Lur Errekondo, eskubaloitik harria jasotzera jauzi egin duen kirolaria

Lesioen erruz eskubaloia nahi baino gazteago uztekotan zela, harri jasotzen probatzeko aukera suertatu zitzaion Lur Errekondo usurbildarrari orain dela urtebete inguru. Aldaketa oso ohikoa izan ez arren, kirol berria gustatu egin zitzaion hasieratik.

Lur Errekondo, txalekoa jantzita harria jasotzeko prest
Lur Errekondo, txalekoa jantzita harria jasotzeko prest (Aritz LOIOLA | FOKU)

Txikitatik kirol batean aritu eta behin adin batera iritsitakoan beste kirol batera jauzi egitea ez da berez harritzekoa. Baina gutxi izango dira eskubaloitik harri jasotzera salto egin dutenak. Horixe da Lur Errekondo usurbildarraren kasua. Goi mailako eskubaloian urteak eman ostean, lesioek behartuta kirol hori uztea erabaki zuen eta orain harriarekin dabil jo eta su, gustura, Izetaren eskolan.

«Eskubaloia aurten utzi dudala esan liteke, nahiz eta bi urte nabilen jokatu gabe lesioen erruz. Lesioen pisua gainean eraman dut eta esan nuen ‘lixto, iritsi da eskubaloia uzteko ordua’. Errekuperazio asko izan dira eta jada banekien aldatzeko unea laster iritsiko zela. Ebakuntza batetik errekuperatzen ari nintzela, Xabat Olaizolak deitu zidan: Joxe Ramonek komentatu ziola nesken talde bat sortu nahi zutela eta ea animatzen nintzen harri jasotzen proba bat egitera. ‘Konpromisorik gabe’, esan zidan, nahiz eta ondoren konturatu nintzen ez zela horren konpromisorik gabeko zita», azaldu digu barrezka Lur Errekondok.

«Proba egin eta gustatu egin zitzaidan. Uztailaren 10a zen eta juxtu Zarauzko Bi Harri txapelketa tokatzen zen. Harri baldarrarekin aritu ginen eta gustatu egin zitzaidan. Noski, hasieran apur bat kostatu zitzaidan baina gero neurria hartu nion. Ea parte hartzera animatzen nintzen galdetu zidan eta baiezkoa eman nuen, nahiz eta azkenean covida harrapatu nuen eta etxean geratu behar izan nuen. Hor hasi zen dena», gaineratu du 27 urteko usurbildarrak izetatarren harritokian, entrenamendua hasi aurretik eskaini digun elkarrizketan.

Eskubaloi mundua apur bat ezagutzen duenak Usurbil eta Errekondo entzunda azkar egingo du lotura Xabier Mikel Errekondo jokalari ohiarekin, Lurren aitarekin, alegia. Baina ama ere eskubaloian jokatutakoa du gure gaurko protagonistak eta, beraz, txiki-txikitatik bizi izan du kirol hori etxean. Berak ere eskubaloian ibilbide oparoa egiteko osagai guztiak zituen, baina lesioak «oso goiz» hasi ziren zoritxarrez.

«16 urterekin hautsi nuen lehen aldiz belauna eta geroztik gelditu gabe iritsi ziren lesioak. Aurreneko ebakuntza horretatik osatu, urte bat egin eta hurrengoan beste belauna. Errekuperatzen ari nintzela, sorbalda apurtu nuen Bera Berara joan nintzen urtean, juxtu aurreneko partiduan, gainera. Ez zidaten zer zen detektatzen eta sorbalda atera egiten zitzaidala eta minez arrastaka ezkerrarekin gaizki jokatzen bi urte eman nituen. Hirugarren urtean operatu ninduten sorbaldatik, nahiko ongi errekuperatu nintzen eta denboraldi nahiko dezentea egin nuen. Eta berriz ere, 22 urterekin, beste belauna apurtu nuen. Eta hor aldatzea erabaki nuen», zerrendatu du izandako gurutze bidea.

«Bost urte eman nituen Bera Beran, pozik baina denbora guztian lesiotan eroriz, eta ez gainera gauza txikiak. Horrek azkenean atzera egitera behartzen zaitu, eta nire helburua Bera Berara joan nintzenean zen ikustea zer mailatara irits nintekeen, eskubaloian zer eman nezakeen. Baina iritsi zen puntu bat non exijentzia mailak ez zidan konpentsatzen nire osasuna. Orduan erabaki nuen eskubaloia apur bat lasaiago hartu eta Zarautza joatea. Nolabait esatearren, ‘nire ametsak alde horretatik aparkatu egingo ditut eta Zarautz aldera joango naiz’. Baina Zarautzen ere meniskoa apurtu nuen, hiru urte egon nintzen arrastaka eta iaz operatu egin ninduten, urtarrilean. Lotailu gurutzatua ere indartu egin zidaten, gaizki zegoelako, eta hor hasi nintzen harriarekin probatzen».

