NAIZ

Bidasoa eta Anaitasuna lotsarik gabe eta sendo neurtuko dira Puente Genil eta Cangasekin

Gipuzkoarrek eta nafarrek euren bolada bikainari jarraipena eman nahi diote, Asobal Ligako sailkapeneko goiko postuetan mantendu ahal izateko.

Bidasoa-Irunek, kanpoan, eta Anaitasunak, etxean, partida zailak dituzte aurretik larunbat honetan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Bidasoa-Irunek, kanpoan, eta Anaitasunak, etxean, partida zailak dituzte aurretik larunbat honetan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Bidasoa-Irunen denboraldia ezin dugu jada ezusteko bezala hartu. Asobal Ligara bueltatu zenetik, urte batzuk daramatza goiko postuetan lehiatzen eta ‘beste’ Ligako onena izan da azken denboraldietan, Barçaren atzetik. Helvetia Anaitasunaren urtea, berriz, errebelazio bezala har dezakegu. Bosgarren postuan finkatuta dago talde nafarra, oso joko eta sentsazio onak eskainiz.

Larunbat honetan partida konplikatuak dituzte bi euskal taldeek. Bigarren postuan sailkatuta dagoen Bidasoa-Irunek Angel Ximenez Puente Genili –seigarren da, bi puntu gutxiagorekin– bisita egingo dion bitartean (13.00, LaLigaSports TV), Helvetia Anaitasunak zortzigarren sailkatua den Frigorificos Morrazo hartuko du Iruñean (19.00), nafarrak baino puntu bat gutxiagorekin.

Gipuzkoarrak txipa aldatu beharrean daude berriro ere. Asteartean EHF Kopan lehen garaipena eskuratu ondoren, Asobal Ligako bigarren postuari eutsi nahi diote orain Jacobo Cuetararen jokalariek. Ligan, azken bost partidetatik lau irabazita iritsiko da Bidasoa-Irun hitzordu honetara: Viveros Herol Balonmano Nava (25-31), Balonmano Logroño La Rioja (31-29), Unicaja Banco Sinfin (28-25) eta Balonmano Iberoquinoa Antequera (16-23) taldeen aurka irabazi zuen eta Abanca Ademar Leonen (34-25) kontra galdu zuen.

Larunbat honetan aurkari izango duen taldeak guztiz kontrako ibilbidea darama: azken bost partidetatik hiru galdu ditu, beste bat berdindu eta bakarra irabazi. Hala ere, andaluziarrak ondo sailkatuta daude, gehienbat Liga hasieran lortutako hiru garaipen jarraiengatik.

Bidasoa-Irunek behetik gorantz daraman ibilbideari jarraipena eman nahiko dio. Jacobo Cuetara entrenatzaileak atarikoan aitortu zuenez, bere jokalariak «gero eta erritmo gehiagorekin» ikusten ditu. Faktore hau beti oso albiste ona da irundarrentzat, oso talde azkarra baita jokoan.

«Goraka doaz, lehiaketako erritmoa hartzen ari dira eta euren joko mailan eboluzionatzen daude», azpimarratu zuen asturiarrak.

Larunbat honetako aurkariari buruz ere mintzatu zen. «Oso momentu onean dago, nahiz eta azken emaitzak ez diren batere onak izan. Hala ere, badakigu oso pista zailean jokatuko dugula, partida askotan bizi izan baitugu hori, eta aurrean oso joko ona egiten duen talde handia izango dugula. Badakigu nahiko zaila izango dela», adierazi zuen.

«Talde fisikoa da, indibidualki oso indartsua eta kanpoko jaurtiketa askokoa», gaineratu zuen Cuetarak. Gainera, Puente Genilen «defentsa gogorra eta sendoa» azpimarratu zituen.

Anaitasunak gehiago nahi du

Angel Ximenez Puente Genil taldea moralki baju egotearen erruduna Helvetia Anaitasuna da. Iruindarrek 36-23 irabazi zieten andaluziarrei Ligako azken partidan Ander Izquierdoren hamar golei esker, beste gauzen arten. Nafarrek oso bolada onari jarraipena eman zieten bi puntu horiekin, eta larunbat honetan gehiago nahiko dute Frigorificos Morrazo Iruñean hartuz.

Liga hasiera kaskarraren ostean –emaitzen aldetik, gehienbat–, Quique Dominguezen taldeak olatu ona hartu duela dirudi eta lau garaipen eta berdinketa bat daramatzate azken bost jardunaldietan.

Anaitasunako entrenatzaileak «erritmo handia eta defentsa sutsua» eskatu die bere jokalariei Frigorificos Morrazoren aurkako partidan, «ahalik eta erosoen aritzeko».

«Ez dugu joko modeloa aldatuko, baina hitzordura Cangas ondo ezagututa iritsi eta aurreko partidetan egindako gauzak hobetzen saiatuko gara, oraindik hobetu behar diren aspektuak baititugu», azaldu du Anaitasunako prestatzaileak.

Talde nafarra denboraldiko errebelazioetako bat da. Horren erakusle dira bere defentsa gogorra eta segurua. Erasoan, gainera, determinazio handiz aritu eta goraka beldurrik gabe joaten den taldea da.

Baina bihar, geldiketei dagokienez, Ligako atezainik onenaren aurka arituko dira. Aurrean Javi Diaz egongo da, zeinek 81 geldiketa daramatzan denboraldi honetan. Bere taldea, gainera, Benidormen aurka garaipenaren bidea berreskuratu zuen eta talde gogorra izango da.

Hori bai, behin Liga hasierako hiru porrotak ahaztuta, edozein talderi aurre egiteko prest da talde nafarra, eta horregatik, larunbatean irabaziz gero, hiru puntura aldenduko lukete Frigorificos Morrazo.