Eibar: Bidaia labur baten amaiera

Armaginak Bigarren mailara itzuliko dira bi urteren bueltan, denboraldi negargarria egin ondoren.

Queralt eta Oshoala, lehian, Eibarrek eta Bartzelonak azaroan Unben jokatutako partidan.
Queralt eta Oshoala, lehian, Eibarrek eta Bartzelonak azaroan Unben jokatutako partidan. (Jon URBE | FOKU)

Epaia aspaldi zegoen idatzita, hain denboraldi negargarriak emaitza bakarra izan zezakeelako, baina igandean ofizialdu zuen Eibarrek jaitsiera matematikoa. Atletico Madrilen kontrako porrotak bi urteko bidaia laburrari amaiera eman zion.

Halakoetan gertatzen den bezala, ez dago armaginen deskalabrua azal dezakeen arrazoi bakarra. Hainbat erabaki txar oinarri –eta agian erabakitzeko patxada ere bai–, zorteak ere ez dio lagundu talde gipuzkoarrari. Eta berak eman ez duen aurrerapausoa gainerakoek eman dute, helburuak garestituz. Emaitza agerian dago: bi urteren buruan Eibar Bigarren mailara itzuliko da, handik nondik irten ahal izango den jakin barik, Lehen mailaren erakargarritasuna handitzen den heinean, bigarrenaren lehiakortasuna ere piztuko baita. Eta, ildo horretan, jauzia nabarmena izango da aurten, Liga profesionala martxan jarriko baita, eta ondorioen artean diru-sarreren gehitzea egongo omen da, CSDk Lehen mailako klubei instalazioak eta baldintzak hobetzeko emango dizkien 32 milioi euroak barne.

Bi hamarkadako ibilbidea

Eibarrek ez du ondo hautatu, beraz, huts egiteko unea. Eta lastima da, bere ibilbideak merezi baitu profesionaltasunak ekarriko duena bezalako sariren bat.

Ez du azken urteotako «modak» bultzatu klub gipuzkoarra emakumezkoen atala sortzera. 2003an heldu zen akordio batera Eibartarrak-ekin, Eibar-Eibartarrak taldea sortzeko; izan ere, lau urte lehenago Superkopa irabazi zuen talde zuri-beltzak ezin zien emakumezkoen futbolaren garapenak ekarri zituen exijentziei aurre egin. 2009an klubaren egituran guztiz integratu zuen, bi urte iraungo zuen  Superliga berriak elitean lehiatzeko eskaini zion aukera aprobetxatuz.

Asmakizun haren amaierarekin Bigarren mailara itzuli zen eta beherago ere jaitsiko zen, 2020an Lehen mailara igo arte. Bidean, apustua sendotu eta lehen taldea indartzeaz gain, egitura oso bat landu du. Egun, bost talde federatu ditu –lehen taldea, aurten Euskal Liga irabazi duen filiala, igoera lortuz; Ohorezko mailan, Kadeteetan eta Haurretan–, beteranoen taldea ere badu eta Futbol Eskolan 35 neskato daude.

Aldaketak

Piramide horren puntak kolpe latza jaso du. Udak, agian, pistaren bat eman zuen. Ion Zabaleta Kirol zuzendariak kluba utzi zuen eta, ezustean, Eibarrek ez zuen Iker Dorronsorok zuzendutako talde teknikoaren kontratua berritu (lehen mailara igotzea eta lehen mailari eustea lortu zuen honek). Ana Junyentek hartu zuen lekukoa. «Barça estiloaren» aldekoa anbizio handiko diskurtsoarekin heldu zen, baina ezin izan du inoiz  emaitzetan islatu.

Taldearen osaerak ere zalantzak sortu zituen. Jokalari gutxiago zituen, futbolari garrantzitsuek alde egin zuten eta haien hutsuneak betetzean oreka falta sumatu zen, batez ere defentsa lerroa ahulduz.

