Manex Altuna

San Mamesen hauspoa eta zortea lagun, beharrezkoak Real Madril gainditzeko

Lekueren iritziz, Athleticek erakutsi zuen Bernabeun eta San Mamesen jokatutako Ligako partidetan Real Madrili irabazteko gai dela. Atzean sendo egotearekin batera erasoan min egiten saiatuko direla azpimarratu du.

Iñigo Lekue abenduan San Mamesen Real Madrilen kontra jokatutako Liga partiduan.
Iñigo Lekue abenduan San Mamesen Real Madrilen kontra jokatutako Liga partiduan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Athleticek denboraldiko laugarren partida jokatuko du ostegunean Real Madrilen kontra. Abenduan Ligako bi norgehiagoka izan ziren eta urtarrilean Superkopako finala. Talde zuri-gorriak hiru partidak galdu zituen. 1 eta 0 amaitu zen partida Bernabeun, 1 eta 2 San Mamesen eta 2 eta 0 Saudi Arabian.

Iñigo Lekuek Lezaman egindako agerraldian onartu duenez, madrildarrak gehiago izan ziren Superkopan. Atsedenaldiaren aurretik ireki zuen markagailua Modric kroaziarrak eta Benzemak penaltiz egin zuen bigarrena. Zuri-gorriak estutzen saiatu ziren azken minutuetan, baina ez zen modurik egon. Raul Garciak penati bat huts egin zuen.

Bernabeun jokatutako norgehiagokan talde madrildarra nagusi izan zen partida hasieran. Athleticek bizirik irtetea lortu zuen, baina berriro ere Benzemak atsedenaldi aurretik gola egin zuen. Galtzeko ezer ez zeukatela ikusirik, zuri-gorriek pausu bat aurrera egin zuten bigarren zatian eta gol aukera andana sortu zituzten.

Lekuek esan bezala, ez zuten asmatu. San Mamesen ere antzeko zerbait gertatu zitzaien. Benzemak lehen minutuetan bi gol egin zituen eta partida erabakita utzi zuen. Oihan Sancetek aldea murriztea lortu arren, oso zaila izan zen Courtois gainditzea. Real Madrilek eroso jokatzen du atzean sartuta eta defentsan bikain moldatzen dela erakutsi zuen.

Athleticen badakite aurrean izango duten aurkaria Ligako talderik hoberena dela une honetan. Lekuek azaltzen duenez, partida bikaina egin beharko dute. Horrekin batera San Mamesen babesa sentitzea oso garrantzitsua izango da jokalarientzat, baina baita ere zortea lagun izatea.

Deustuko hegaleko jokalariarentzat goian ondo presionatzen asmatu beharko dute. Asko kostatzen zaiela atzetik irtetea igarri dezaten. Hala ere, lortzen badute -Superkopako lehen golean gertatu zen moduan- talde zuri-gorriak atzean eusten jakin beharko du. Guzti horrekin batera, argi dauka Lekuek erasoan gol aukerak sortzen saiatu beharko direla kanporaketa gainditu ahal izateko.

Marcelinok De Marcosen aldeko hautua egin du azken partidetan defentsaren eskuinaldea babesteko. Lekuek ez dio garrantzirik ematen. Indartsu eta jokatzeko prest dagoela nabarmendu zuen eta ez daukala inolako kexarik denboraldian zehar asko jokatu baitu.

Villalibre jokatzeko prest, Benzemaren zain

Unai Vencedor kenduta, badirudi Athleticen gainontzeko futbolari guztiak jokatzeko moduan egongo direla ostegunean San Mamesen. Talde zuri-gorriak sare sozialetan baieztatu duenez, Asier Villalibre deialdian sartu daiteke. Aurrelari gernikarra hiru aldiz lesionatu da denboraldi honetan eta jokatu ezinik zegoen azaroan Levanteren zelaian aritu ostean. Neguko bigarren «fitxaketa» izango da eta Yuri bezala, apurka-apurka joan beharko da taldean sartzen.

Real Madrilen berriz, Mendy lesionatu egin da eta Benzemaren zain jarraitzen dute. Oraindik ez du taldekideekin entrenatu eta azken orduan hartuko dute erabakia.

Dagoeneko gainontzeko jokalariekin entrenatzen ari direnak Marco Asensio eta Carvajal dira. Eder Militao ere itzuli da Brasiletik, txartel bat ikusi ostean ezin izan du selekzioaren bigarren partidan parte hartu. Vinicius, Casemiro eta Rodrygo Bilbon egotea espero da. Egondo ez dena Uruguayrekin ari den Fede Valverde erdilaria izango da.

Bestalde, Gil Manzano izango da Kopako partidako epailea. Bere garaian talde zuri-gorriaren peña bateko kide zela zabaldu zen, baina Athleticen kontra penalti gehien adierazi dituen epailea da. Joan den denboraldiko Ligako partidan Raul Garcia kaleratu zuen Gil Manzanok.