NAIZ

Elías Amezaga idazle oparoa omenduko du Getxok bere mendeurrenean

Elias Amezaga idazle omenduko du Getxo herriak gaur ostiralean 19.00etan egingo den ekitaldian. Oteiza eta Basterretxearen laguna, ia genero guztiak biltzen dituen bibliografia oparoa gauzatu zuen Amezagak. Ekitaldean, bere bizitza eta obra gogoraraziko dira.

Elias Amezaga 1997 urtean. (Carmen ASENSIO / GETXOKO UDALA)
Elias Amezaga 1997 urtean. (Carmen ASENSIO / GETXOKO UDALA)

Gaur ostiralean Getxoko Udalak Elías Amézaga idazleari egingo dion omenaldia hartuko du Muxikebarrik. 19.00etan hasiko den ekitaldian, egilearen bizitza eta ibilbidea errepasatuko dira, besteak beste, ‘Euskal egileak’ lan luzearen autorea, eta bertoko koru eta dantza taldeak, eta arte eszenikoen izen ezagunek ere parte hartuko dute Amezaga oroitzeko.

Olatz Ganboa eta Asier Hormazaren irakurketa dramatizatuak, Biotz Alai eta Ondarreta abesbatzen musika emanaldiak, Danco konpainiaren koreografiak, ikus-entzunezko hainbat pieza eta idazlearen idazkari izan zen Abraham de Amézaga bere ilobak aukeratu eta moldatutako testuen bidez, idazle emankorraren ibilbidea berrikusi eta bere ondare luzea ezagutzera emango da. Abuztuaren 9an bere mendeurrena osatu zen eta, hau dela eta, Naizek bere ibilbidea gogorarazi zuen.

Elías Amézaga Bilbon jaio zen 1921ean, Juan Crisóstomo de Arriaga konpositorearekin lotutako familia baten baitan. Bilboko Merkataritza Eskolan eta Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen, eta zuzenbidean lizentziatu zen Oviedoko unibertsitatean. Ez zuen inoiz lanbide hori jarraitu, letren munduan aritu baitzen buru-belarri, eta ia genero guztiak hartzen zituen esparru horretan: dramaturgia, saiakera, eleberria, biografia, kronika eta kazetaritza-artikuluak, besteak beste.

Bere lanetan –horietako asko Getxoko dorretxean idatzita– ez zion gai bati ere uko egin, eta beti erakutsi zuen interes handia gai eta pertsonaia eztabaidagarriekiko. Jarrera horren ondorioz, 25 urte baino gehiago ikerketan eman ondoren argitaratu zen lan erraldoi bati ekin zion: ‘Euskal Egileak’ (1984-1996). Bio-bibliografia zehatz horretan 12.000 autore baino gehiagori buruz idazten du. Lan horren handitasunak euskal idazleei buruz gehien idatzi duen egilea bihurtu zuen.

2008. urtean Getxon hil zen Elias Amezaga, 62 liburu, 35 obra kolektibo, 19 antzezlan, 10 itzulpen eta egokitzapen, 100 hitzaurre, 200 hitzaldi eta txosten, 700 artikulu eta 1.000 erreferentzia eta ekarpen biltzen dituen lan amaigabea utzita. 2005ean Manuel Lekuona Saria jaso zuen, Eusko Ikaskuntzak emana, eta orain Getxoko Udalak, omenaldiaren bitartez, bere ibilbidea ekarriko du gogora.

Ekitaldian zehar, egilearen izena eta obra zabaltzeko egindako film labur dokumentalaren pasarte batzuk proiektatuko dira. Lan hori ‘Getxoko izen handiak’ izeneko bildumaren parte izango da eta Getxoko kultura arloarekin zerikusia duten pertsonaia ezagunak oroituko dira.