Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

‘Ihes baten lausoa’ poema liburuan oroimen ariketa bat proposatu du Hasier Larretxeak

Mina eta poza batera doaz bidean, isilago batzuetan, ageriago besteetan. Argi-izpiek beti zeharkatzen dituzte esku ahurretako marra guztiak. Marra horietako bakoitza bide bat da, harri tanta bat, galdera bat, enborraren biribil bakoitza. Geografia horietan arakatu du Hasier Larretxea Gortarik.

Hasier Larretxea, bere poema liburu berria aurkezten, Donostian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Hasier Larretxea, bere poema liburu berria aurkezten, Donostian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Hasier Larretxea Gortariren poema liburu berria, ‘Ihes baten lausoa’ (Balea Zuria), poeta baten prozesu baten isla da. Lehendabiziko atalean duela hamar urteko poemak ageri dira; hurrengo kapituluetan, aldiz, denboran hurbilago daudenak. Hor badago solasaldi bat, norbanakoaren prozesu pertsonaletik abiatzen dena. Erran daiteke garai ezberdinetan sortutako poemek beren denbora eta lekua aurkitu dutela obra honetan.

Hala adierazi du 1982an Arraiozen jaio zen idazleak ostiral honetan Donostiako Udal Liburutegian emandako prentsaurrekoan. Idazleak eskutik heltzen digu hagitz ongi ezagutzen duen geografia literario batean murgil gaitezen. Geografia horren inguruko oroimen ariketa bat egiten du. Iraganari aurrez aurre begira jartzen da, eta bere lorratzak bilatzen ditu basoan.

«Hitza/ harresien haustura/ berri bat baino ez da/ esanahiek lurra baino lehenagoko/ haizeari heltzen asmatzen badute./ Bizitza/ bide ertzei eusten jakitea da», dio poema batek.

Berradiskidetze edo itzultze bat

Balea Zuria argitaletxeko editoreak erran duen bezala, ‘Ihes baten lausoa’ obran bada berradiskidetze bat, itzultze bat, gogoratze bat, samin puntu batekin batzuetan. Arraioztarraren lanean ardatz nagusi bat baldin badago, hori bazterrera itzultzea da. Zauriak sendatzeko balio dio horrek, bertzeak bertze.

Larunbatean, Donamariako Bentan aurkeztuko du liburua, 19.00etan, Patxi Larretxea aitak lagunduta.

Edizio prozesu «aberasgarria»

«Opari bat» da idazlearentzat poesia argitaratzea, eta poza ematen dio Balea Zuria bezalako argitaletxe baten presentziak.

Liburua editatzeko prozesua «zinez aberasgarria» izan dela aitortu du. Ilustratzaileari bere ekarpena eskertu nahi dio. Liburua irakurri ondotik sortu du azala, eta asmatu du lanaren «arima islatzen». Ahanztura, memoria eta iraganaren inguruko gogoeta agertzen dira. Sinbolismoa, esentzia, negua, lurra presente daude.

«Joera izan dut eraikuntza nahiko konplexuak egiteko poesian, eta irakaspen ederra izan da edizio prozesua», adierazi du Larretxeak.

Joan-etorriko bidean

Euskaraz argitaratzea itzulera bide bat ere izan da poetarentzat. Badira 15 urte Madrilen bizi dela eta ilusio berezia egin dio liburuaren bidez sorterrira itzultzeak. Joan-etorriko bidean ibiltzen da.

Azaldu duenez, distantziak perspektiba hartzen lagundu izan dio, eta pertsonalki eta idazle bezala ere bere bilaketa egiten.

Lehendabiziko poemetan, liburuaren lehen atalean, heldulekuen bilaketa bat dagoela azaldu du. Bertan, «belaunaldien eta genealogiaren zama» sumatzen da.

Liburuan musika garrantzitsua dela ere aipatu du. «Nik ez dut musikarik gabe idazten. Islandiako musikari baten kantuarekin hasten da liburua, eta egile hori presente dago liburu osoan, bertze aunitzen artean».

Lehenbiziko ataletik aitzin liburua handitzen joaten da. Lehen ataleko poemen hotzarekin alderatuta bigarren atalean su bat aurkitzen du sortzaileak. Kontatu duenez, Euskalerria Irratian kolaborazio bat egin zuen bolada batez, eta ariketa horri esker etorri ziren poema hauek. Finak dira, ez dira lehen atalekoak bezain bortitzak edo dentsoak.

Hirugarren kapitulua berezia da. «Atalik zirkularrena eta argitsuena da. Irudi eta argazki sekuentzia batetik abiatuta idatzita daude poemak. Herriko istorioak eta familia daude: ama, senarra… Argazkien bidez gogoeta egiten dut zer den oroitzea: errealitateari atxikia den, edo bizipenen araberakoa. Josteta bat dago, argitze bat», deskribatu du.