NAIZ

Termometroek 42,9 graduko langa gainditu dute Biarritzen, errekorra hautsiz

Igandetik aurrera Euskal Herria zeharkatzen ari den bero olatua arintzen hasiko den arren, termometroek 42,6 gradu baino gehiagoko tenperaturak erregistratu dituzte Biarritzen eta Donostian.

Emakume bat haizemaile batekin Baionan.
Emakume bat haizemaile batekin Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Igandean tenperaturak era nabarian egingo du beherantz Euskal Herrian. Alabaina, termometroek marka historikoak hautsi dituzte zenbait puntutan. Biarritzen, esaterako, inoiz izan den tenperatura altuena jaso dute termometroek: 42,9°C. Donostiarrek 42,6°C-ko tenperaturak jasan behar izan dituzte eta Beran, Foruan eta Baztanen 42°C-ko gehienezko tenperatura erregistratu dute. Donibane Lohizunek ere gertutik jarraitu die, 41,9 °C-rekin.

Termometro bat Donostian, eguzkitan. (NAIZ)
Donostiako Antigua auzoan 41º markatu ditu termometro honek itzaletan. (NAIZ)

Euskal Herriko gainerako hiriburuetan ondokoak izan dira tenperatura maximoak: Bilbon, 39°C; Gasteizen, 38°C; Iruñean, 41°C; Maulen, 37°C; Baionan, 40°C eta Donibane Garazin, 42°C.

Termometro bat Bilbon, eguzkitan. (EUROPA PRESS)
Termometro bat Bilbon, eguzkitan. (EUROPA PRESS)

Dena den, larunbat iluntzean tenperaturak jaisten hasiko dira, horren adibide da arratsaldeko 18.00etan Derion eta Elorrion 22,1°C eta 23,5°C-ko minimoak erregistratu izana, hurrenez hurren. Era berean, Biarritzen eta Donibane Lohizunen tenperaturak bat bateko aldaketak pairatu ditu. Donibane Lohizunen, esaterako, tenperatura 41,6°C-tik 29,3°C-ra jaitsi da 12 minutuko tartean galerna baten ondorioz. Biarritzen ere berdin, giroko tenperaturak 16°C-ko jaitsiera izan du ordu erdian.

Bizkai eta Gipuzkoako kostaldera ere enbata iritsi da, eta tenperaturek nabarmen egin dute behera.

Testuinguru honetan, litekeena da igandean Euskal Herriko zenbait txokotan lainoak eta euri zaparradak egotea. Hala ere, barnealdean termometroak 30°C-ra gerturatuko dira eta, itsasertzean, ostera, ekainean ohikoagoak diren tenperaturak izango dira nagusi, 25°C-ren bueltan ibiliko baitira termometroak.

Bestetik, bero olatu honek suteen hedatzea ahalbidetu du. Nafarroan hainbat herri eta Sendaviva parkeak hustu behar izan dituzte puntu horietan piztutako suteengatik