Jon Ormazabal

Zabaletak garai bateko olagizonek bezala argitu du finalerdietarako bidea, kolpeka

Dariok defentsan meritu handiko partida egin badu ere, ezin izan du etxarrendarraren pilotakaden aurrean askoz gehiago egin (22-14) eta agur esan dio txapelketari.

Jose Javier Zabaletak sekulako pilotakadak jo ditu Legazpin.
Jose Javier Zabaletak sekulako pilotakadak jo ditu Legazpin. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Finalerdiertako ligaxka itxi duen Legazpiko jaialdian Jose Javier Zabaletak Darioren aurka lortutako garaipenak (22-14) asko argitu ditu gauzak finalerdietara begira eta bi multzoetan ere egoera bera da. A multzoan etxarrendarrak eta Jokin Altunak –jokatzerik badu– larunbatean Donostian jokatuko duten partidako irabazleak egingo du, dagoeneko lehen postuan sailkatuta dagoen Ezkurdiarekin batera, aurrera eta B multzoan Laso da sailkatua dagoena eta bestea igandean Bilbon Jaka eta Artolak jokatuko duten lehian gailentzen denak.

Urola errekaren alboan eraikitako burdin olek pisu erabakigarria izan dute Legazpiko historian, ezaguna da oso Mirandaolakoa eta inguruarekin bat egiteko edo, XV.mendean burnia moldeatzeko erabiltzen zuten mailu izugarriaren pare aritu Jose Javier Zabaleta Darioren defentsa lan izugarria hankaz gora bota eta garaipena eskuratzeko. Txapelketari agur esan badio ere, ezer gutxi esan dakioke errioxarrari, gaur ere partida handia jokatu baitu, pilotalekaua bete duen jendetzak txalo zaparrada handi batekin agurtu ditu biak, baina Zabaleta horrela dagoenean oso zaila da etxarrendarrari aurre egitea.

Lehendabiziko sakeetan gauza arraroren bat egin badu ere, seian eragin dio boteari, Zabaletak oso partida serioa eta txukuna jokatu du, gauzak txukun egin eta joko klasikoarekin aurkaria frontisetik urrun mantenduz. Egia da aurreko astean Ezkurdiak boleaz eta deseroso aritzera behartu zuela, Dariok ez du horretarako gaitasunik eta nafarrak zuzen jokatzeko aukera izan du eta berak agindu du partidako zatirik handienean.

Jo eta baztertu

Atzelarien artean izaten dira batzuk pilota atzeratzen dutenak eta beste batzuk, kolpe gutxiagorekin, pilota paretera baztertzen saiatzen direnak, baina Zabaleta biak egiteko gai denez, zertarako aukeratzen hasi? Jo eta baztertu, biak egin ditu bikain atzelari nafarrak eta Darioren ahaleginak txalogarriak bezain antzuak suertatu dira, nahiz eta zaleek asko gozatu duten.

Bezperan aipatzen genuen eta sakeak zeresan handia izan du gaurkoan, biek min handia egin diote elkarri, bosna sake, baina azkenerako piloteoan nagusitzea izan da partidaren giltza eta horretan Zabaleta oso nagusi izan da. 12-6 atzetik joan ostean, Dariok izan du bere meomentutxoa, 12-10 gerturaatu baita, baina Zabaletak sotamano izugarri batekin lortu du sakea berreskuratu eta aldeak berriro handitzea.

Azkenerako partida gogortu bada ere, Zabaleta oso nagusi izan da piloteoan eta merezita lortu du garaipena.

FITXA TEKNIKOA:

Zabaleta: 22

Dario: 14

Pilotakadak: 254. Iraupena: 58,30 minutu. Markagailua: 2-0, 2-3, 9-3, 9-6, 12-6, 12-10, 16-10, 16-11, 18-11, 18-13, 20-13, 20-14, 22-14.  Sakeak: 5 (falta 1) Zabaletak eta 5 Dariok. Egindako tantoak: 12 Zabaletak eta 5 Dariok. Galdutakoak: 3 Zabaletak eta 5 Dariok. Gorabeherak: Legazpiko Urbeltz pilotalekua goraino bete da bertakofestetako egun handian. Fermin Escudero aritu da Zabaletaren botilero lanetan eta Asier Gómez bere anaia Dariorekin.