NAIZ

Sozializazioak etxerik gabeko pertsonen osasuna hobetzen du, EHUren ikerketa baten arabera

Etxerik gabeko pertsonen osasunaren pertzepzioan eragiten duten aldagaiak aztertu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa batek. EAEn, 2.800 pertsona inguru bizi dira egoitza-bazterkeria larrian.

Etxerik gabeko bi pertsona, Donostian lotan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Etxerik gabeko bi pertsona, Donostian lotan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Psikologia Ebolutiboaren eta Hezkuntzaren Psikologia Sailean egindako ikerketa batek nabarmendu du garrantzitsua dela pertsonen arteko harremanak garatzea, etxerik gabeko pertsonen osasunaren pertzepzioa hobetzeko. Gainera, eguneko zentroak elikadurarako eta higienerako ez ezik, gizarte-harremanak eraikitzeko ere erabiltzea proposatzen du.

Etxerik eza, azaldu dutenez, «arazo konplexua» da, eta «egiturazko faktoreek eragin dezakete, hala nola gizarte eta osasun sistema eskasek edo desegokiek, etxebizitza eskuraezinek edota banakako faktoreek, hala nola osasun eta pobrezia arazoek edo buru-nahasteek». Gaur egun, etxerik gabeko 700.000 pertsona baino gehiago bizi dira Europan, eta datozen urteetan goranzko joera izatea espero da. EAEn, 2.800 pertsona inguru bizi dira egoitza bazterkeria larrian.

Etxebizitzarik gabeko pertsonen osasuna hautematean eragina izan zezaketen zenbait aldagai aztertzea izan zen lan honen helburua: aldagai pertsonalak, hala nola, sexua edo egoitza-bazterkeria larrian dagoen pertsona batek kalean daraman denbora; pertsonen arteko aldagaiak, hala nola familiakoekin edo eguna bakarrik edo norbaitekin batera igarotzen duten; eta, azkenik, gizarte-zerbitzuen eragina (eguneko zentroak, osasun-zentroak eta abar) osasunaren pertzepzioan.

Horretarako, «Informazio eta Ikerketa Sozialeko Zerbitzuak (SIIS) eman dizkigun datuak erabili ditugu, 2018an EAEn egoitza-bazterkeria larrian zeuden pertsonen egoerari buruzko IV. Azterlaneko datuak, hain zuzen. Euskal Autonomia Erkidegoa da estatu espainiarrean etxe-gabekeriarekin konpromiso handiena duen erkidegoetako bat, eta bi urtez behingo azterketak egin ditu 2012az geroztik. Landa-lana bi ekintza izan ziren: batetik, gaueko kontaketa, eta, bestetik, eguneko zentroetan egindako elkarrizketak», dio Igor Esnaola Echanizek, EHUko Psikologia Ebolutiboko eta Hezkuntza Psikologia Ebolutiboko Saileko ikertzaileak.

Igor Esnaola EHUko ikertzailea bere bulegoan. (Nagore IRAOLA/EHU)

Ikerketa honen emaitzek erakusten dute sexua ez dagoela oso lotuta kolektibo horren osasunarekin. Hala ere, kalean emandako denborak eragin nabarmena izan du; hau da, zenbat eta denbora gehiago eman etxerik gabeko pertsona batek, orduan eta okerragoa da haren osasunari buruz duen pertzepzioa. Luzaroan etxerik ez izatea osasunaren pertzepzio txarrari lotuta dago bereziki.

Lan honen bigarren helburua pertsonen arteko harreman batzuen eragina aztertzea zen (familia, lagunak...). «Aldagai horren ondorioak a priori espero zenari dagozkio. Familiarekin harremana izatea, noizbehinka bada ere, etxerik gabe dagoenean norberaren osasuna modu positiboagoan hautematen laguntzen du. Era berean, espero da eguna bakarrik pasatzen duen norbaitek beti izango duela osasunaz pertzepzio okerragoa eguna lagunartean igarotzen duenak baino», gogoratu du ikertzaileak.

Harremanak eraiki edo berreraiki

Emaitzek erakusten dute, halaber, osasun-zentroen eta buru-osasuneko zerbitzuen erabilera lotuta dagoela osasunaren pertzepzio okerragoarekin. Hau da, «etxerik gabeko pertsonek bi zentroak erabiltzen badituzte, beren osasuna ez dela nahi bezain ona esan nahi du», erantsi du.

Azkenik, «eguneko zentroak erabiltzeak eragin positiboa du pertsona horien osasunaren pertzepzioan. Hau da, eguneko zentroak erabiltzen dituzten pertsonek, non sozializatzeko, hitz egiteko edo zerbaitetan jolasteko aukera duten, hobeto hautematen dute beren osasuna», esan du lanaren egileak.