Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Bidasoa-Irun eta Anaitasuna: azken hatsa eman, helburu gorenak bete arte

Gipuzkoarrei, datorren ekainean jokatuko den Asobal Kopaz gain, bigarren postua lortzeko –Barçaren atzetik geratzeko– borrokatzea «besterik» ez zaie falta. Nafarrek, ordea, iazko hamargarren postua hobetzeko erronkarekin ekingo diete azken hiru jardunaldiei.

Bidasoa-Irunek eta Helvetia Anaitasunak ahalik eta goren amaitu nahi dute Asobal Ligan eta horretarako hiru jardunaldi dituzte aurrean.
Bidasoa-Irunek eta Helvetia Anaitasunak ahalik eta goren amaitu nahi dute Asobal Ligan eta horretarako hiru jardunaldi dituzte aurrean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Asobal Ligak urte batzuk pasatu zituen, duela ez hainbeste, euskal talde bakarra zuela eskubaloiko maila gorenean. Anaitasuna. Europa mailan txapeldun izan ostean, irregulartasunaren bidea hartu zuen Bidasoa-Irunek, Ohorezko B Mailaren eta Asobalen artean “igogailuarena” egiten. 2016ko ekainean berriro ere Estatu espainiarreko talde onenen artean sartu zen, eta baita mantendu ere. Tartean Arrate eta San Antonio desagertu ziren. Egun, Anaitasuna eta Bidasoa beste 14 talderekin batera daude Asobalen, eta Barça ahalguztidunagatik ez balitz, irundarren ibilbidea bere garairik onenen parekoa izaten ari dela esaten ausartuko ginateke.

2018ko azaroaren 25ean presidentea aldatu zuten. Hogei urteren ondoren –azken 16ak Jose Angel Soduperekin–, hauteskundeak egin eta Gurutz Aginagaldek irabazi zuen. Denboraldi horretan, Bidasoa bigarren geratu zen; 2019-2020an laugarren sailkatu zen; 2020-2021ean bigarren geratu zen berriro ere eta aurten postu hori lortzeko borrokan dabil beste behin, nahiz eta Europarako txartela eskuratuta duen dagoeneko eta ekainean jokatuko den Asobal Kopan ezustea eman nahi duen.

Azken urte hauetan klubak asmatu egin du fitxatzeekin eta aurten, gainera, agian meritu gehiago izan dezake bere denboraldiak. Jokalari beterano garrantzitsu batzuk lesionatuta egon diren tartean, jokalari gazteek bikain erantzun dute. Esaterako, Rodrigo Salinas txiletarra, Jon Azkue eta Kauldi Odriozolaren hutsuneak oso ondo bete dituzte Eneko Furundarenak, Gorka Nietok, Julen Mujikak eta Julen Urruzolak.

Datorren urteari begira, Gurutz Aginagaldek eta bere ondokoek lanen parte handi bat osatu dute. Izan ere, taldeko jokalari garrantzitsu eta eskarmentudunak 2023ra arte berrituta, Xoan Ledo eta Jose Manuel Sierra atezainek utziko duten hutsuneak bete dituzte dagoeneko. Jakib Skrzyniarz poloniarra eta Mehdi Harbaoui frantziarra fitxatu dituzte dagoeneko postu horretarako.

Baina taldeak lehenago bigarren amaitu nahi du denboraldia. Hori bai, ez dago bere esku bakarrik: irabazteaz gain, Asobal Kopan lehen aurkaria izango duen Granollersek huts egitea ere behar dute irundarrek.

Jacobo Cuetararen jokalariek 8. jardunaldian eskuratu zuten bigarren postua. Ondoren, 11. jardunalditik 16.eraino, 3 puntuko aldea ateratzen zioten Granollersi, baina hurrengo partidetan bien artean aritu dira, Barçaren atzetik, ‘beste’ Liga horretako lidergoan txandakatzen. Tartean bien arteko lehia ere bizi izan da –iragan apirilaren 30ean–, garaipena gipuzkoarrek lortuta, baina azken jardunaldian Granollersek ezkerretik aurreratu du Bidasoa eta katalanen esku dago bigarren postu hori.

Datozen hiru jardunaldietan Bidasoak sufritzen dabilen Valladolid jasoko du –gaur, 12.00etan–, Huesca irregularrari bisita egingo dio hilaren 21ean (17.00) eta Liga Artalekun itxiko du, hilaren 29an (17.00), laugarren den Benidormen kontra.

Anaitasuna, salbazioaz harago

Anaitasuna bederatzigarren dago. Jokoan dauden sei puntuak kontuan hartuta, dena irabazita  –eta aurkariek dena galduta, noski– bosgarren posturaino igo liteke. Iruindarrei Ademar Leon aurkari zuzenari bisita egitea (gaur, 20.00etan), bosgarren den Logroño jasotzea (hilaren 21ean) eta jaitsiera pauso batera  duen Navaren pistan jokatzea (hilaren 29an) geratzen zaie.

Anaitasunaren denboraldia, emaitza aldetik behintzat, irregular doa. Lehen jardunaldian Bidasoaren aurkako derbia gol bakar bategatik galdu zuen (26-25), eta hurrengo beste bi partidetan porrota jaso zuen. Hala ere, burua altxatu eta lau garaipen eta berdinketa bat lortu zituen hurrengo bost jardunaldietan; sailkapen nagusiko bosgarren postura igo zen hala.

Bigarren itzulian sailkapeneko erdi-beheko postuak asko estutu dira. Pentsa, matematikoki gaur bertan lor dezakete salbazioa Quique Dominguezenek, baina talde honek gorago begiratu nahi du hurrengo urtean taldea utziko duen Ander Izquierdok zapore onarekin esan diezaion agur taldeari.

Helvetia Anaitasuna eboluzio prozesuan sartu zen 2017-2018aren amaieran, Juanto Apezetxeak taldea utzi zuenean. 2015eko azaroan iritsi zen Iruñera eta taldeak gora egin zuen berarekin. Urte hartan zazpigarren amaitu zuen Ligan; 2016-2017an, bosgarren sailkatu zen, eta 2017-2018an seigarren izan zen, erregulartasuna erakutsiz. Ordutik hona, nafarrek lortu duten posturik onena hamargarrena izan da, eta aurten hobetzea dute helburu, oraindik aukerak badituzte eta.