NAIZ

‘Bost teilatu’ film labur bilduma sortu du Udalbiltzak

Euskal Herriko udalerri desberdinetan filmatutako lanak batu dituzte, kohesioa emanez, ‘Bost teilatu’ 80 minutuko lana sortzeko. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimenerako sortutako dira jatorrian orain elkarrekin aurkezten dizkigutenak.

‘Bost teilatu’ osatzen duten filmetako lantaldeko ordezkariak.
‘Bost teilatu’ osatzen duten filmetako lantaldeko ordezkariak. (UDALBILTZA)

Martxoaren amaieran, Udalbiltzak sustatuta, Geuretik Sortuak ekimenaren baitan bost film laburren aurre estreinaldia egin zuten Leitzan, non horien zuzendari, ekoizte eta lantaldeko beste hainbat langile elkartu ziren. Adabaki ekoiztetxearekin bat egin eta bost lanak muntatu eta euren arteko kohesioa eman diote, 80 minutuko lan bakar batean bilduz, ‘Bost teilatu’. Bere abesti propioa ere badauka, Ibil Bedi taldeak sortua.

Filmak Euskal Herriko bost udalerri ezberdinetan garatu eta filmatutako laburrak biltzen ditu: ‘Krak’ pieza Tafallan egin da, ‘Arnasa’ Hernanin, ‘Hitzak’ Baigorrin, ‘Erlojupekoa’ Galdakaon, eta ‘Muga’ Beran eta Lesakan.

Doluan zentratutako drama fantastikoa da ‘Krak’, Kamikaz kolektiboko Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendua, eurak ere bertan aktore direlarik. Bi bizilagunen arteko konexioa erakusten digu, bakoitzaren etxeko animalien bitartez. Ostera dator ‘Arnasa’ (Kliska filmak), Raul Barrerasek zuzendua Eneko Sagardoy eta Zorion Egileorren antzezpenarekin. Basoan galdutako baserri batean bizi dira aitona eta biloba; azken hau hiritik itzulia lehena bere azken egunetan zaintzeko. Bien arteko konexioa era ederrean azaltzen digu Barrerasek bertan, identitate sexuala ere ardatz.

Josu Martinezen ‘Hitzak’ (Gastibeltzak ekoitzia), zinegileak Baigorrin zuzendutako hirugarren labur historikoa litzateke, kasu honetan ‘Bost teilatu’ bildumaren baitan sartu duena. Hirurogeigarren hamarkadan kokatzen da, eta lurperatutako pospolo kaxetan euskarazko hitzak topatzen dituen Michelle du protagonista, Paristik itzulitako euskalduna. Bira Produkzioak-eko Leire Egañak zuzendutako ‘Erlojupekoa’ dator ondoren, umore absurdoa erabiliz kritika sozial eraginkorra egiten duen laburra: janaria banatzeko misioa duen rider batek (Belako taldeko Lore Nekane Billelabeitia aktore lanetan) bereak eta bi ikusiko ditu helmugara iristeko, Galdakaotik barrena ibiliz.

Azken laburra da ‘Muga’; Eñaut Castagnetek zuzendua eta Gastibeltzak eta Mirokutanak ekoitzia. Kamaru afrikar gazteak Estatu espainoletik frantseserako muga zeharkatu nahi du eta, bien bitartean, mugatik gertuko herri batean, Lesakan, gotortzen da baserritar baten laguntzaz (Kandido Uranga).

Aurre-estreinaldiaren ostean, Leitzako Udalak gonbidatuta, kafea eta txokolatea hartu zuten bertaratu zirenek, lanaz eta esperientziaz solastu bitartean.

‘Bost teilatu’ Geuretik Sortuak-en parte hartu duten udalerrietan egongo da ikusgai apiriletik aurrera. Lehen geltokia Zestoa izan da, apirilaren 2an; bertan Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak euren esperientzia kontatu dutelarik; eta hortik aurrera beste hogeita bost geldialdi izango ditu lan honek, bakoitza zinegile ezberdin baten presentziaz lagunduta.