Esfortzu kontrolatuagoak

Kanpotik begiratuta, harri astunak gorputz gainean ibiltzeak ere ez dirudi oso mesedegarria belaunentzat, baina Lurrek nabarmentzen duenez harriarekin egiten dena oso esfortzu kontrolatua da, eta balizko lesioei begira eskubaloiarekin eta antzeko kirol dinamikoekin zerikusirik ez duena.

«Guztiz desberdina da. Honek ere edukiko du bere arrisku portzentajea lesioak izateko, baina esfortzua askoz kontrolatuagoa da, mugimenduak askoz kontrolatuagoak. Eskubaloia askoz bortitzagoa da, mugimenduak askoz fuerteagoak. Nahiz eta zu indartsu egon, desgaste muskularra handia da, artikulazioek asko sufritzen dute. Zu sasoi betean egonda ere apurtu zaitezke. Niri gertatu zitzaidan eta beste jende askori gertatu zaio. Kontaktuak daude, zure esku ez dauden faktoreek ere baldintzatu dezakete min hartzea, jende gehiagok ere jokatzen duelako… Eta harriarekin hori ikusten dut: mugimenduak kontrolatuagoak direla. Noski, belaunek sufritu dezakete. Nire kasuan bizkarrarekin sufritzen dut gehien eta horregatik lantzen dut gehiago, baina gorputzeko min eta lesio arriskuak askoz gutxiago ikusten ditut eskubaloian baino».

Beste desberdintasun handienetako bat talde kirol batetik bakarkako batera igarotzean egon liteke: «Nik ere baneukan kezka hori. Txikitatik zure bizitza egin duzu talde baten inguruan, asteko ez dakit zenbat egunetan jende asko biltzen duen kirol batean… Azkenean beste familia bat bezalakoa da. Asteburuero ordu pila pasatzen dituzu haiekin, aste tartean ere bai… Iristea leku berri batera non zu bakarrik arituko zaren harriarekin, aldaketa handia da eta nire buruari galdetzen nion: ‘Ea nola eramaten dudan’».

Baina alde horretatik, Izeta Harri Eskolan aritzea abantaila dela dio, beste harri jasotzaileekin harreman oso ona egin duelako hasieratik. «Gustatu zitzaidan, baina banekien nik ere barne lanketa bat egin behar nuela frustrazioei aurre egiteko. Hala ere, egia da taldetxo bat badagoela Izeta Harri-jasotze Eskolan. Ni adibidez Lierni Osarekin hasi nintzen eta gehienetan batera entrenatzen dugu. Txapelketetan ere eskolako jendea egoten da, beste kirolari batzuekin ere egoten zara… Alde horretatik ondo, betetzen nau kirol honek, bakarkakoa da baina beste faktore asko daude inguruan», eskertu du.

Hasiera indartsua

Errekondok urtarrilaren 23an egin zuen lehen agerraldia plazan jendaurrean, Egur Sportek antolatzen duen Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketan. 50 kiloko harriekin aritu zen Berri Maila deitu zioten kategorian, eta Azpeitiko finalera sailkatzea lortu zuen. Martxoaren 6ko finalean Lierni Osa lagun eta entrenamendu kidearekin neurtu zen nor baino nor, eta garaile irten zen bi minutuko hiru txandatan 66 jasoaldi sinatuz: 24 zilindroari, 15 kubikoari eta 27 bolari.

«Adin jakin batekin hasten bazara teknika hartzea zailagoa da, mania batzuk dauzkazulako mugimendu aldetik. Beldurrak ere bai, bizkarrarekin batez ere. Baina esango nuke nahiko azkar hartzen ari naizela, nahiz eta oraindik kostatzen zaidan. Ez naiz maila onenera iritsi, baina azkar hartzen ari naiz. Joxe Ramonen –Izeta, entrenatzailea– azalpenak ere zehatzak dira eta horrek laguntzen du».

