Ibon Salaberria

Etxeko sua

Bai. Hori ondo dago... Aitaren Etxea behar dugu, nahitaez. Baina, gure izatasunari eusteko, atzerago egin behar dugu, aurrera egiteko... Amaren sua berpiztu behar dugu. Amaren sua!».

Patxi Saez Beloki soziolinguistak jaso zuen Bittor Kapanagak Gabriel Arestiri esandakoa. Arestik, 1963an, idatzi zuen ‘Nire aitaren etxea’. Aitaren etxea fronte askoren gordeleku zen garai hartan. Etxea gotorleku, frankismoaren aurrean. Baina baita ere, nostalgia kutsu batez, norberaren ondasunak gordeko dituen aitatasuna proiektatu zezakeen Arestiren poemak, non etxea aukeratzen duen irudi zentral. Etxe trinkoa imajinatzen dugu, herrialde baten tamainako etxea irudikatzen baitugu.

Amaren sua berpiztuko dut, esan zion Bittor Kanpanagak, sua, amatasuna, baitago etxearen erdigunean. Gontzal Mendibilek jasotzen du Kanpanagak esandakoaren interpretazioa ‘Ahotsak’ Euskal Herriko ahozko ondarearen bilduman. Suaren inguruko bilkurak definitzen gaitu, dio, aitaren etxeak mugak baititu, limiteak definitzen ditu. Suak, ordea, ez du materialtasun finkorik.

Honela da, bai hemen eta baita beste kultura askotan ere. Suaren inguruan sortu zen etxea. Suaren inguruan biltzen zen komunitate batek eman zion lehen etxeari forma. Zer galdu dugu bidean egun ‘fabrikatzen’ ditugun etxeak egitera iristeko?

Etxeen limiteak

Muturrekoa izan da pandemiak gure espazioak bizitzeko moduetan jarri digun ispilua. Etxeak moldatu behar izan ditugu. Moldakorrak izateko pentsatuak ez zeuden etxeen moldeak aldatu ditugu. Eta ohartu gara, modernitateak abiatu eta merkatuak besarkatu zuen etxeak egiteko moduak bere limiteak dituela, aitaren etxearenak alegia. Limiteak, batez ere, espazioek izendapen konkretua dutelako, hots, etxeko pieza bakoitzak aldez aurretik badu zeregin zehatz bat eta hierarkia baten barnean, espazio ‘zerbitzaileek’ –korridoreak– bideratzen gaituzte batetik bestera.

Bada garai zehatz bat non irakur dezakegun nondik zetorren etxearen proiektua eta ikus dezakegun norantz etorri zaigun. XX. mendeko bigarren zatiaren hastapenetan, arkitekturaren mugimendu modernoari lehen kritika justifikatuak egiten zaizkio. Modernitate mekanikoaren zuritasun higienistaren eta internazionalaren aurrean jartzen dira, batik bat, Alison eta Peter Smithson. Haien iritziz, mugimendu modernoak arkitektura modu autonomoan pentsatzen zuen eta ez zuen zaintzen pertsonen egunerokotasuna.

Smithsontarrentzat, identitatea pertenentzia-sentsazioa baino haratago doa. Jarrera horrek serieko eraikuntzaren mugimendu modernoaren obsesioaren eta sistemen eta estiloen nazioartekotzearen aurka egiten du. 1956an, ‘This is Tomorrow’ erakusketan, Smithsontarrek, Nigel Henderson eta Eduardo Paolozzirekin batera, ‘Patio & Pavilion’ instalazioa aurkeztu zuten. Irtenbide tipologiko edo estilo-soluzio bat proposatu beharrean, Smithsontarrek bizilekuaren nortasuna eta oinarrizko beharrak iradokitzen dituen instalazio bat aurkeztu zuten: pabiloi huts bat (zeinuz kargatua), mundu zati bat harrapatzen duen barne-patio batekin. Patioak, hondarrez estalitako eremuak, memorien bilkura irudikatzen du. Peterrek honakoa zioen: «Norbanakoari pertsona gisa errealizatzeko testuinguru bat ematearen arkitektoen lanak eta errealizazio horren faseei seinaleak eta irudiak emateren artisten lanak ekintza bakarrean bat egiten dute, une bakoitzaren inkontzientzia eta itxurazko hutsaltasunez betea, baina baita bizitzaz betea ere».

Eraikin barruko pieza eta funtzio konkretuak baino, aspaldidanik, eraikin barruak paisaiak dira, edota honela pentsatzeko saiakerak agertzen dira. Garai ezberdinetan errekurrentea izan da etxe barnearen moldakortasun gaitasuna. Moldakortasuna, malgutasuna, indefinizioa, anbiguotasuna dira, besteak beste, garaiotan –aurreko batzuetan bezala– arkitekturak darabilkien ideia edo erronkak. Zeren eta zer momentutan bilakatu zen etxea lanetik bueltan jasotzen gaituen babesgune soila?

Kapanagak aipatu zuen sua, elementu sinboliko gisa ulertuta, berpizten duen eta mugarri izan daitekeen proiektua da Marta Peris eta Jose Toral arkitektoek egin berri dutena Cornellan.

Sua da zentroa, gaurko sua sukaldea dela ulertzen badugu. Etxeko pieza guztiak dira berdinak, arruntak. Edozein funtzio jaso ahal izateko kapazak dira, baina sukaldearen inguruan jartzen dira pieza moldakor horiek. Arkitektoek defendatzen duten bezala, etxea, baita ere, paseatzeko espazio bat –paisaia bat– izan daiteke eta eraiki dituzten etxeetan, batetik bestera, betiere sukaldea zeharkatzen da.

Elkarrizketa batean zioten aldaketa garrantzitsua dela gela jakin batzuen nagusitasuna ezabatzea, esate baterako, egongelarena, lehendabizi tximiniaren inguruan jartzen zena; telebistaren inguruko bilkura ondoren, dagoeneko zentzurik ez duen zerbait da haien ustez: «Egongelak espazio pribilegiatu gisa duen nagusitasunaren aurrean, nahiago dugu hari metroak lapurtu eta gelei eman, ez indibidualagoak izateko, baizik eta erabilera-malgutasun handiagoa emateko eta bertan gauza gehiago gerta daitezen; izan ere, jarduera batzuk isilean egin behar dira, eta beste batzuk beste pertsona baten ondoan».