Internetek, baina gero konturatzen zara, alde batetik, gaininformazioa sortzen dela, hainbestekoa non desinformatu egiten garen, eta gainera fake news direlakoak-eta azaltzen dira. Eta, beste alde batetik, algoritmoekin multinazional handiek izugarrizko gaitasuna dutela beren mezua besteen gainetik jartzeko. Bai Facebookek, bai Googlek nahi dutena zabaltzen dute. Orduan, demokratizazio horrena, bai, teorian izan zitekeen, baina praktikan monopoliorantz joatea da, eta ikusi dugu hauteskundeetan ere eragin dezaketela.

Demokraziaren alor horretan, arrakala digitalaz ere hitz egin behar da. Bermatu egin behar da denek gaitasun digitalak eta baliabide digitalak ere edukitzea, digitalizazioak ematen duen demokratizatzeko aukera hori benetakoa izan dadin eta desberdintasun gehiago eragin ez ditzan.

Teknologiaren garapena ikaragarria izan da azkenaldian, baina kapitalismoak beti baliatu izan ditu teknologiak bere interesetarako, aurrerabidearen izenean.

Azkenean, boterea dutenak gure aurretik doaz. Erabaki batzuk hartzen dituzte eta eztabaidara pixka bat berandu iritsi garen irudipena daukat. Eusko Jaurlaritza bera entzun dugu Industria 4.0 egitasmoaz hitz egiten, eta gu kezkatzen hasi gara, baina aurretik bazetorren eta 2000tik hona sekulako jauzia egin du. Guk esaten dugu digitalizazioa erabiltzen ari direla herritarron datuak bereganatzeko, gure gaineko kontrol handiagoa izateko eta beraiek gehiago irabazteko, baina digitalizazioa, jakina, dena hobeto antolatu eta guztiok hobeto bizitzeko erabil daiteke, eta eztabaida hori ez da mahai gainean jartzen. Digitalizazioaren gaia mehatxu bezala erabiltzen da, mamu bezala, lan baldintzak are gehiago okertzeko, esaterako: zuk onartu prekarizazioa eta hurrengoa enplegua desagertzea izango da, lan hori egiteko robotak egingo dituzte. Digitalizazioa eta robotizazioa hortik saltzen digute. Hori eztabaidatu nahi dugu. Robotek egiten badituzte atseginak ez diren lanak, goazen lanorduak murriztu eta hobeto bizitzera.

Ustez, hori zen helburua; izan beharko luke, alegia.

Izan beharko luke, baina ikusita dago azkenean digitalizazioak monopolio bat dakarrela, lau handien artekoa, Google, Apple, Microsoft, Facebook eta horiena. Hezkuntzan ere ikusten da. Gure eskoletan, ikastoletan seme-alabak Chromebook-ak erostera, Googlerekin lan egitera behartzen dituzte. Zer ari gara, gure hezkuntza Googleren esku jartzen? Doako produktuak ematen dituzte, baina hortik irabazi asko izaten dituztelako. Ahalik eta pertsona gehienen datuak jasoz negozioa egin eta herritarron gaineko kontrola areagotzen dute. Horretara bideratzen dute, besteak beste, publizitatea, bakoitzari zer saldu badakitenean.

Pandemiak areagotu ditu zuen kezkak?

Kezka sortzen du gure seme-alaben datuak multinazional handien esku uzteak, eta pandemiak hori bizkortu eta kezka berriak sortu ditu: Presentzialak ez diren eskoletan berdintasuna, parekidetasuna dagoen; nola bermatzen duzun baliabide gehiago dituztenek eta gutxien dituztenek heziketa kalitate berdina jasotzea, ingurune digital hori eta produktuak norenak izan behar diren eta horrek guztiak subjektibotasunean, ikasleengan nola eragiten duen, ikasteko gaitasunean, kontzentratzeko gaitasunean eta abarretan.

Hori humanitate digitalekin lotu daiteke. Gaur egin humanitate bezala ezagutzen diren arloak, gizarte zientziak ere orain digitalki eraldatzen ari dira. Datu asko prozesatzen dira, material asko, baina ez da bakarrik humanitateak digitalki lantzea, baizik eta digitalizazio horiek ere humanitatea aldatzea. Horrek galdera etikoak sortzen ditu, zer aldaketa ekarriko dizkion gizakiari digitalizazio honek, etengabe smartphonetan konektatuta egoteak… zer aldaketa ekarriko duen gizabanakoengan eta kolektiboengan, jendartean indibidualizatu egingo garen, eremu kolektiboa galduko dugun. Hori guztia ere eztabaidatu behar da.

Litezkeen alternatibak bilatzeko hausnarketa sustatu duzue. Zein da norabidea, ziberburujabetza?