Umiltasunez hitz egiten du Lurrek, baina lehen txapelketan garaile irtetea ez dago edonoren esku, eta ikasteko gogoa eta lehiakortasuna soberan dituela argi erakusten du horrek. «Ez dut helburu zehatzik jarri harriarekin, baina ez naiz konformatzen edozerekin. Eskubaloian agian argiago ikusten da maila desberdinak daudela eta beti saiatu izan naiz ahalik eta maila onenera iristen, horretarako entrenatzen nuen. Eta harri jasotzen ere berdin egin nahi dut. Agian ez naiz onena izango, baina onenen artean egotea bai litzateke nire helburua. Ikusiko da lortzen dudan».

Lehen txapelketa hori amaituta, bigarrena ere martxan da jada Lurrentzat. Oraingoan 63 kiloko kubikoarekin eta bolarekin aritu beharko du. «Asko aldatzen da, batez ere teknika aldetik. 50 kiloko harria aise altxatzen duzu, baina 63koarekin komeria gehiago izango dira», esan digu Lurrek, nahiz eta Joxe Ramon bere entrenatzaileak kontrakoa defendatzen duen.

«Harri jasotzearen %50 teknika da. Esaten badidazu harri handiekin ibiltzeko, garai batean perurenatarrak eta ibiltzen ziren bezala, ba kontua aldatu egiten da. Hor mutil handia behar da, indarra ere asko, baina mutiletan ere 150 kilotik beherako harriekin ibiltzeko teknika behar da batez ere. Teknika edukiz gero, indar gutxixeago izanda ere ongi moldatzen zara. Lurri gertatzen zaio adibidez. Teknika horren ondo hartu du, ezen 50 kiloko harria jaso (4 arroa) edo 63koa (5 arroa) ia ez du nabaritzen», azaldu digu Izeta Harri Eskolaren arduradunak.

Joseba Ostolazarekin batera –hark Aian dauka bere eskola–, Urola Kosta inguruan harri jasotzeak izan duen gorakadaren meritua berari eman behar zaio. Harro jakinarazi digu 20 kirolari dituela bere taldean, 15 mutil eta 5 neska.

Jendeak jendea erakarri

«Nik beti izan dut buruan eskola bat martxan jartzeko ideia. Gogoratzen naiz ni hasi nintzen garaian, 1985 inguruan, harri jasotzen hasi nahi nuela eta ez zegoela ez eskolarik eta ez ezer. Hor ibili nintzen batera eta bestera, eta inork ezin zidan erakutsi. Gainera, gure kirola oso itxia izan da alde horretatik. Ez zen gustatzen besteei erakustea, garai bateko mentalitate horretan. Horregatik, argi neukan nik harriarekin bukatzen nuenean eskola jarriko nuela, nik ikasitakoa besteei erakusteko eta gure kirola aurrera ateratzeko. Azken batean, hor ibili garenok ez badugu hori egiten nork egingo du, ba?», jaurti du galdera Joxe Ramonek.

Hori bai, onartzen du hasieran ez zitzaiola neskentzako kirola iruditzen harri jasotzea. «Niri ez zait inoiz gustatu neskak kirol honetan ibiltzea, bularrarengatik eta abar, iruditzen zitzaidan harria ez zela oso kirol egokia emakumeentzat. Baina gero eta kirol gehiagotan dabiltza neskak, eta niri ere atea jo zidaten iaz Lurrek eta Liernik, proba egiteko prest zeudela esanez. Bi Harri txapelketan emakumeak ere sartzea pentsatu genuen eta halaxe hasi ginen», gogoratu du lehen aldi hura.

Eta orain errealitatea da Egur Sporten azken txapelketan hamaika emakumek eman dutela izena, inoiz ikusi gabeko kopurua. «Lehen kirola egindako neskak dira, eta horrek asko esan nahi du. Kirola egindako neskak beldur gutxiago dauka harriari heltzeko. Indarrez ongi dabiltza, fisikoki ere bai, eta teknika pixka bat ikasiz gero harria jaso egiten dute. Ikusi da txapelketan zer azkar moldatu diren neska hauek maila txukuna emanez», nabarmendu du Izetak.

Lur ere pozik dago “kuadrilla” handitzen ari dela ikusita. «Whatsappeko taldea handitu dugu pixka bat. Hasieran Lierni eta biok hasi ginen, gero Maddi gehitu zen, gu baino gazteagoa, beste bi neska ere bai gero… Ea irauten dugun eta ez den pasoko zerbait bakarrik», eskatu du Errekondok aurrera begira. •