Alessandro Ruta

Steven Bradburyren miraria

Australiarrak urrezko domina irabazi zuen 1.000 metroko abiadura patinajean. 2002an kolkoratu zuen domina, «Neguko Olinpiar Jokoetako ezustekorik handiena» beteta. Egia esan, sinestezina izan zen eta bizitzako ikasgai moduan har dezakegu australiarraren garaipen hura. 

Steven Bradbury helmugaratzen.
Steven Bradbury helmugaratzen. (OLYMPICS.COM)

1980ko “Zezen basati” filmean Jake La Motta boxeolariak Sugar Ray Robinsoni honako hau adierazi zion borroka galdu eta gero: «Ezin izan nauzu lurrera bota, zutik geratu naiz». 

Sekulako jipoia jaso zuen La Mottak, aurpegia odolez blai, baina Robert De Nirok interpretatzen duen pertsonaiak uste du irabazi egin duela. Jake La Motta, hain zuzen ere, bere garaian famatua izan zen ez baitzen inoiz lurrera joaten. 

Tarteka nahikoa da zutik geratzea, batez ere besteak ezin dutenean. Helburu hori lortu ondoren, dena errezagoa izan daiteke, baita urrezko domina bat irabaztea ere. Hau da Steven Bradbury australiarrari gertatu zitzaiona, 2002ko Salt Lake City-ko Neguko Olinpiar Jokoetan. 

Bradbury, podiumaren gorenean. (OLYMPICS.COM)

Zenbait istripu

Irudia, benetan absurdoa izan zen: lau gizonen erorketa, oreka errekuperatzen saiatzen daudela, eta beste bat, bosgarren parte-hartzailea, bakar-bakarrik, helmuga zeharkatzen. Sinestu ezin duen lehendabizikoa bera da, Steven Bradbury, 1.000 metroko Short Track abiadura patinajearen urrezko dominaren irabazle berria. 

Australiarraren izena ez zen ezezaguna, beste urrezko domina bat irabazita baitzeukan, 5.000 metroko erreleboan, 1991ko Munduko Txapelketan, Sidney-en jokaturikoa, etxean. Naganoko 1994ko Negu Olinpiar Jokuetan, modalitate berean, brontzezko domina kolkoratu zuen. 

Handik aurrera bere errendimendua nabarmen jaitsi zen, istripu oso larri batzuk jasan ondoren. Esate baterako, 1994an, Kanadan lasterketa batean lehiatzen, beste patinatzaile batek, nahigabe, kontrola galdu zuen eta patinaren xaflaz Bradburyri izter bat ireki zion.

Minutu batean zehar arteria batetik ia odol guztia atera zitzaion australiarrari baina, konortea galdu ordez, eutsi egin behar zuela esan zion bere buruari.  Oso gaztea zen oraindik, baina kolpe hori oso latza izan zen, Bradburyk “Last man standing” liburu autobiografikoan azaldu zuen bezala. 

111 puntu jaso behar izan zuen zauria ondo ixteko eta errekuperatzea ez zen erraza ian. Hori gutxi balitz, beste istripu larria izan zuen 1998an: kasu hartan berak kontrola galdu zuen, entrenamendu batea, eta bi orno kaltetu zituen. 

Forrest Gump

2002an, Salt Lake City-ko Neguko Olinpiar Jokoetan, Bradbury ez zegoen faboritoen artean. 5.000 metroko errelebo proba utzi ondoren, pista motzean banakako 1.000 metroko abiadura patinajean lehiatu zen. Olinpiar Jokoetarako sailkatzea ez zen hain zaila izan, Australian eta, oro har, Ozeanian ez dagoelako hainbesteko lehia kirol diziplina honetan. 

Salt Lake City-ko lasterketa hartan urrezko dominerako hautagaiak beste hiruzpalau patinatzaile ziren; besteak beste, Fabio Carta italiarra, Kim Dong Sung hegokorearra –1998an urrezko domina irabazitakoa–, baina batez ere Marc Gagnon Kanadiarra eta etxeko idolo Apolo Ohno estatubatuarra.  

Dena den, Pierre de Courbertin Olinpiar Jokoen sortzaileak aipatzen zuen bezala, «garrantsitsuena parte hartzea» da eta Bradbury han zegoen, parte hartzeko, bere maila erakusteko prest, besterik gabe. 

Hori dela eta, final-laurdenean hirugarren bukatu ondoren, lasai zegoen. Ezin izan zen finalerdietarako sailkatu baina esperientzia polita izan zen. Gainera, bere azken lasterketa profesionala zen Salt Lake City-koa. 

Baina Forrest Gumpek azaltzen zuen moduan, «bizitza txokolatezko bonboi-kutxa bezalakoa da, inoiz ez dakizu zer gertatuko zaizun». Marc Gagnon Kanadiarrak aurkari bat bultzatu egin zuen, esprintean, eta kanporatua izan zen.  

