Iraide Ibarrondo

Bizitzaren garestitzearen aurrean aberastasuna banatzea aldarrikatu du Eskubide Sozialen Kartak

Hego Euskal Herriko hiriburu bakoitzak aberastasunaren banaketa aldarrikatzeko, energiarako eskubidea bermatzeko, zerbitzu publikoak defendatzeko eta burujabetzaren alde egiteko manifestazio bana hartu du. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu ditu mobilizazioak.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako manifestazioa Iruñean.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako manifestazioa Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bilboko, Gasteizko, Donostiako eta Iruñeko kaleak bizitzaren garestitze orokorra gaitzesteko aldarrikapenekin bete dira ostegun arratsalde honetan. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu ditu lau mobilizazioak, eta inflazioaren aurrean, kalitatezko zerbitzu publikoak, energiarako eskubidea eta eros ahalmenari eusteko neurriak eskatu dituzte, besteak beste, bertaratutakoek.

Hori horrela, manifestarien eskakizunak sei bloke nagusitan banatu dira: langileen eros ahalmenaren babesa, zerbitzu publikoen defentsa, energiarako eskubidea, babes sistemaren hedapena eta sakontzea, aberastasunaren banaketa eta burujabetza kasu.

‘Bizitza duinak ez du preziorik’ lelopean, herritarren eros ahalmenaren babesa izan da aldarrikapen garrantzitsuenetako bat. Izan ere, Eskubide Sozialen Kartaren bozeramaileak, Marije Etxebarriak, salatu du, agintariek hitzemandakoaren aitzitik, inflazioa ez dela «koiunturala» ezta «Ukrainako gerrak» eragindakoa; baizik eta, inflazioaren jatorria «egiturazkoa» dela.

Bilboko manifestazioa Arriagatik abiatu baino minutu eskas batzuk lehenago eginiko adierazpenetan, Etxebarriak adierazi du, funtsean, aberastasunaren banaketa eskatzen dutela «soldatak, pentsioak eta gizarte prestazioak» defendatzeko.

Hori horrela, iazko inflazioa %6,5ekoa izan zela salatu du Etxebarriak eta aurtengo KPIa (Kontsumorako Prezioen Indizea), jaistetik urrun, %9,8ra iritsi dela. Beraz, honi aurre egiteko xedez, soldaten eguneratzea KPIaren araberakoa izan dadin exijitu dute bai Etxebarriak eta bai Bilboko manifestaziora atxiki diren Bizkaiko Garbikuntza Sektoreko kideek.

Mari Carmen Barriocanalek, Bizkaiko Garbikuntza Sektoreko kideak, pankarta eskuan izan duela, KPIaren igoerak garbikuntzako beharginei suposatzen diena plazaratu du: «Patronalak ez digu inondik inora ere soldata iazko KPIaren arabera, ezta aurreikusten den inflazioaren arabera, egokitzea onartuko. Eros ahalmenaren galera basati bat jasaten ari gara».

«Hitzarmenean beti izan ditugu ehunekoaren igoera eta KPIa eta, orain, [patronalak] defendatzen dutena da sektore zehartua garela, oso ‘bajistak’ garela, enpresek eros ahalmenaren galera erraldoiak dituztela eta, hortaz, ez dutela ez KPIa ez beste ezer igotzeko ahalmenik. Ez ditut enpresen kontuak ikusi, baina ez dut bat beraren itxiera ikusi», salatu du Barriocanalek.

Mugimendu feminista

Mugimendu feminista ere presente egon da mobilizazioetan eta hauek zaintza sistema publikoan eta andreen prekarietatean jarri dute fokua batik bat. Onekako Euskal Emakume Pentsionisten Plataformako Begoña Zorrozuak, esaterako, salatu du beraiek «lana egin baina kotizatu ez duen» belaunaldi batekoak direla eta berezik emakumeen prekarietatea desagerrarazteko atxiki direla manifestaziora.

Era berean, pentsioen sistema publikoa indartzearen garrantziaz ohartarazi eta 1080 euroko gutxieneko pentsioen aldarria gogorarazi du Zorrozuak. Amanda Verrone, Mujeres del Mundo plataformako kidea, ere Bilboko mobilizazioan izan da emakume gazteen eta migratzaileen ezinegona plazaratzeko: «Gure pobretzea eta bizi-baldintzen kaskartzea estrategia bat da langile klasea, eta bereziki emakumeak, desmobilizatzeko. Zentzu horretan, emakume migranteok oztopo gehiago izan ditugu duintasun, hiritartasun eta eskubide sozial osoez gozatzeko».

Era berean, emakume migrante askok, beraien egoera administratibo irregularragatik, lan kontratuen babesik ez dutela gogorarazi du Verronek eta, hortaz, «etengabe txirotzen» ari direla bizitzaren garestitzearen eta XXI.mendeko esklabotasunaren testuinguruan.

Oro har, bai Zorrozuak bai Verronek bat egin dute zaintzen zein zerbitzu sistema publiko eta komunitario baten aldarrian. «Ezin dugu zerbitzuak pribatizatzen jarraitu», deitoratu du Verronek.

Energiarako eskubidea

Energiarako sarbide unibertsala izan da manifestariek mahaigaineratutako beste aferetako bat. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean, Etxebarriak «bidezko trantsizio ekologiko» bat behar dugula jakinarazi du: «Biztanleriaren gero eta zati handiago bat ari da pobrezia energetikoa sufritzen eta arazo larri horren aurrean, garaia da egiturazko neurriak hartzeko eta produktu energetikoen prezioak mugatzeko».

Siemens Gamesaren aferari buruz galdetutakoan, Etxebarriak adierazi du egoera «lotsagarria» dela. «Energia eskubidea bermatu behar dela eskatzen dugu, eta horretarako, sektore energetikoaren publifikazioa eskatzen dugu, kontrol publikoa eta soziala eta trantsizio ekologikoa demokratikoki planifikatzeko bide orria behar da», manifestatu du.