Jon Ormazabal

Aimar Morgaetxebarria atzelari bizkaitarrak uztailean egingo du debuta Baikorekin

Bere herriko Lagun Onak klubean hazitako zornotzarrak bi urterako kontratua sinatu du Bilboko enpresarekin.

Aimar Morgaetxebarriak gaur sinatu du bere kontratu berria Baikoren egoitzan.
Aimar Morgaetxebarriak gaur sinatu du bere kontratu berria Baikoren egoitzan. (BAIKO PILOTA)

Debutaren eguna zehazteke dagoen arren, Aimar Morgaetxebarria atzelari zornotzarrak uztailean egingo du debuta Baikorekin, enpresak gaur jakinarazi duenez. 20 urteko atzelari gaztea bere herriko Lagun Onak Pelotan Elkartean hazitakoa da eta bi urterako kontratua sinatu du Bilboko enpresarekin.

Baikok berak zabaldutako bideo batean egindako adierazpenetan atzelaria oso eskertuta agertu da enpresak emandako aukerarekin eta azaldu duenez, «lan asko egin dut hona heltzeko eta hau da lan horren emaitza. Oso zaila da hona heltzea baina are eta zailagoa hemen eustea baina ilusio handiarekin nago eta debutaren egunaren zain».

Afizionatuetako bere ibilbidean, Aimar Morgaetxebarriak sona handiko txapelketak irabazi ditu, besteak beste, Zaldibarko Olazar eta Bankoa&DV Hodei Exposito astigartarrarekin finalean Murua eta Irazustabarrenari 22-21 gailenduta.

Zornotzakoak bi beso oso luze ditu eta horri esker pilota asko luzatzen du. Defentsan, gainera,  kantxa asko betetzen du zango arinak dituelako.

23 pilotari

Uztailean Morgaetxebarriak debuta egiten duenean, zornotzarra Baikoren koadroko 23. pilotaria izango da eta azken urteetan ohitura bihurtu da pilotari berri batek debuta egiten duenean beste batek koadroa utzi beharra. Azken hilabeteetan gertatutakoaren arabera, ez litzateke harritzekoa izango Bilboko enpresa utzi beharko duena beste pilotari bizkaitar bat izatea, Mikel Larunbe galdakoztarrari uda honetan amaitzen zaio kontratua eta apenas jokatu dituen zazpi partida urtarriletik hona.