NAIZ

Colby Stevenson, infernu beltzenetik Pekingo zeruan distira egitera

2016an izan zuen auto istripu baten ostean 30 haustura izan zituen kaskezurrean eta sendagileek zalantza handiak zituzten bizi normala egiteko gai izango ote zen. Sei urte beranduago zilarrezko domina lortu du "big air" modalitatean.

Colby Stevenson, Pekingo Olinpiar Jokoetan akrobazioak egiten.
Colby Stevenson, Pekingo Olinpiar Jokoetan akrobazioak egiten. (Manan VATSYAYANA | AFP)

Olinpiar Joko guztiek, uda zein negukoek, izaten dituzte euren istoria berezi edo norberaren mugak gainditzen dituzten kirolarien adibideak. Pekingo 2022koek ezin zuten salbuespena izan eta urrerik zintzilikatu ezin izan badu ere, zilarrarekin konformatu behar izan zuen, Colby Stevenson estatubatuarra joko hauetako izen propioen artean berezienetako bat izango da, ezbairik gabe. Izan ere, kirol emaitzez harago, kirolaria bere pasioa den estilo librean eskiatzen ikuste hutsa bada, berez, nahikoa garaipen.

Mount Hood eski estaziotik etxera bueltan, Idahoko errepide ixil eta ilunenetako batean, Colby Stevensonen bizia errotik aldatu zen, gau beltzean berak gidatutako kotxeak istripu larri bat izan zuenean. Bere ibilbideko unerik gozoenean zen, asteko eskiatzailerik onena izendatu berri zuten, baina 800 kilometro gidatu ostean, nekeak eraginda, bere begiak itxi eta kotxearen kontrola erabat galdu zuen. Alboko eserlekuan zihoan John Michael Fabrizik, –lehiatzen hanka hautsi zuen eta Stevensonek etxera eraman zuen norabide berean zijoaztelako– zorte hobea izan zuen eta apenas izan zuen ondoriorik, baina kotxe gidariaren bizia arriskuan izan zen jazotako kolpeengatik. Denera 30 haustura izan ziren kaskezurrean, sakonena bi bekainen artean eta garunak izandako hanturak bere bizia arrisku bizian jarri zuen. Medikuen lehen diagnostikoa oso ezkorra izan zen, koma egoerara bideratu zuten eta ez zuten erabat sendatuko zenaren inolako ziurtasunik.

Behin begiak irekita, Stevensonen garunak zenbaterainoko kalteak izan zituen zehazteko denbora bati itxaron behar zen eta hasiera horretan, elurretan buruz bera jauzika aritzera itzultzea bigarren edo hirugarren mailako arazoa zen. Amaren egunean gertatu zen istripua, eta Stevenson esnatu zenean, bere ama Carol ikusi zuen ospitaleko ohe ondoan. Barkamena eskatu zion bere garaian sortutako eragozpenengatik. «Hawaiin zen oporretan eta pena pena ematen zidan itzuli izanak», gogoratu zuen. «Une horretan konturatu zen nire familia ni neu nintzela oraindik».


Depresioak jota

Baikortasunak gutxi iraun zion ordea, kanpoko zauriak sendatzen joan ziren arren, barruko oinazeak luzerako jo zuen. Park Cityko (Utah) etxera itzuli zen, egunero hartu behar zituen botikekin eta hantxe hasi zen benetako izua. «Etxera iritsi nintzenean depresio handi bat hartu nuen». Goizetik gauera, eski pistetan sekulako akrobaziak egiteko gai zen kirolariak nekez egin zitzakeen ohetik komunerako osteratxo mingarriak.

Grabitateari desafioka jarraitzearen harrak mantendu zuen Stevenson gaztea bizirik. «Pistetara itzuliko nintzela esan nion nire buruari, ez nuen B planik». Esan eta egin. Bi urte zituenean eskiak lehen aldiz jantzi zituenean bezala, ia zerotik ikasi behar izan zuen, baina trikimailu berriak ikastea «adikzio moduko bat» izan zen Stevensonentzat.

Colby Stevenson, Pekinen lortutako zilarrezko dominarekin. (Sebastien BOZON/AFP)

Istripua gertatu eta bost hilabetera eskien gainean zegoen berriz, hori bai, bertigoa kentzea kosta zitzaion eta lepoko min handiarekin aritu behar izan zuen zenbait hilabetez. «Berriz ere buruz behera jartzeko gai izango nintzen ere ez nuen ziur», adierazi zuen, baina aurrea egin zuen, Zeelanda Berria, eskiak berriz jantzi zitueneko lekua, eta Dolomitak, berriz ere lehiatu zuen leku magikoa, istorio honen beste agertoki garrantzitsuak izan dira, Pekinen bere lehen domina lortu arte.