Bai. Hitz hori esaten ere konplikatua da. Hitz erakargarri edo bitxia nahi genuen eta azken batean ziberburujabetza esan dudan guztiarekin lotuta dago. Digitalizazio eredu honekin datu guztiak multinazional gutxi batzuei ematen ari gara eta gure teknologiaren gainean beraiek erabakitzen dute, ez guk. Teknologikoki burujabe izatea da zer egin geuk erabakitzea digitalizazioa hobeto bizitzeko erabili nahi badugu. Momentu honetan digitalizazioa multinazionalen menpe eta haien mesederako dago, eta berreskuratu egin behar dugu. Geuk eraiki geure sareak-eta. Gure helburua ez da teknologiaren aurka egitea, eta hori ere esaten dugu manifestuan; gu ez gara luditak, makinak etorri zirenean deuseztatzen zituztenak lanpostuak desagerraraziko zituztelako, ez gara teknofiloak, ez teknofoboak, eztabaida mahai gainean jarri nahi dugu, digitalizazioa gure onurarako erabiltzea lortze aldera. Izan ere, zeharka, doako produktuekin ezer esan gabe gauza asko kentzen ari zaizkigu eskutik, hezkuntzaren arloan bezala, osasun arloan edo beste batzuetan ere gerta daiteke.

Adibidez, Industria 4.0, robotizazioa, batez ere industriara bideratu dute, eta guk diogu berriz ere zaintza lanak bazterrean utzi direla, lan merkatuan daudenak eta hortik kanpo daudenak. Zaintza lanetan badaude robotek ezin egin dituzten gauzak, eta hori humanitate digitalei lotuta legoke, hala nola harreman afektiboak, behar den konpainia, maitasuna... robotek eman ezin dutena; baina lan fisiko asko bai, zaintza lanak fisikoki ere oso gogorrak baitira, eta lan fisikoa arintzeko baliagarria izan liteke robotizazioa. Soldatapeko lanpostuetan zein etxeko lanetan. Baina horretaz ez da hitz egiten. Esaten den moduan, azpiegitura teknologikoa, hardwarea eta softwarea behar ditugu, eta horiek herritarrentzat, komunitatearentzat erabiltzen baditugu, hobeto bizitzeko erabil liteke digitalizazioa.

Botere politikoetan ez da horren aldeko zantzurik sumatzen.

Alternatiba batzuk sortzen ari dira ekonomia sozial eraldatzailearen inguruan, udalerri eta eskualdeetan. Bai Jaurlaritza, bai Nafarroako Gobernua interpelatu behar ditugu bide honetan urratsak eman ditzaten, indarrak metatu eta mobilizatu behar dugu, baina beraien erabaki edo pausoen zain egon gabe, tokian-tokian alternatibak sortzen joan gaitezke. Manifestu honetan eta antolakuntza honetan ekonomia sozial eraldatzaileko sarea dago, Olatukoop, eta haren barruan Teks sortu da, teknologia burujabetzaren inguruan dabiltzan kooperatiben sarea. Beraz, gauza bat da agintariek egin dezaketena edo egin nahi dutena, eta beste bat beharbada munizipalismotik, sindikalismotik eta ekonomia sozial eraldatzailetik zerbait sortzen joan daitekeena. Eredu txikiak izan daitezke, baina benetan egin daitekeela erakusten dutenak. Software librearen antzera, ez? Badago, badabil eta badaude produktuak Googlek egiten dituenak bezain onak, hain ezagunak ez badira ere. Digitalizazioaren aitzakian datozen kaleratzeei eta prekarizazioari ere aurre egin diete H&M-ko langileek 50 eguneko greba eginez eta irabazi dute. Horiek dira alternatiba badela erakusten duten adibideak, nahiz eta txikiak izan.

Besterik nabarmenduko zenuke?

Esaten digute digitalizazioa ere klima aldaketarako eta trantsizio ekologikorako oso onuragarria izango dela, baina ingurumenaren ikuspegitik ere kezka eragiten du. Digitala berdea balitz bezala saltzen dute, hodeia, dena etereoa balitz bezala, baina datu horiek, produktu horiek, makina horiek guztiak egin egin behar dira, energia asko kontsumitzen dute, kutsagarriak dira, agortzen ari diren material arraroak behar dituzte… Bizi! mugimenduak ere sinatu du manifestua eta halako artikulu bat idatzi du, manifestuan zeharka aipatzen zena, digitalizazioak klima aldaketan eta ingurumenean duen eragina, gehiago nabarmentzeko, nahi dugun digitalizazioak hori ondo kontuan hartzeko.

Kezkak, galderak. Ea asmatzen dugun alternatiba eraikitzen. Guk erabakitzeko herritarren zerbitzura dagoen digitalizazioa.