NAIZ

Legebiltzarkideen ordezkaritza bat, Ipar Euskal Herrian hedabideen egoeraren berri hartzeko

Gasteizko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordeko zenbait kidek Ipar Euskal Herrian igaro dute ostirala, eguna euskaraz lan egiten duten hainbat ikus-entzunezko hedabide bisitatuz.

Legebiltzarkideak, Pantxika Maitiarekin, Kanaldude telebistaren egoitzan, Bidarrain.
Legebiltzarkideak, Pantxika Maitiarekin, Kanaldude telebistaren egoitzan, Bidarrain. (@@PVasco_EuskoL)

Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean jarduten duten hautetsiz osaturiko ordezkaritza bat Ipar Euskal Herrian izanen da ostiral honetan, Gasteizko Legebiltzarrak bere webaren bidez jakinarazi duenez.

Azaldu duenez, horixe izan da bisitaren helburua: euskararen lurraldeko ikus-entzunezko komunikabideen jarduna ezagutzea, EITBk egiten duen lanaz harago.

Hala, Euskal Irratiak, Kanaldude telebista eta Mediabask-Kazeta hedabideen egoitzetan hartu du hitzordua EAJ, EH Bildu eta PSE alderdietako legiltzarkidez osaturiko ordezkaritzak.

Goizean goiz Gasteiztik furgonetaz abiatu dira Jasone Agirre (EH Bildu), Irune Zuluaga (EAJ), Rebeka Ubera (EH Bildu), Alberto Alonso (PSE) eta Mikel Arruabarrena (EAJ), baita Zelai Nikolas legegilea ere.

Euskal Irratiak

Lehen hitzordua Donibane Garazin ezarria zuten 10.30ean. Euskal Irratiak federazioko hainbat ordezkariekin bilera egin dute, tartean Ttitto Betbeder Euskal Irratien sareko koordinatzaile nagusiarekin.

1997an sortu zen Euskal Irratiak elkartea. Tokiko euskal irratiak batzen dituen federazioak lau kide dauzka gaur egun: Antxeta irratia (Hendaia), Gure Irratia, Irulegiko irratia eta Xiberoko Botza.

Donibane Garazitik Bidarraira joan da delegazioa, zehazki Kanaldude Telebistak duen egoitzan antolatu baita bigarren lan bilera. Tokiko ikus-entzunezkoen arloan toki inportantea du Nafarroa Beherean plantaturik den telebista parte-hartzaileak. Haren izenean Pantxika Maitiak egin dio harrera delegazioari.

Urruñan amaitu dute gaurko bisita legebiltzarkideek, Urruñako Hedagunean hain zuzen ere. Han baitute egoitza Mediabask eta Kazeta.eus hedabideak. Bertan legebiltzarkideek. Goizeder Taberna erredaktore burua eta Haize Goñi diruzaina izan dituzte solaskide.

NAIZ plataformako kideak

NAIZ plataforma digitalaren baitan jarduten du Mediabaskek, beste hainbat hedabiderekin batera erakusleiho hori partekatuz.

Horietako batzuk paperezko argitalpen bat ere badute. Hala, Mediabask berak astekaria argitaratzen du, ostegunero. Atari berean ikusgai dira GARA egunkaria, 7K igandekaria edo GAUR8 astekaria. Beste hedabide batzuek ikus-entzunezko emisioa zabaltzen dute (NAIZ Irratia eta 11TB). Azkenik, Kazeta.eus euskarazko digitalak eta NAIZek eskaintza bermatzen dute internet sarearen bidez.

Ipar Euskal Herrian gehienetan euskaraz jarduten duten hedabideen ibilbidea, egoera eta egitasmoak ezagutzeko parada eskaini duen bisita baliaturik gonbidapena luzatu dute legebiltzarkideek.

Euskal Elkagoko Euskara arduraduna eta Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) lehendakaria den Antton Kurutxarriri gonbidapena luzatu diote kultura batzordearen aurrean hitza hartzeko, hain zuzen Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideen sostenguz erakundeek garatzen duten lana azaltzeko.