Beraz, Bradbury hirugarren postutik bigarrenera pasa zen eta hala, finalerdietarako txartela lortu zuen. Bere helburua jada betea zeukan, ez zuen ezer galtzeko. Aurkariak indartsuagoak ziren, baina beharbada zuhurtzia falta izan zitzaien. 

Bradbury, urrezko domina irabazi berritan, prentsari adierazpenak eskaintzen. (OLYMPICS.COM)

Apolo Ohno

Finalerdian, hasiera-hasieratik, sekulako erritmoa jarri zuten, Bradbury atzean, bizpahiru metrora utziz. Azken itzuliaren aurretik Steven azkena zen, nabarmen, baina bat-batean lehen erorikoa iritsi zen, Satou Terao Japoniakoarena. Laugarren postua, jakina, ez zen nahikoa finalerako, eta beste hiruek tarte dezente mantentzen zuten: mirariren bat behar zuen australiarrak. 

Azken bihurgunean, Kim Dong Sung aurreko Olinpiar Jokoetako txapelduna erori eta bolo-jokoa bailitzan, Li Jiajun txinatarra eta Mathieu Turcotte kanadiarra eraman zituen aurretik. Denak lurrera, Steven izan ezik. Beraz poliki poliki Bradburyk helmuga zeharkatu zuen, eta finalerako sailkatu zen Li Jiajun eta Turcottekin batera.  

Beste finalerdian, Apolo Ohnok argi eta garbi aurkariak menderatu zituen, lasterketa oso azkar baten. Antza, finalean borroka bigarren postutik atzera izango zen. 

Aurreko Olinpiar Jokoetako txapeldunak, pista motzeko modalitatean, denak hegokorearrak izan ziren. Australiar bat finalean egotea ezohikoa zen. 1.000 metroko abiadura patinajean ordura arte ez zuen hego-hemisferioko inork irabazi. 

Finalean, lasterketa hasi berritan, Bradburyk zenbait metro galdu zituen. Finalerdiaren errepikapena izango ote zen? Ez, bada, txarragoa, azken itzulira iritsi eta oraindik ez baitzen egon erorikorik. Steven bosgarrena zen, azkena, eta beste lauak parekatuta zeuden, dominengatik borrokan. 

Azken bihurgunean laukoteak oso tarte handia ateratzen zion Bradburyri. Baina, berriro ere, bolo-jokoa itzuli zen pistara. Lehendabizi, Li Jiajun txinatarra erori zen, bere kabuz, deskuidu baten ondorioz; bigarrena lurrera joatean, Ahn Yung Soo hegokorearra izan zen eta honek beste bi eraman zituen aurretik. Steven izan ezik. 

Finalerdian pasatu bezala, bere erritmoa zuhurtziaz mantenduz, motel-motel, helmugaraino iritsi zen, lehen postuan. Finalerdian ez bezala, gainera, gainontzekoek lanak izan zituzten berriro zutik jartzen eta azkenean, Apolo Ohno etxeko izarra helmugaratu zen bigarren postuan. 

Bradburyren garaipenak ezinegona sortu zuen

Steven Bradbury izan zen txapelduna. «Neguko Olinpiar Jokoetako ezustekorik handiena» bezalako lerroburuak irakurri zitezkeen biharamunean. Ohnoren entrenatzaileak, aldiz, ez zeuden hain pozik eta nahiago izan zuten lasterketa berregitea: «Epailea lotsagabea izan da, agerian dago erruduna hegokorearra izan dela eta beste biek ez zutela erremediorik izan».

Apolo Ohno, zilarrezko dominaren irabazlea, Bradbury zoriontzen. (OLYMPICS.COM)

Salt Lake Ice Center pistako harmailetatik hainbat txistu ere entzun ziren. Bertako zaleek ezin zuten onartu Stevenek urrezko domina irabazi izana. Pertsona batek, australiarra podiumerantz zihoala, ia erasotu egin zion. «Kendu zure irribarrea aurpegitik, ez zenuen merezi», leporatu zion. 

Bradbury, aldiz, nahiko lasai zegoen, zorte handia izan zuela jakitun. «Kirolaren legea da hau», esan zuen. 

Nabarmentzea merezi duen beste xehetasun bat da Steven Bradburyk berak egiten zituela patina, eskuz, eta Apolo Ohnok ere erabiltzen zituela bere patinak. Finala lehaitu aurretik australiarra Ohnoren bila joan zen, zera gogorarazteko: “Aizu, irabazten baduzu, gogoratu nire izena aipatzen, jendeak ezagutu nazan». 

Eta bai, jendearen oroimenean ezaguna bilakatu zen Steven Bradbury, baina ez bere patinengatik, baizik eta erdietsi zuen kirol mirariagatik.