Liga ezin hobeto hasi zuen Eibarrek, Sevillari irabaziz, baina laster okertu zen bidea eta lehen itzulia hamaika porrotekin amaitu zuen. Gabonetan puntu bakarreko aldea zuen jaitsiera postuekiko.

Konponbidea teknikari aldaketa bazen, hori omen zen unea. Baina klubak jokalariak ekarri bai –Carmen Alvarez eta Natalie Muth etorri eta Sara Navarro irten zen–, baina 25. jardunaldira arte itxaron zuen Junyent kargugabetu eta Jordi Ferron fitxatzeko. Ikusi denez, beranduegi, jausialdia gelditzeko.

Agurrak Anoetan, Lezaman eta Unben

Lehen mailako azken jardunaldia jokatuko da igandean. Oso partida bereziak hartuko dituzte Anoetak, Lezamak eta Unbek 12.00etatik aurrerak denboraldia agurtzeko.

Eszenatokia bera da albiste Realak eta Alavesek jokatuko duten derbian, Reale Arenak hartuko baitu neurketa. Jaia borobila izango dela aurreikus daiteke, derbia izateaz gain, talde biek bete dituztelako dagoeneko beren helburuak; donostiarrak historiako Ligarik onena eginez, lehen aldiz azpitxapelketa eta Europarako txartela lortu dute, eta gasteiztarrek mailari erraz eutsi diote elitean eman duten lehen urtean.

Agurrak izango dira protagonista Lezaman Athleticen eta Valentziaren arteko partidan, azkena izango baita Erikarentzat eta Vanesa Gimbertentzat futbol profesionalean.

Eibarrek, berriz, mailari esango dio agur, edo gero arte, Unben, Valentziaren aurkako partidarekin.

LABURREAN

Igoera. Urrats erabakigarria eman dezake Osasunak igandean Lehen mailara igotzeko. Lezaman berdindu ostean bigarren postura jaitsi da, baina Espanyol liderrak igandean bi puntuko abantailaz Sadar bisitatuko duenez (12.00), garaipenak lehen postura itzuliko lituzke gorritxoak, denboraldia amaitzeko bi jardunaldiren faltan. Athletic B-k ere borrokan segitu beharko du, lasaitasuna gertu izan arren jaitsieratik lau puntura jarraitzen baitu. Larunbatean azpitik duen Parquesol bisitatuko du.

Kopa. Gaur zozketatuko dira maiatzaren 24an eta 25ean jokatuko diren finalerdiak. Esaterako, Alcorconeko Santo Domingo zelaian 29an lehiatuko den finala eta Alcorconek eta Eibarrek egun berean jokatuko duten gizonezkoen 2. mailako azken jardunaldiko partida.

Ingalaterra. Manchester United-i irabazi (4-2) zion Chelseak azken jardunaldian, WSLko titulua hirugarren urtez jarraian eskuratzeko. Puntu bakarrera amaitu zuen Arsenalek eta Txapeldunen Liga –Realaren kanporaketa bertan hasiko da– jokatuko du, Manchester Cityk bezala.

Alemania. Wolfsburgok ez zuen huts egin eta Essen jipoituz (1-5) Bundesligako txapelduna bilakatu zen zazpigarren aldiz. Lekukoa eman dion Bayernek bigarren postuan amaituko du –Realarekin egongo da Championsen– eta Turbinek, Eintrachtek eta Hoffenheimek azken jardunaldian erabakiko dute nor den Alemaniako hirugarren ordezkaria Txapeldunen Ligan.

Italia. Azken jardunaldia jokatzeko dago oraindik, baina Juventusek bere bosgarren Liga jarraian eskuratu du. Romak bigarren postuan amaitu eta Txapeldunen Ligan debutatuko du.

Portugal. 2017an sortu, 2019an Lehen mailara igo eta 2022an bigarren Liga jarraian irabazi du Benficak.

AEB. Nort Carolina Couragek Washington Spirit gainditu zuen etxean jokatutako finalean (2-1), NWSL Challenge Cuparen hirugarren edizioa eskuratzeko.