NAIZ

Dariok, eskuko minez, eta Lasok, sorbaldako minez, ez dute jokatuko asteburu honetan

Larunbat honetan Ezkurdiaren aurka jokatu beharreko partida bertan-behera geratu da Ezcaraykoak eskuetan daukan minagatik. Lasok, bestalde, sorbaldan mina sentitu du eta ez du jokatuko ostiral honetan Rezustaren aurka. Dariok ezinezkoa zuen finalerdietarako txartela lortzea; Laso, sailkatua dago. 

Dariok sasoi betean hasi zuen Buruz Burukoa baina eskuetako minarekin bukatu du.
Dariok sasoi betean hasi zuen Buruz Burukoa baina eskuetako minarekin bukatu du. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Duela astebete Altunari pasa legez, oraingoan Dario izan da eskuetako minarekin bukatu duena. Astearte honetan Legazpin 22-14 galdu zuen Zabaletaren aurka eta biharamunean, Aspek adierazi du eskuetan mina daukala Ezcarayko pilotariak. Hala, asteazken honetarako Labriten aurreikusten zen material aukeraketa bertan behera geratu da bai eta larunbatean Ezkurdiaren aurka jokatu beharreko final-laurdenetako azken partida ere. 

Dariok final-laurdenetako bi partidak galdu ditu, lehen jardunaldian garaipena hurbil izan zuen Altunaren aurka baina azkenean honek markagailua irauli eta porrota jaso zuen Ezcaraykoak. Hurrengo jardunaldian, atzo, astearten jokatutakoan, Zabaleta nagusi izan zen. 

Hala, bi porrotekin eta partida bat jokatzeko, ezinezkoa luke Dariok finalerdietan lekurik egitea. Eskuetako mina dela-eta, bertan behera geratu da larunbatean Labriten jokatu beharreko azken partida eta beraz, Ezkurdiari 22-0 irabazita emango zaio partida, bigarren jardunaldian pasa legez, Altunaren lesioaren ondorioz. 

A multzoan, beraz, Zabaleta eta Altunaren arteko deman erabakiko da finalerdietarako beste txartela –Ezkurdia zuzenean pasako da–. Ostegun honetan probatuko da amezketarra ea asteburuan jokatzeko moduan dagoen ikusteko. 

Laso eta Rezustaren dema, bertan behera

Asteazken honetan Baños de Rio Tobian ostiralean jokatzeko pilota aukeraketa izan dute Unai Lasok eta Beñat Rezustak. Alabaina, Bizkarreta-Gerendiango aurrelariak ez jokatzea erabaki du, sorbaldako mina omen duela-eta.

Izan ere, finalerdietarako sailkatuta dago eta puntuan egotea erabakiko zuen aurrelari nafarrak mesede baino kalte gehiago bakarrik egin diezaiokeen partida bat jokatzea baino. Ondorioz, ezingo du esan Beñat Rezustak ligaxka partidarik irabazi gabe amaitu duenik, 22-0 irabazle joko baitute.